Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Uxua Domblás. (Arkitekto eta bitxigilea): Berrerabilpena da etorkizuneko irtenbidea
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Laster amaituko dituzu ikasketak. Baina esan, zertan datza arkitekto baten lana?
Uste nuena baino osotuagoa da, egia esan; ez da bakarrik zerbaiten diseinua egitea. Atzetik gauza piloa ditu lanbide honek, eta esan dezaket benetan asetzen nauen hori topatu dudala arkitekturari esker. Horrenbeste gauza ikasteko aukera eman dit! Azken finean argazkilaritza, literatura, marrazkigintza zein idazketa landu izan ditut, besteen artean.
Oso abaniko zabala da hau, denetarik jorratzen baita eta diziplina anitza da benetan. Eta azken finean, nire izaerarekin bat datorren bidea hartu dudala esan dezaket, asko mugitzen den horietarikoa bainaiz, eta gauza ugari burutu ditut txiki txikitatik. Paparreko orratza. Argazkia: Ttanttakan.
Eta nolatan erabaki zenuen arkitektura ikastea? Arrazoi bereziren bat al zenuen?
Horretan pentsatu izan dudanean ez zait argi geratu erantzuna! Halere, egia da txikitatik gustatu izan zaidala marraztea, baita argazkiak ateratzea, nire ametsetako etxea izatea nahiko nukeenaren maketak ere egiten nituela oroitzen dut, nire ahizpari egunkariak erabilita arropak egiten nizkion ...
Oro har, eskulanak egiten denbora asko pasatu izan dut beti eta behin norbaitek arkitektoa izango nintzela esan zidan, buruan sartu eta hori egiten amaitu nuen! Oraintxe karrerako proiektuarekin ari naiz bueltaka, eta bi urteren ostean entregatzeko zorian nago. Granadako Antonio Jiménez Torrecillas arkitekto ezaguna ari zait proiektua zuzentzen.
Kontatu diezagukezu zer edo zer proiektutik?
Bai noski! Proiektua pentsatzeko eta meditatzeko aterpetxe bat da, Nafarroako Uxue herrian. Nire lanak askotariko gauzak hartzen ditu bere baitan; esaterako, badauka paisaia–interbentzio bat, baita ermita txiki baten birgaitzea ere. Azken horri dagokionez, egun nahiko murgilduta nabil birgaitze gaiekin, oso interesgarria iruditzen baitzait eta proiektua amaituta, gehiago sakontzea gustatuko litzaidake.
Halaber eta proiektuarekin jarraituz, Granadako arkitekturaren eragina ere nabarmena da aterpetxean. Arrazoia, askotan bidaiatu dudala hiri hartara, eta bertan aurkitu dudana ekarri dudala nirekin; hots, arkitektura arabiarrak sentsazioekin dauka zerikusia, dela eguzkiarekin zein urarekin, esaterako, eta hori meditaziorako tokian nabari da. Besokoa. Argazkia: Ttanttakan.
Birgaitzea diozu. Ez da berdina izango proiektu bat zerotik hastea edota dagoen zerbaitekin lan egitea, ezta?
Oso bestelakoa da bai! Eta gainera, proiektuak luze eman dit hain zuzen arrazoi horrexegatik, ez zelako soilik planta berriko eraikuntza bat egitea. Alde batetik, herri osotik zehar interbentzio paisajistak pentsatu ditut behatoki batzuk baliatuz, esaterako. Bestaldetik, ermitaren zonaldea urbanizatu nahi izan dut –zorua konpontzea eta espazio publiko bat sortzea hain justu. Bi urteren ostean, bagoaz emaitzak ikusten eta pozgarria da!
Iruditzen zait arkitektook munduko eraikinik ederrenak sortzeko gai zaretela, baina baita itsusienak ere!
Eta hori da gainera, arkitektoak daukan beldurra, niri bakarrik gustatuko zait edo baita jendeari ere? Ez da erraza...
Eta egungo herrien itxurari begiratzen diogunean ere nabaritzen da hau. Hau da estilo pila, hau kaosa!
Ezbairik gabe! Egia da alde batetik batzuetan arkitektoen lana ez dela ulertzen. Baina beste askotan, gehiago hartu beharko litzateke kontuan diseinatzen ari zaren hori zein testuingurutan egongo den, alboan zer edukiko duen, eta burua erabiliz paisaia koherentea sortzen saiatu beharko ginateke. Gaurko herri askotan tamalez, pieza ezberdin gehiegi ditugu eta kaotiko xamarra izaten da gehienetan emaitza.
Artista al da arkitektoa zure iritziz?
Ez dauka zertan, denetarik dago! Batzuk oso–oso teknikoak dira, eta besteak artistegiak garela esango nuke! (barre)
Baina egia da, estilo anitzak daudela arkitekturan. Ez dut nire burua bohemio edota moderno moduan kontsideratzen; momentuaren araberakoa izatea gustatzen zait, lan bakoitzak eskatzen duena ematen saiatzea, hain zuzen. Gorbata. Argazkia: Ttanttakan.
Halere, zeuk artisau fazeta bat ere badaukazu, ezen arkitektura ikasi bitartean Ttanttakan jaio baitzen.
