Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Lorea Lasa. (Zeramikagilea): Buztina zeramikan, maitatu edo gorrotatu egiten den zerbait da
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Zeramikagilea zaitugu. Txikitatik datorkizun zaletasun al da?
Bai, hamar bat urte nituela egun batetan nire gurasoei komentatu nien zeramikagilea izan nahi nuela, eta ez dakit zergatik! Gainera, berandu hartu nuen eskuartean aurreneko aldiz buztina, 15 urte izango nituen.
Eta nahiz eta zeramikatik bizi nahi dudan, gaur egun oso zaila da hori, behintzat Nafarroan. Ez daukagu arte esparru honekiko inolako kulturarik; Gasteizen ikasi nuen eta bertan mugimendu gehiago ikusten zen zeramikari dagokionez. Ez baldin baduzu irakasle moduan nonbaiten sartzeko aukerarik, egia da benetan zail dagoela honetatik bizi ahal izatea.
Akaso hezkuntza sistemak ere artearekiko kultura ez digu helarazten...
Orain arte behintzat, ez. Egia da bestaldetik, poliki–poliki badabiltzala arlo pedagogikoa ere zertxobait aldatzen eta esparru artistikoari tokia uzten. Nik eskolak ematen ditut Civivox –gizarte etxe– batetan eta bertako hainbat irakaslek euren irakasgaietan artearen gaineko materia gehiago txertatzen saiatzen direla ikusten dut, dela Picasso zein Miroren gaineko aipamenak eginez, adibidez.
Halere, eta jakinda irakasleek ere artearekiko duten ezagutza murritza dela, ez da erraza aurrerapausoak ematea. Denborarekin, poliki–poliki, hobetzen joango den esperantza dut.
Zeren gaineko eskolak ematen dituzu zuk?
Arte plastikoak irakasten ditut. Noski, ez dut zeramika arloa ukitzen, aurrez aipatu dudan moduan, Nafarroan ahaztu egiten baita existitzen denik ere... edo hori dirudi! Moda kontua ere izan daiteke, ez dakit.
Halere irakasle moduan ari naizenetik ohartu naiz azken urteetan eraldaketa ematen ari dela; hau da, orain gauza berriak exijitzen dituzte, eta ez dira guk txikitan egiten genituen ohiko eskulanetara mugatzen. Orain gauza apetatsuagoak gura dituzte, eta baita gauza ez erabilgarriak ere, hau da, soilik dibertitzeko eta teknika ikasteko ekimenak burutzea. Eta alde horretatik pozik nago egoera mugitzen dela ikusten baitut.
Haur eta gazteak dituzu ikasle. Lan egiteko moduak ezberdinak izango dira, ezta?
Zeharo! Helduen kasuan, gustuko dutenaren eta ez dutenaren artean ideia argiak edukitzen dituzte, zer egin nahi duten esaten dizute, eta nik nola egikaritu esaten diet. Haurren kasuan, aldiz, bestelako komunikazioa dago, gehiago jolastu dezakezu beraiekin eta dibertitzeko abagune gehiago eskaintzen dizute. Gehiago barneratzen dute, esponja modukoak dira.
Azken aldian umeekin oso gustura ari naiz, akaso niri ere asko ematen didatelako. Askoz kreatibitate handiagoa dute, ez daukate gauzak egiteko lotsarik... Daukaten irudimena heldu batek izan dezakeena baino handiagoa da.
Halere, zoritxarrez, gaur egun gehiago kostatzen zaie imajinazioa erabiltzea, bestelako denbora–pasetara ohitzen baitira ziztu bizian, eta hori argi ikusten dut nire eskoletan. Hiru hilabete irauten dute ikastaroek, eta aurreneko hilabetean nahiko galduta egoten dira, zer egin ez dakitela. Baina denborarekin, beren buruaz geroz eta seguruago sentitzen dira. Manolo.
Eta irakasle izateaz gainera, zure tailer propioa daukazu Alde Zaharrean, ezta?
Behin ikasketak amaituta lehenengo gauza lan egiteko toki bat bilatzea izan zen, eta hasieran Concha Cilveti zeramikagile iruindarraren tailerrean aritzeko aukera eduki nuen. Hiru pertsona ginen bertan lanean, eta gutaz nekatu zen –ez naiz harritzen! (barre). Conchak zenbait etxabe aurkitu zituen guretzako, hala animatu nintzen horietariko bat erostera; duela bost urte izan zen hori.
Baina entzun dudanez, ez da lantoki soil bat...
Niretzako lantokia izateaz gain, argi neukan beste pertsona batzuei ere ateak irekiko nizkiela. Izan ere, gustuko dut kanpotik jendea bertara etortzea lanera, ezen, haiek behatuz ere ikasten baitut. Gainera, erabilia ez izateko tailerra ordaintzea neketsua dela iruditzen zait! Horrexegatik eman nahi diet aukera beste batzuei ere, zergatik ez!
Bestalde, ikastaroak ere burutzen ditugu bertan: material birziklatuarekin lan egiten ikasten dugu, zeramika lantzen, eskulanak egiten...
Zeramikagile izateari buruz hitz egin dezagun.
