Euskonews Gaztea
Gaiak: Itsas Ekimenak 2011, aire berri batekin datoz
Surfrider Foundation Europe
Surfrider Foundation Europe elkarteak antolatutako Itsas Ekimenak ekitaldiak bere 16. edizioa ospatuko du, martxoak 24tik 27ra, itsasertzeko ingurumenaren zaintza eta babespena beti ere jomugatzat hartuz. Iazko arrakasta gogoan, berrikuntza ugarirekin datoz 2011ko ITSAS EKIMENAK. Itsas Ekimenak: sentsibilizazio ekimen bat Muskizko Somorrostro kolegioaren ikasleak
Aurten ere, lau egunez mundu osoko hondartza, laku, erreka eta itsas hondoak itsasertza babesteko grina duten hainbat laguntzaile–garbitzailez josiko dira, “uretako hondakinen” arazoa gogoan.
Izan ere, garbiketa horiek kostaldearen aberastasun eta ahultasuna, gure ekintzek ingurumenean dituzten ondorioak eta hondakinen jatorriari buruz gogoetatzeko aukera dira ere.
Itsas Ekimenak ekitaldia hiru helburu nagusitan banatzen da: ahalik eta jende kopuru handiena sentsibilizatu, komunikabideen arreta piztu ureko hondakinen arazoari dagokionez eta Surfrider Foundation Europe elkartearen aldarrikapenak instituzioetaraino zabaldu.
Zenbaki batzuk aipatzearren, 2010.edizioan, 40.000 parte hartzaile izan ziren, hauen artean 7500 ikasle, 34 herrialdetan eta urte osoan zehar 950 garbiketa baino gehiago burutu ziren hondartzetan, lakuetan, erreketan eta itsas hondoetan. Berrikuntza ugari
Urtez urte ekimenari batzen zaizkion parte hartzaileen kopuruan emendatuz doala eta, Surfrider Foundation elkarteak, aire berri bat eman nahi izan dio ekitaldiari, lau berrikuntza nagusi gehituz.
Bi informazio kanpainek osatuko dute aurtengo Itsas Ekimenen edizioa. Alde batetik, sentsibilizazio kanpaina baten baitan, parte hartzaileek pegatina bat eskuragai izango dute, dendetan plastikozko poltsen erabilpena murrizteko. Dendako jabearekin adostuta, pegatina kaxan itsatsi ahal izango da, eroslea eta saltzailea plastikozko poltsen murrizketari kontzientziarazteko asmoz.
Bestetik, ingurumen kanpaina baten barruan, Surfrider Foundation Europe elkartea burutzen dabilen “bio–euskarriak” izeneko plastikozko zirrindolei buruzko inkestarako laguntza eskatuko zaie parte hartzaileei. Bio–euskarriak 2007.urtetik aurrera atlantikoko fatxadako itsasertzera kantitate handitan iristen diren zirrindolak dira, ur–araztegietan erabiltzen direnak ur erabilien tratamendurako, nekazaritzako elikagaien industrian (ardoa eta edariak, latak, haragia...), paper–fabrikatan, arrain hazkuntzan eta hainbat kruzero–barkutan. Garbiketa bakoitzaren amaieran, parte hartzaileei “bio–euskarriei” buruzko informazioa zehaztea eskatuko zaie.
Garbiketarako materialak itxura pedagogikoa jantziko du aurten. Izan ere, banderola eta zakar poltsek elkartearen mezu pedagogikoak zabalduko dituzte irudi atseginen bidez. Banderola hiru ataletan banatuko da: hondakin jatorria, hondakinek segitzen duten garraioa uraren zikloaren bidez eta hondakinen murrizketa. Zakar poltsetan, uretako hondakinek urpeko biodibertsitatean duten eragin kaltegarria agerian utziko da.
Azkenik, urpeko garbiketei begirada berezi bat eman nahi dio elkarteak. Banderola. Bi ekitaldi nagusi: Getxo eta Donostian
Euskadiko lurraldeari dagokionez, aurten bi ekitaldi nagusi antolatuko dira, bata Bizkaian, bestea Donostian.
Pakea Bizkaia, Mare Fondum, Cabobillano eta RK Abentura–rekin elkarlanean, Surfrider–ek ekitaldi berezia antolatu du Getxon martxoaren 25 eta 26an. Ostirala ikasle eguna izango da. Zaborrak jasotzeaz gain sentsibilizazio hitzaldi baten bitartez, aurkitutakoari eta itsaso eta kostaldeen egoerari buruz hausnarketa egingo da. Larunbatean, publiko zabalari Getxoko hondartza garbitzeko aukera ezberdinak eskainiko zaizkio. Mare Fondum elkarteak urpeko garbiketa burutzeko aukera emango du, Cabobillano eta RK Abentura taldeek berriz piraguak eskuragai jarriko dituzte.
Donostia 2016 taldearekin elkarlanean, programa entretenigarria aurreikusi du Surfrider–ek, martxoaren 24tik 27ra, Donostian; 24 eta 25ean ikasleek hainbat tailer pedagogikotan parte hartzeko aukera izango dute. Cristina Enea fundazioa, Itsas Gela eta Greenpeace Gipuzkoak tailer bana proposatuko dute, itsasertzaren babesa eta ingurumenerako hezkuntza beti ere gogoan. Surfrider–ek ekoiztutako Mendietatik Ozeanora bideoa izango da ikusgai, eta Donostiako hondartzetako batean Itsas Ekimena burutu ahal izango dute ikasleek. Larunbat eta igandean talde, elkarte edota norbanakoak hondartza, laku, erreka edo urpeko garbiketak antolatzera animatzen ditugu.
Denboraz zabiltza zure garbiketa antolatzeko. Izena eman ezazu www.itsasekimenak.org web orrian eta deskarga ezazu Antolatzailearen Gida, zure garbiketaren antolaketa pausoz pauso burutzen laguntzeko. Martxoak 24tik 27ra, anima zaitez!