572 Zenbakia 2011-03-25 / 2011-04-01

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Ortzi Akizu. (Felix Baltistan Fundazioko kidea): Energia nuklearra ez badugu nahi, kontsumitzeari utzi behar diogu

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Ortzik, beste bost euskaldunekin batera, Pakistanen dihardu lanean; hilabete eta bi hilabete arteko egonaldiak burutzen ditu lurralde hartan Felix Baltistan Fundazioarekin. Energia berriztagarrien alorrean buru–belarri sartuta dagoen gazte gipuzkoarra da, eta berarekin mintzatu gura izan dugu, bai bertako esperientziaren berri emateko, baita mundu mailako energia iturrien joeren gainean mintzatzeko ere.

Jasangarritasunaren alorrean lan ugari egin duzu dagoeneko.

Beti interesatu zaidan gaia da. Mexiko aldean eguzki energiaren gaineko lanak egin genituen, esaterako. Gero, Teknalia ikerketa zentroan, ibilgailu elektrikoak garatzen aritu nintzen lantaldearekin; kargatzeko sistemaren prototipoa egitea izan genuen xede orduan, batez ere, Euskal Herriko elektrizitate sarean mota horretako ibilgailuak nola sartu zitezkeen begiratuz. Egun aurrera doa proiektua, eta ikerketa taldeak prototipoa hobetzen jarraitzen du.

Ikerketa hori burutzen urtebete igaro nuen ordenagailu aurrean, eta erabaki nuen ez nuela nire bizitza horrela pasatu nahi, lana utzi eta Felix Baltistan Fundaziora joan nintzen ideia batzuk besapean hartuta. Hala, energia berriztagarriek Pakistanen izan zezaketen etorkizuna ikertzea proposatu nien, eta hori aztertzen aritu gara. Argazkia: Ortzi Akizu

Eta zer nolako helburuekin abiatu zinen lurralde haietara?

Batez ere hiru genituen. Labea, ur beroa eta albertxiko lehorgailuak eguzki indarraren bidez ibiltzea. Gainera, meteorologiako estazio bi ipintzea eta hala, bailarako puntu ezberdinetan energia berriztagarriek zer–nolako potentziala izan zezaketen aztertu eta eguzkiaz gainera, zer nolako baliabideak egon zitezkeen ikustea izan genuen xede, dela haizea, tenperatura, plubiometria...

Guzti horretan zentratu ginen lehenengo, eta hiru prototipo ezberdin burutu eta martxan ipini dira dagoeneko. Eguzki–labea Bartzelonatik eraman genuen, eta ikusi dugu funtzionatzen duela; bestalde, ur–beroaren prototipoa hemengo biztanleekin burutu genuen, eta albertxiko lehorgailuak ere hemen diseinatu genituen.

Felix Baltistan Fundazioa aipatu dugunez gero, hitz egiguzu bertan burutzen den lanaz.

Fundazioaren lema Elkartasunean mendia bide da eta batez ere mendizale eta sherpen arteko laguntasunari esker sortu zen. Agian gehien ezagutzen diren izenak Iñurrategi anaienak ditugu, baina makina bat mendizale dira fundazioaren oinarria; denen esfortzua beharrezkoa da. Gaur egun boluntario ugari ari da proiektu ezberdinetan parte hartzen, mendia aitzakia polita izan da kooperazioan elkarlanean hasteko.

Eta gainera, Baltistaneko biztanleen laguntza eta lana ere badago. Ezen ezin baitugu ahaztu beraiek ere igotzen direla mendira, nahiz eta lanean dauden eta akaso ez daukaten horrenbesteko oihartzunik. Eta esan genezake mendiko espedizio hauetan sortu zela fundazioa. Euskal mendizaleak eta sherpak ohartu ziren elkarbizitza horretan injustizia batzuk zeudela bai osasunari, higieneari, elikadurari edota familien bizi itxaropenari zegokienez esaterako, eta desberdintasun horiek ikusita erabaki zen elkarlanean hastea egoera aldatzeko asmoz. Argazkia: Ortzi Akizu Hala, 1999an eskalada eskola bat ireki zuten, eta 2001ean Felix Iñurrategi hil zenean fundazioa izen bat hartzen hasi, eta garapenerako proiektua konkretuak burutzeari ekin zion. Gero, plan orokor bat diseinatu da bertako biztanleekin batera, giza garapena helburu dugularik proiektu ezberdinetan lan egiteko: hezkuntza, azpiegiturak, nekazaritza, emakumeen alorra, osasuna, ekoturismoa ... Garrantzitsua da esatea, proiektuak ez direla modu indibidual batetan burutzen, denon artean eramaten baitira. Giza garapena ardatz duten benetako egitasmoek kolektibitatea dute ezaugarri nagusia.

Gainera, edozein proiektu aurrera eramateko lehenik eta behin herrian komite bat sortzen da, eta bertan herritarren iritziak islatu behar dira, eta indibidualismoa indarra galtzen joaten da ondorioz.

Horren harira, oker ez banago, Pakistan aldean hainbat gazte zaudete proiektu ezberdinak aurrera eramaten.

Halaxe da, bai. Azken bidaia honetan Talis herria berreraikitzen ari gara. Lantaldean gazte ugari gaude: Araitz Bizkarrak topografia lanetan dihardu eta Nadet Lamarain arkitektura karrera amaierako proiektua burutzen ari da. Horrez gainera gurekin Jose Maria Pamo DYAko bolondres gisa eta Koldo Telleria arkitekto eta EHUko irakaslea ditugu lagun.

Nolako lekua aurkitu zenuen Pakistanera iritsi zinenean?

