Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Miren Fernandez. (Abeslaria): Hezkuntzak musikari dagokion esparruan zaletasuna sortu behar du ikasleengan
Hau zure lehendabiziko lana da, ezta?
Bai hauxe da nire lehenengo lana, abesti propioz osatutako lehen diskoa, "LAZTANTZEN NAUEN ESKUA". Aurretik kolaborazioak sarritan egin ditut, haurrentzako diskoetan (Urtxintxa "Euskal jolasen bilduma I–II–III) eta baita beste hainbat lanetan ere.
Nola sortu zen diskoa sortzearen ideia?
Ideia aspalditik zetorren. Ni oso gazte hasi nintzen telebistako hainbat saiotan abesten: Aire Aire, Telletxea, Izar Bila eta Sorginen Laratzan, esate baterako 5 urtez egon nintzen astero euskal abeslari ezagunen kantak abesten. Hor eman nuen ezagutzera nire burua eta Sorginen Laratza bukatzean hainbat udaletxek festetan plazan abestea eskaini zidaten. Arazoa zen nik ez nuela talde bat eta orduan PREFOSTA eratu genuen 7 lagunen artean. Euskal abestien bertsioak abesten genituen baina hasiera–hasieratik gure erronka nire errepertorio propioa osatzen joan eta kantautore bezala jarraitzea zen.
Azken urte hauetan pixkanaka neure abestiak osatuz joan naiz eta horixe da egin duguna, PREFOSTA alde batera utzi eta MIREN proiektu berria sortu. Orain hiru musikari ibiltzen dira niri laguntzen: Abel Perona (kontrabaxua), Iñaki Oliden (eskusoinua) eta Antxon Sarasua (pianoa eta konponketa lanak); azken bi hauek PREFOSTAn ere aritu ziren nirekin. Betidanik izan dugu nire kantak disko batetan argitaratzeko intentzioa. Eta momentua orain iritsi da.
Norbaiten laguntza edota babesa izan duzu?
Laguntza asko izan dut proiektu hau aurrera ateratzeko. Babes handiena Antxon Sarasuarena izan da; aurreneko momentutik sinetsi du proiektu honetan eta asko animatu nau. Garai batean –managerrik ez genuenean– biok ibiltzen ginen produktua udaletxez udaletxe saltzen; lan ikaragarria zen. Baina fruituak eman zituen eta gaur egun managerra daukagu eta berak gestionatzen dizkigu hainbat kontu.
Antxonek diskoko konponketa guziak egin ditu, diskoaren grabaketako teknikari lanak, nahasketak,masterra... Izugarria da egin duen lana (produktore exekutiboa bera izan da); uste dut berarengatik ez balitz ez genukeela disko hau eskuartean izango. Beste taldekideen aldetik ere babes handia jasotzen dut, bai kontzertuetan bai eta diskoaren grabaketan ere. Argazkia: Raul Cordoba.
Bestalde esan beharra daukat disko honetan ohiko taldekideez gain, kolaborazio ugari egon direla: Bixente Martinez (gitarra), Andoni Lertxundi (biolina), Ander Ederra (gitarra), Joanes Ederra (baxua), David Gorospe (perkusioa) eta Igor Gartzia (Txirulak). Alde horretatik ere babes handia izan dugu. Bestalde gure ekoizlea, Sointek, oso gainean dago, bai zuzeneko emanaldietan eta baita diskoaren grabaketak iraun duen denbora guzian ere; beraz, exekuzio aldetik babesa handia izan da. Diskoaren produkzioa nik egin dut, nire poltsikotik, zer erremedio!
Nork konposatu ditu letrak eta musika?
Letrak egiteko orduan ere kolaborazio bikaina izan dut. Abestien musika neuk sortutakoak badira ere, letrak hainbat lagunek jarri dizkiete: Andoni Egaña, Pako Aristi, Xabier Euzkitze zein Asier Serranok. Beraiek nire istorioei hitzak ipini dizkiete eta primeran asmatu dute musikara uztartzen.
Zein publiko motari dago zuzenduta diskoa?
