567 Zenbakia 2011-02-18 / 2011-02-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Etxeko olioa birziklatuz

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Gaurkoan beti interesatu zaidan gai bat ekarri gura dut orri hauetara eta etxeko olioaren gainean zertzelada batzuk konpartitu nahiko nituzke zuekin.

Ez da horrenbeste denbora pasatu olioa sukaldeko harraskatik behera botatzen genuela. Gainera, garai hartan denok jokatzen genuen halaxe, ez zelako beste modurik existitzen, eta gainera, ingurugiroa modu horretan kutsatzea ez zela horren gauza txar bezala ikusten. Eta zergatik ez esan, kontzientzia falta apur bat ere bazegoela gaineratuko nuke.

Gerora, eta zorionez, gauzak aldatzen joan dira, eta hasi ginen neurriak ipintzen automatikoki burutzen genuen eguneroko ekintza horri, eta esan genezake, poliki–poliki gure ohiturak aldatzen joan garela. Udalerri ugaritan soilik puntu jakin batzuetan batzen zen behin eta berriz erabilitako likido hura, eta normalean astean behin eraman ahal genuen etxean kristalezko pote batean gordeta izaten genuen.

Orain aldiz, edukiontzi berde itxurosoak dauzkagu Euskal Herriko zenbait herritan; Arrasate izan zen aitzindari, eta, biztanleen erantzun ona ikusita hobetu egin dituzte edukiontziak eta Debagoiena ibarrean ez ezik, beste herri ugaritako paisaiaren parte izatera igaro dira.

Horrelako ekimenak egiten ditugulako zorionekoak garela iruditzen zait; ibaien kutsadura aipatzean erantzukizunak eskatzen zaizkie fabrikei–eta, baina ezin dugu ahaztu etxeko jokamoldeek ere eragin ikaragarria dutela ingurugiroan. Berandu baino lehen horretaz konturatu ginelako egin du hobera egungo egoerak, eta ibaietan arrainak eta berragertu dira gainera kasu askotan. Ez al da pozgarria!

Gauzak pausoz pauso lortzen direnez gero, ezin gara geldirik geratu etorkizuna hobea gura badugu.