569 Zenbakia 2011-03-04 / 2011-03-11
“Beharrezkoa ahal zen tranbia Gasteizen?”, hau da gasteiztar askok bere buruari egiten dioten galdera, erantzun bat baino gehiago duena. Batzuk beharrezko dela esaten dute, baina beste batzuk aldiz, ezetz. Tranbia Europako hiri gehienetan kokatuta dago eta hemen bezala, leku gehienetan batzuk alde eta beste batzuk kontra daude. Argazkia: CC BY – Antonio Fiol
Nire ustez, Gasteizen ez zen beharrezkoa tranbia, hiri txiki bat delako eta leku batetik bestera bizikletaz, oinez edo autobusez joateko aukera dagoelako. Badaude pertsona batzuk oraindik ez direnak tranbiara behin ere ez igo; badaude baita ere egunero erabiltzen dutenak eta bere bizimodurako beharrezkoa bihurtu dena. Baina nire iritziz, gauza guztiak bezalaxe, alde on batzuk eta txar batzuk ditu.
Alde onen taldean bereizgarria den alderdi bat azpimarratu behar da: garraiobide ekologikoa dela. Jasaten ari garen aldaketa klimatikoa kontuan hartuta alderdi garrantzitsua da, orain aipatu duguna. Gainera, tranbiak preferentzia handia du autoekin eta autobusekin konparatuz eta hamar minuturo pasatzen da geltoki bakoitzetik. Honen ondorioz, lanera edo beste leku batzuetara denboraz ailegatzeko abantaila ematen du.
Bestetik alde txarrak aurkitzen ditugu eta nire ustez nabarmendu behar den alderdi bat dago: bakarrik Gasteizko auzo jakin batzuetatik igarotzen dela. Eta zergatik ez Gasteizko beste auzoetara? Gainera, aipatu beharra dago, tranbia autobusa baino askoz garestiagoa da.
Laburbilduz, nire ustez gehiago pentsatu izan beharko lukete tranbia eraikitzen hasi baino lehen, hau baino beste irtenbide batzuk daudelako. Adibidez, autobus linea gehiago jartzea, Gasteiz osoan zehar bidegorriak hobetzea... Gainera, irtenbide hauek merkeagoak aterako lirateke eta krisi momentu honetan guztientzako alternatiba merkeenak bilatu behar dira.