Egitasmo askotatik azkenean egikaritu dena da! (barre) Hasieran esan bezala, txikitatik eskulan asko egin izan dut, baita poltsak eta arropak ere. Kasualitatez sortu zen Ttanttakan. Ezkontza bat neukala–eta, osagarriak egin nituen, jendeari gustatu eta Donostiako pisu–kideekin batera gehiago sortzen hasi ginen; artean hiru lagun ginen, eta egun Erika Donazar eta biok gabiltza.
Beste lagun batek proposatu zigun, pitxiak kaxa batetan ahaztuta utzi barik ea zergatik ez genuen blog bat sortzen, argazkiekin lagunduz. Hala ekin genion abenturari, blogetik web orri bat sortzera igaro ginen, eta hortik merkatu txikietan parte hartzera; eta gaur arte.
Iruñean sortzen dituzue piezak, ezta?
Hala da. Lagun baten bitartez Lorea Lasa zeramikagilea ezagutu genuen eta bere tailerrean tokitxo bat utzi digu. Oso pertsona sortzailea da, ikaragarri gustuko dut egiten duena, ezen nahiko itxura arkitektonikoa baitauzkate bere lanek; era berean, atsegin ditudan materialak baliatzen ditu eta segituan egin genuen bat. Oso tailer polita dauka alde zaharrean, eta gozamena da halako leku batean aritzea.
Ttanttakaneko zenbait pitxi ere berarekin eginda daude, ezen zeramika piezak uztartzen hasi ginen gure lanetan eta beraz, ederki moldatzen gara. Bestalde, Loreak animatuta hasi ginen merkatu txikietan parte hartzen, Iruñean bertan. Orain eguraldia dela, eta proiektua dela pertsiana jaitsi dugu eta udaberrira arte ez gara berriro kalera aterako, baina gero berriz hartuko dugu martxa.
Aberasgarria da herri batetan edo bestean aritzea, jendea ezagutzen duzu; bide batez haiek ere zure lanaren berri dute eta sarea handitzen joaten gara merkatuz merkatu.
Zeramika aipatu duzu, baina, askotariko materialak baliatzen dituzue, baita birziklatuak ere...
Birziklatutako materialekin hasi ginen gainera hasiera–hasieran eta orain horren modan dauden kafe kapsulak ere moldatzen ditugu; pentsa, horietariko ehunka hartu eta bestelako bizitza eman diegu! Aluminiozko alanbrea eta feltroa ere baliatzen dugu gure lanetan, baina gaur egun batez ere, gres zeramikoa eta portzelanarekin aritzen gara. Uxua eta Erika.Argazkia: Ttanttakan.
Berrerabilpena, beste antzekotasun bat gustuko duzun arkitektura eta bitxigintzaren artean!
Bai! Gainera, tokiez gain materialak berrerabiltzen ere saiatzen naiz arkitekturan, plastikoa esaterako. Baina egia da ematen dituen emaitzak, begietara behintzat, ez direla berdinak.
Nire aita gainera, toldogilea da, eta bere tailerrera maiz joaten naiz olanak begiratu, eta pitxiak sortzeko gustuko ditudanak hartzera. Hala, ehungintzazko arkitekturarekin zuzenean erlazionatuta dago; dena dago lotuta!
Noraino iritsi nahiko zenuke bitxigintza arloan?
Ez dakit, horrenbeste gauza ditut buruan! Halere, Ttanttakan moduan ez balitz ere, seguru jarraituko dugula lagunentzat zer edo zer sortzen. Estresatuta zaudenerako terapia ona da, marraztea, moztea edo jostea.
Halere, profesional moduan ez nintzateke honetatik biziko, gogorra baita; hankatxo bat sartu dugu esparru horretan eta lan handia egin behar dela eta maiz ateratzen diren benefizioak nahiko murritzak izaten direla ikusi dugu.
Orduan, txikitan marrazten zenuen etxebizitza eraikitzea izango duzu xede agian? (barre) Ez dakit nik ba! Ezen orduko marrazkiak begiratzen ditudanean gauzak aldatu direla ohartzen naiz: kapitel dorikoak eta jonikoak agertzen ziren... (barre)
Motzean
Arkitekto bat: Peter Zumthor suitzarra Zuk egin nahi izango zenukeen lana: Zumthorren Valseko termak Helburu bat: Arkitekto bilakatzen naizenean gutxienez gauzak ongi egitea eta pozik egotea Berrerabilpena: Gure herrietarako etorkizuneko irtenbidea Arkitektura lan baten funtsezko osagaia: Maitasunez egina egotea. Berdin da zakur batentzako txabola edota eraikinik modernoena izan, baina sentimendua adierazi behar da.
‹‹Ttanttakanen weborria›› Uxua Domblás (Lizarra, 1983) Ama gipuzkoarra eta aita nafarra ditu Uxua Domblás Ibañezek. Lizarra Ikastolan aurrena, eta ondoren institutura joan zen ikasketekin jarraitzera. Handik, Goi Mailako ikasketak burutzeko asmoz, Gipuzkoako hiriburura abiatu eta Arkitekturan eman zuen izena. Egun karrera amaierako proiektua amaitzen dihardu Nafarroako Uxue herrian. Argazkilaritza ere gustuko du eta bere ahizpa Itziarrekin batera aritzen da, eta zenbait lehiaketa irabazi dituzte. Gainera, Erika Donazar bidaia–lagun duela bitxiak egiten dituzte; Ttanttakan moduan ezagutzen dira eta Iruñetik egiten dute lan.