573 Zenbakia 2011-04-01 / 2011-04-08
Erleak desagertzen ari omen dira. Horixe dio munduan zirkulatzen ari den txosten batek, eta dagoeneko —diotenez— adi jarri dira zenbait estatutako agintariak, halako hondamendia gerta ez dadin. Itxura denez, pestizida neonikotinoideak dira desagerpen etengabearen arrazoia. Auzia ez da txantxetakoa, izan ere erleek egundoko garrantzia dute gure elikadura–katean eta sistema ekologiko integrala arriskutan jar daiteke, ez bada garaiz neurririk hartzen. Argazkia: Zuriñe Velez de Mendizabal.
“Avaaz” (Ahotsa) deritzan elkarteak salatu du erleekin gertatzen ari dena eta kanpaina bat jarri du martxan, AEBk eta EB–ko estatuek pestizida horiek debekatzeko bidea ireki dezaten, berandu baino lehen. Elkartearen web orrian dagoeneko milioi bat pertsona baino gehiagok sinatu dute eskabidea eta erleen aldeko aldarrikapena mundu osoan uzten ari da bere oihartzuna.
Euskal Herriko kulturan garrantzi handia izan dute betidanik erleek. Ezin konta ahala istorio ditugu gure arbasoen bizimodua azaltzen dutenak, antzinako sinesmen eta ohiturekin erlazionatuta. Polita da etnografiako bildumatan erleen gaineko kontakizunak irakurtzea, gazteok nekez ezagutuko dugun mundu baterako zubia baitira. Baserriko nire amonak esan ohi zuenez, euskal gastronomiako aurrenetako postreak ere zerikusirik zuen erleekin, bera konbentzituta baitzegoen gure aurrekoek gatzatu edo mamia jaten zutela jai handietako bazkarietan, hori bai, beti eztiaz gozotua. Eta amonak arrazoia izaten zuen gehienetan!
Erleak protagonista izan ziren iraganeko mundua ez badugu guk bizi izango ere, neurri guztiak hartu behar ditugu biharko gizartean erleek bizirik iraun dezaten, pestizida eta eragozpen prefabrikatu denen gainetik. Hori bai dagoela gure esku eta gaizki egingo genuke behar bezalako neurririk hartu gabe. Erlategiak dituzten lagunengana jo genezake, aurrenik, balizko arriskuaren gain galdetzeko. Eta erleen mundua hobeto ezagutzetik at, erlezainen kezka eta arazoak zeintzuk diren jakiteko baliagarria gertatuko zaigu ariketa. Ondorioz, neurriak hartzea tokatuko litzaiguke.
Multinazionalen gurari aseezina dela–eta, gure ingurua degradatzen ari zaigu neurrigabe. Erleei dagokien hau beste adibide bat da. Katea luzea da, eta norbaitek balazta ipini behar dio erasoari. Adi egon behar dugu lo hartu gabe, gure ahalegin guztiak natura osasuntsu baten aldeko ekintzan jarrita.