568 Zenbakia 2011-02-25 / 2011-03-04
Hamaika gauza iruditzen zaizkit huts–hutsetik harremanak sortzea baino errazagoak. Beste gauza bat da horiei segida ematea, behar bezala zaintzea. Lehen kolpe horretarako zailtasunak eduki izan ditut beti, pertsonen arteko hartu emana munduko gauzarik naturalena izanagatik. Lotsa kontua dela uste dut. Ekintza protokolarioek bere horretan oso urduri jartzen nautela izango da. Lehen solasaldien ondorengo lanak, aldiz, askoz ere samurragoak egiten zaizkit. Hobeto kudeatzen ditut emozioak, modu inkontzientean izan arren.
New Yorkera etortzeko erabakia ere inkontzienteki hartu nuen ia–ia. Hobeto esanda: ez nintzen erabat kontziente. Ez zara konturatzen zure bizimodua eta zure egunerokoa iraultzera zoazela. Hala izango dela argi eta garbi jakingo banu, beharbada ez nintzateke erabaki bat bera ere hartzeko gai izango. Eta horretan ari naiz, ari gara, uneoro.
Esan zidaten New York hiri egokia zela harremanak egiteko. Jende asko ezagutuko nuela. “Mundu guztikoa”. “Begiak irekiko dituzu”. Herrikoen edota lanekoen inpresioak dira, ez pentsa National Geographic–en ale zahar batean irakurritakoak direnik. Hemen bizi direnek ere gauza bera adierazten dizute. Tira egiten badiezu, ordea, ahotsaren tonua apalduko dute zera aitortzeko: “Baina oso zaila da harremanetan sakontzea, zaila lagunak egitea”. Hori entzun izan dudanean, nire abilidadeak hiriaren idiosinkrasiarenarekin kontrajarrita daudela pentsatu izan dut batzuetan. Ez da komeni, ordea, orokorkerietan sinestea, eta, gainera, baten batek hartu beharko du gauzak aldatzeko ardura. Nik? 8 milioi biztanleren artean, nik? Horietako gehienentzat erraza da harremanak egitea, baina zaila egiten zaie hartu–emanetan sakontzea.
Arrazoiak (edo aitzakiak) aski ezagunak dira. Horrela mintzo gara: “Lanpetuta nabil”, “ezin dut gauza guztietara iritsi”, “ez daukat denborarik”, “nekatuta nago”, “beste batean izango da”... Eta New Yorken gehitu iezaiozue distantzia erraldoien arrazoia (edo aitzakia). Ez dut argudio horietan sinesten. Ene ustea da. Apala. Nahi badugu, benetako borondatea baldin badaukagu, beti topatuko dugu txokotxoren bat agenda estu horretan. Eta azaleko harremanei gatz eta piperra botako diegu, hutsaltasun hori nola edo hala betetzeko ahaleginean.
Hemengo errealitateari, gainera, ustez oso baliagarriak zaizkigun gizarte ultra–moderno eta indibidualistaren gailuak gehitu behar dizkiogu. Mugikorren bidezko harremanei buruz zein sare sozialen erabileraz ari natzaizue. Harremanak indargabetzen dituzte, aurrez aurrekoaren graziarik gabekoak dira. Den–denok bulartsu eta harro esaten dugu zerbeza baten bueltan biltzea bezalakorik ez dagoela, baina geroz eta garagardo gutxiago kontsumitzen da, eta ipod, ipad, iphone eta mugikorren salmentek gora egiten dute egunero. Beraz...
New Yorkek badu beste gauza bat. Munduko hiririk ezagunena da, eta, hortaz, den–denok dakigu azkar ibiltzen dela jendea kalean, azkar bizi, azkar jan... Dena azkar. Eta zurrunbilo horretan zaila da harremanetan sakontzea. Baina hemen badaude filma batean bezala bizitzera datozenak, eta beraz, haiek ere harremanei uko egiten diete, azalean geratzen dira kontzienteki edo inkontzienteki. Gidoiak halaxe eskatzen duelako. Hiriak egiten ditu pertsonak, pertsonek hiria beharrean. Taxilariekin alderantzizkoa gertatzen da. Bat Bangladeshekoa, beste Kamerungoa, hirugarrena Bulgariakoa... Hortaz ezin eroagoa da trafikoa. Taxilariek haien gidatzeko modura moldatu dute hiriko trafikoa. Pertsonek, ordea, ez dute horretan pentsatu ere egin nahi. “Hau New York da”, esango dizute, akaso. Nahiago Enric Gonzalez kazetari eta idazlearen definizioa: “New York es una tormenta de almas. Un caudaloso rio humano”.