564 Zenbakia 2011-01-28 / 2011-02-04

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ipuin kontalariei begira

BEREZIARTUA, Loren



Aitortzen dut ez naizela inoiz istorioak kontatzen oso iaioa izan, eta agian horrexegatik begiratzen dut egunotan horrenbeste egunkariko agenda. Hau da, osaba izan berri naizela eta, nire iloba txikia zaintzea egokituko zait behin baino gehiagotan, batzuetan eskatuko didatelako, baina zer demonio, ikaragarri miresten dudalako hilabete besterik ez duen izaki ?imi?o maitagarria.

Hilabete besterik ez, eta dagoeneko banabil ipuin kontalarien atzetik, ikasi egin nahi baitut istorio bat kontatzerako orduan nola transmititu. Askotan dela ohitura faltagatik, edota ezjakintasunagatik, kaxkar aritzen naizela iruditzen baitzait, entzuten ari den horrengana iritsi ezinka. Ipuinak kontatzeko bakoitzak bere estiloa dauka. Argazkia: CC BY – chrisdlugosz

Badakit bakoitzak bere estiloa izaten duela ipuinak kontatzeko orduan; oraindik gogoan dut nola ama ohean etzanda, kontu–kontari hasten zen, betiko ipuinak edota asmatutakoak ahotan hartuz. Enfasia ipintzen zuen esaldi bakoitzean, ume ahotsa erabiliz hala egokitzen zenean, edo boz sendoa saiatzen zen imitatzen, gizonezkoari buruz zebilenean. Aitak ordea, kasu gehiago egiten zien onomatopeiei, eta asmatzen zituen ipuinetan, animaliak izaten ziren protagonista gehienetan; zein ongi antzeratzen zituen txerri, txakur, eta oiloak, eta zein kaxkar elefante eta lehoiak! Eta hala eta guztiz ere, istorioak harrapatuta egoten nintzen beti!

Neure estilo propioa bilatu beharra daukat, eta behatuz ere ikasten denez gero, azken aldian banabil herrira etortzen diren kontalarien emanaldiekin disfrutatzen; hau da hau inbidia sanoa, egunen batean halaxe aritzea gustatuko litzaidake! Denbora asko daukat aurretik gaia lantzeko, ezen nire lobak ezer ulertu aurretik, hilabete batzuk geratzen zaizkit teknika lantzeko.

Halere, dagoeneko jakin badakit, funtsezkoa dela kontatzen ari zaren hori gogoz adieraztea; ahozkotasuna zaintzea, eta ume txiki bati zuzenduz gero, goxotasunez aritzea, bai hitzei eta baita tonuari dagokienez ere; eta imintzioak ere baliatzen baldin badituzu, hobeto.

Hasia naiz dagoeneko ispilu aurrean entseatzen. Tontakeria dirudi, baina neure burua egiteko horretan ikusteak hasieran lotsa eman arren, banabil poliki gainditzen, eta nire buruagan konfiantza hartzen.