571 Zenbakia 2011-03-18 / 2011-03-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Aupa umorea!

MENDOZA, Araitz



Umorea behar–beharrezkoa dugu, bizitza–funtzioek osasuntsu iraun dezaten. Horren tamainako egien aurrean ezin da ezertxo ere argudiatu. Egia borobila da. Umorea behar dugu lanerako, umorea deskantsatzeko, umorea jolasteko, umorea sexutan aritzeko, umorea... beste edozein arlotarako. Zaila dela? Noski! Baina ez da ezina. Eta horrekin nahikoa izan beharko genuke, jadanik umore apur batekin gure bizimodua aberastu dezakegula erabat barneratzeko. Argazkia: CC BY – Marcus Bernales

Umorea ez da, bakarrik, telesaio batean ikus daitezkeen umoregile (?) ezagunen ateraldiak. Ezta antzerki obra batean protagonistak konta diezagukeen txistearen algarazko erreakzioa. Ez. Ez da hori bakarrik. Hori ere izan daiteke, baina umorea barne–sentsazio jarraikiak mugatzen du, eta ez da inolako gidoiri jarraitzen dion joera behartua. Areago, tristeziaz ere bizi daiteke berezko egoera umoretsua, instant edo tarte konkretu batean ematen bada. Umorea beharrezko den bezala, tristezia ere gizon–emakumeon bertutea da, eta bizitza–konstantea.

Umorearekin jaiotzen dela diote teoria batzuek eta umorea landu egin behar dela defendatzen dutenak ere badira. Ni azken horietakoa naiz. Umorea bizi egin behar da, nor berarekin batera haz dadin. Eguneroko ariketen artean sartu beharreko diziplina da umorera bultzatzen gaituena, besteekiko jarrera onera eramaten gaituena, eragozpen artifizial eta merkeen gainetik uneoro bizitza dastatzea ahalbidetzen diguna. Berriro diot, ez dela ariketa erraza, ez.

Konturatu al gara zer nolako diferentzia dagoen, lagunarekin ostera bat egitera ateratzen garenean, hura irribarretsu eta kontent egotea edo erraiak sua erretzen ibiliko balitzaio bezala aritzea? Aplika diezaiogun adibidea geure buruari eta izan gaitezen kontziente gizon–emakumeon arteko komunikazio eta bizitzaren zutaberik sendoenetakoa umoreak elikatzen duela. Hori ezik, eraikina lurrera joan daiteke, gutxien uste dugunean.