Aurrenekoz ailegatu nintzenean ezusteko handia eraman nuen. Egia da aurretik Mexiko eta Saharan ibilia nintzela antzerako proiektuekin, baina Pakistan guztiz ezberdina da, beste mundu bat.

Alde batetik, erlijioa oso barneratuta daukate; bestetik, baliabideak lortzeko orduan, konturatzen zara Karakorum mendietan galduta zaudela. Gainera, beste erritmo bat daramate —daramagu— hemen, eta bilatzen diren xedeak ere bestelakoak dira. Polikiago doa guztia, baina bizitzaren erritmoa errespetatuz!

Baliabideak urriagoak izanda, pentsa genezake leku aproposa dela energia berriztagarriak ezartzeko?

Zalantzarik ez, eta bi arrazoirengatik gainera. Alde batetik beharra dute ez dagoelako beste mediorik, baina gainera tokia bera oso aproposa da horretarako. Pentsa, lanean gabiltzan bailara 3.000 metrotara dago eta eguzkiak indar askoz gehiago dauka; adibide moduan, Sevillan metro karratuko 900 watt egon litezke, eta hemen 1200 watt. Orduan, baliabideak badaude, aprobetxatzen jakin behar da. Argazkia: Ortzi Akizu

Halere proiektuak egikaritzeko oztopo handia eduki duzue, 2010ean egundoko uholdeak egon baitziren zonaldean...

Bai, 2009an proiektu teorikoarekin hasi ginen, eta Pakistanera 2010eko apirilean etorri nintzen aurrenekoz fundazioko beste kide batzuekin batera, bi hilabete egin genituen eta oso ongi joan zen momentu hartan. Aldiz, abuztuan herrialde hontara itzuli ginenean uholdeak eman ziren, denera 2000 hildako eta 20 miloi pertsona etxe gabe geratu zirelarik. Bidaia horretan Guillermo Maceiras lankidea eta ni hiriburuan harrapatu gintuen.

Aste beteko bidaiaren ostean gure bailarara igotzea lortu genuen, pentsatuz 3000 metroko altueran egonda ez zela ezer gertatuko, ura horra goraino ezin delako iritsi. Baina beste fenomeno bat gertatu zen, errekek oso ordu gutxian beren tamaina ehun aldiz handitu zutela, eta beraz, inguruko etxe guziak harrapatu zituen urak. Alboko herrian 13 pertsona hil eta beste 250 etxe gabe geratu ziren, lurrak suntsituta...

Ondorioz, planak aldatu behar izan genituen, eta 38 etxebizitza egin eta ahal den neurrian errekaren aldamenean prebentzio–horma bat eraikitzea lehentasun bilakatu ziren.

Hondamendi bat bestearen atzetik; azkena Japon aldeko lurrikara eta ondorengo tsunamia... Energia iturrien gaineko eztabaida pizteko balio izan du.

Eusko Ikaskuntzak Bai + 5 izeneko foro bat dauka, energiako talde bat dago bertan, Gorka Bueno da koordinatzailea, eta hor ari gara energia mailan Euskal Herriko etorkizuna zein izango den begiratzen. Duela gutxira arte bazegoen energia nuklearraren alde zegoen jendea, eta orain Japonian eman den alarma nuklearrari begiratuz, ez dakit ohartuko ote ziren daukan arriskuaz.

Eta aukera ezberdinak ere badaudela jakin behar dugu, benetan jasangarriak eta kontuan hartzekoak direnak. Noski, gure kontsumo ohiturak eta baloreak ere aldatu beharko genituzke lehenik, benetako aldaketa bat nahi badugu. Argazkia: Ortzi Akizu

Eta nola ikusten duzu epe motzera energia iturrien mapamundia?

Kontsumitzeari utzi behar diogula esanez hasi beharko ginateke. Ez da jasangarria daukagun kontsumo maila, eta berez ongizaterik ekartzen ez digun kontsumo hori utziz gero, agian arazoa konpondu daiteke. Bestela egoera nahiko grisa izango litzateke.

Baina askotan inkoherentziak izaten ditugu, denok baitaukagu ordenagailu eramangarri bat, kotxe edo motor bat... Guztiak kontsumoa eragiten du, eta pentsamoldez aldatu eta ohitura berriak hartu beharko genituzke. Halere, derrigortu ezean ez dakit gai izango ote ginatekeen gure kabuz aldatzeko...

Gainera, energia iturriek nolabaiteko dependentzia sortzen dute gugan, petrolioak kasu.

Nahi izanez gero baina, aukerak egon badaude menpekotasun horretatik aldentzeko, baina ezin dugu ahaztu atzetik interes komertzial internazionalak ere badaudela, eta horiek aldatzea ez dago norbanakoaren esku.

Ipini al dizkiozu erronkak zure buruari?

Motzera Fundazioarekin aurrera segitu eta gustuko dudanari tokia ematea daukat xede nagusi. Gainera, Felix Baltistanen hasteko “urtebete sabatiko” bat hartu nuen, eta orain diru–iturriei begiratu beharko diet baita ere, nire buruarekin jasangarria izateko! (barre) Ortzi Akizu (Ezkio–Itsaso, 1983) Ortzi Akizu Gardokik Ingeniaritza Industriala ikasi zuen lehenengo Arrasateko unibertsitatean, eta handik Turin aldera joan zen eta Produktuen Diseinu Jasangarria ikasi zuen. Mexikora bidaiatu eta eguzki–indarra ardatz hartuta lanean aritu zen. Euskal Herrira bueltan Teknalian urtebetez egin zuen lan, eta ondoren Felix Baltistan fundazioan hasi zen, 2009an, eta 2010ean Pakistanera abiatu zen energia berriztagarrien arloko proiektuak garatzeko asmoz.