566 Zenbakia 2011-02-11 / 2011-02-18

Euskonews Gaztea

Taldea: Bisoi europarra

ADEVE

ADEVE

Latinez: Mustela lutreola Gaztelaniaz: Visón europeo Ingelesez: European mink Frantsesez: Vison d’Europe

Ezaugarriak Ez du abiadura handian korrika egiten, ez eta arboletara igotzen ere. Hala ere, oso harrapagaitza da eta, txikia denez oso gutxitan gainditzen du 45 zentimetroko luzera, 18ren bat zentimetro dauzkan buztana barne, edo 1.300 gramoko pisuarekin hutsune txikietatik sartzeko gauza da. Belarri txikiak eta hanka sendoak dituen gorputz luzean, kolore arre iluneko ilaia bikain eta distiratsua nabarmentzen da, muturrean eta kokotsean orban zuri bat duena. Bere buru zabala estaltzen duen ilaiaren artean belarriak ez dira ia nabaritzen, kolorazioa arre iluna da, muturrean duen narrio zuri nabarmena ezpainetan hedatzen delarik. Bisoi amerikarraren aldean (Mustela vison) hauxe da ezaugarririk nabarmena, honen narrioa beheko ezpainetik soilik hedatzen baita, honetaz gain, espezie hau indartsuagoa da.

Tamaina Burua eta gorputza: 35–40 cm. Buztana: 13–15 cm. Pisua: 500–1,500 gr.

Biologia Otsailaren amaiera aldean bikoteak biltzen dira eta ernalketa egiten da. 39 eta 48 egun bitarteko ernaldi baten ondoren –batzuetan, hala ere, 70 egun baino gehiago luzatzen da, obuluaren ezarpen atzeratuaren ondorioz–, emeek bi eta bost arteko ume kopurua izaten dute, lurrazpiko gordelekuetan. Kumeak, jaiotzean, itsuak dira eta 30 edo 35 egun igaro arte ez dituzte begiak irekiko. Bost astean zehar, ama arduratsuak titia ematen die eta ondorengo lau hilabeteak jaten, jolasten, beren harrapakinak atzematen ikasten eta handitzen emango dituzte. Azken hau, hain azkar egiten dute non denbora horren buruan gurasoak bezain handi egiten dira. Une horretan, gurasoek beren lurraldetik botatzen dituzte eta berentzako lurralde baten bila alderrai ibili beharrean aurkitzen dira. Bederatzi hilabeterekin, sexu heldutasunera iristen dira. Hamar urtez bizi daitezke.

Elikadura Bisoi europarra batez ere ilunabarrean eta gauean aritzen da ibaietan zehar, karraskari, anfibio, arrain, urtar hegazti, karramarro eta ornogabeen bila. Harraparia omen da, ur arratoiak, satorrak, arratoien arrautzak baita arrainak ere jaten dituelarik. Oinetako behatz artean errudimentuzko igeri mintza dauka eta ihiz beteriko aintzira eta ibai bazterretan egoten da.

Habitata Ingurune hezeetatik gertu bizi da, padurak, ingurune hezeak, idoiak, etab beti ere bazterretatik babes–azal ona dagoenean. Larrugintza–etxaldeetatik ihes egindako bisoi amerikarrarekiko lehia zailean dago. Hauxe da, hain zuzen, ugaztun honek Euskadin duen arriskurik handiena.

NATURAREN AHOTSA aldizkaritik hartuta.