Askotan nire lanarekin zer bilatzen dudan pentsatzen dudanean, argi daukat dibertitzea dela erantzuna. Noski, estetikoki pieza politak ere sortu nahi ditut ongi pasatzeaz gain, baina entretenitzeari izugarrizko balorea ematen diot. Akaso horixe izango da zeramikatik soilik ez bizitzearen arrazoia! (barre)
Gauza ezberdinak sortzen ditut, ontziteriak direla, edota eskulturak direla. Azken hauei dagokienez, egurra edota burdina moduko materialekin ere nahasten dut buztina.
Pieza handiak eta txikiak jaiotzen dira nire eskuetatik, eta aukera izanez gero, horiek saltzen ahalegintzen naiz. Hasieran artelan handiak egiten hasi nintzenean ez nuen espero beste txikiago batzuk baino hobeto salduko zirenik. Horren harira, tamaina handiko obra gehiago sortu gurako nituzke, ez pentsa burutik pasa ez zaidanik... Baina gaur egun behintzat, ez da bideragarria, guztiak gordetzeko tokirik ez nuke izango eta.
Eta saltzeaz gainera, erakusgai ipintzen ditut neure obrak tailerrean bertan, eta baita kanpoan ere. Kasu horretan, neuk bilatzen ditut normalean nire lanarekin bat datozen tokiak, nahiz eta zenbaitetan jaso izan ditudan aretoren batzuetatik deia, eta propio bertan erakusteko lanak sortu behar izan ditut.
Eta azoka txikietan ere ibiltzen zarela badakit.
Duela gutxi hasi naiz horretan, hain justu, Ttanttakan bitxigileekin batera. Oso desberdina da azoka horietan erakusten ditudan lantxoak; hasteko, prezio xumeagoa izaten dute, gehienez ere 50 euro. Eta gainera, askoz ere erabilgarritasun handiagoa izaten dute: platerak, eskumuturrekoak, lepokoak... Orriak diruditen eskultura ugari egin ditu Loreak.
Lan egiteko moduari dagokionez, nola moldatzen zara?
Orokorrean artelan bat egiteak beste batetarako bidea ematen didala esango nuke, eta horrexegatik, zenbait denbora antzeko gauzak egiten igarotzen dut, beste bide bat hartu edota aspertzen naizenera arte.
Inspirazioa ere garaiaren arabera modu batean edo bestean etortzen zait. Gehienetan, beste artista batzuek eginikoari erreparatuz agertzen da, gauzaren batek atentzioa deitzen baldin badit, horretan oinarritutako zerbait egiten saiatzen naiz. Azken aldian esaterako, Ttanttakanekin elkartu naizenez, bitxigintzan ipini dut arreta eta osagarrien mundua lantzen dihardut.
Bestalde, ideia bat edukitzen badut buruan, artista gehienoi gertatzen zaigun moduan, emaitzak ez du zerikusirik izaten; ez naiz larritzen, egia esan! Eta ez bazait askorik gustatzen desegin egiten dut eta kito!
Hasi zinenetik gaur arte pieza ugari sortuko zenituen. Badago zuretzako berezia den baten bat?
Hasteko, esango nuke, maiz errepikatu ditudala liburu eskulturak, eta nahikotxo egin ditut gainera. Ziurrenik emaitzari begiratuta gehien gustatu zaidalako, ez besterik.
Tailerrean badaukat, bitxikeria moduan, ikasten ari nintzeneko Manolo deitzen den eskultura bat. Hain justu, zerbait kopiatuz lan bat burutzea eskatu ziguten, eta nik Papuako artea hautatu nuen; hiru aurpegi egin nituen, eta guzietatik hauxe izan zen gehien gustatu zitzaidana. Tailerreko kapritxoa dela esan genezake!
Bestalde, esango nuke egitea gehien kostatu zaidan eta aldi berean ilusio gehien eman didan obra, ikasketa amaierako proiekturako burutu nuena dela. Hain zuzen, txori baten silueta da, eta sabaitik eskegi behar nuen; azken urrats hori odisea bat iruditzen zitzaidan. Behin dena bere tokian ipini eta pieza txiki guztiek batera lanari forma ematen ziotela ikusteak ilusioa egin zidan.
Buztina duzu lanabes. Zer da zuretzat material hau?
Maitatu edota gorrotatzen den zerbait, ez dut uste erdibideko ezer sentitu daitekeenik. Gainera, edozein momentutan zaletu zaitezke, inoiz ez da berandu. Eta horregatik, jendeari probatzeko esango nioke. Lorea Lasa (Iruñea, 1978) Txikitatik jakin izan du zeramikaren inguruan lan egun gura zuela eta Gasteizko Arte eta Ofizio eskolan matrikulatu zen buru belarri esparru horretan sartzeko. Dekorazioan, zeramika artistikoan eta eskulturan diplomatu zen. Tailer propioa dauka Iru?eko Alde Zaharrean, eta bere lantoki izateaz gain, interesa duen edonori ateak irekitzen dizkio bertaratu dadin. Baina 2011 honetan oraindik ere artista izatetik soilik bizitzea zail dagoela eta, irakasle moduan ere badihardu astean hirutan Iru?eko gizarte etxe batetan, arte plastikoak irakatsiz.