Ez dago publiko mota konkretu bati eskainia. Egia esan kontzertuetan adin guztietako jendea izaten dugu, eta estiloari dagokionez nik esango nuke, euskal musika lasaia gogoko duen edonori gusta dakiokeela.
Diskoaren argazkietan zabu batean agertzen zara, hondartzan: zer adierazi nahi duzu?
Diskoaren karatularen diseinua Carlos Gomezek egin digu, Carl Watermarkek. Nik proposatu nion "eskua" hitza oso presente zegoela disko osoan eta izenburua "Laztantzen nauen eskua" izatean, ba eskuarekin lotutako zerbait nahi nuela. Berak irudimen bikaina du eta oso kontent nago emaitzarekin. Originala geratu da.
Orain dela gutxi Laboaren heriotzaren bigarren urteurrena izan da; Xabier Letek ere oraintsu utzi gaitu. Beraiengandik zerbait jaso duzu zure obra sortzeko?
Ba egia esan sarritan entzun eta abestu izan ditut beraien kantak, eta seguruenik influentziaren bat izango duela. Hala ere ni Benitozale amorratua izan naiz beti, asko jarraitu dut bere musika bai diskotan eta bai zuzenekoetan ere. Gainera, pertsonalki ezagutzen dut eta uste dut Lertxundik bezala inork ez nauela hainbeste markatu.
Musika merkatuaren egoera ikusita, ez al dizu beldurrik eman lehendabiziko pausoa emateak?
Beno, merkatua badakigu nola dagoen. Duela urte batzuk errazagoa alde batetik, baina bestaldetik, garai hartan ez zeuden gaur egun Internetek ematen dizkigun aukerak. Sareak gauza onak eta txarrak ekarri ditu. Nire kasuan, abestea ez da nire ogibidea, irakaskuntzaz bizi naiz eta orduan zentzu horretan ez dut nire burua horrenbeste estutzeko beharrik. Hala ere uste dut ez dela merkatuaren menpe gehiegi egon behar, bestela ez luke inork ezer sortuko; eta begira merkatua horrela egonda ere... zenbat talde berri daude? Pilo bat.
Gaur egun musika komertziala dago modan; baina modak pasa egiten dira eta hori da arriskua. Klasikoagoa dena beti hor dago; agian ez du xanpainak bezala gora egingo, baina ezta beherantz ere! Arroparekin gertatzen den gauza bera da, momentuan bai, baina oso bizitza laburra dute estiloek, beti sortuko delako modarekin bat gehiago datorren zerbait berriagoa. Argazkia: Raul Cordoba.
Askok esaten didate zergatik ez dudan egiten musika komertzialagoa. Oso sinplea da erantzuna. Nik musika egiten dut sentitzen dudanaren espresio gisa eta ez pentsatuaz egiten dudana larunbat gauetako pubetan entzungo dudan ala ez. Beti egongo da norbait egiten duzunarekin identifikatuta sentituko dena eta “bat” horrengatik besterik ez bada ere merezi du. Noski baietz!
Zerk izan du pisu gehiago: ilusioak ala beldurrak?
ILUSIOAK dudarik gabe.
Diskoa grabatzen hasi zinenetik kalean ikusi arte nola sentitu zara? Nolakoa izan da prozesua?
Prozesuan egon garenontzako luzea izan da (sentsazioa). Gogo ikaragarria nuen diskoa esku artean izateko eta horren aurretik beste mila gauza zeuden egiteko: argazkiak atera, diseinua egin... Baina ilusio handiz bizi izan ditut hilabete horiek guztiak.
Eta nolako harrera izan du diskoak?
Diskoaren distribuzioa neu ari naiz egiten eta ikusi dut lan zaila dela. Diskoa erosi dutenek oso kritika onak egin dizkigute orain arte. Kontzertuetan saltzen ditugu gehienak; publikoak lana zuzenean entzuteko aukera du eta gustatzen bazaie kontzertuaren ondoren jendeak erraz erosten dizu.
Durangoko Azokan aurkeztu al zenuen?
Bai, baina lehenik Donostiako Koldo Mitxelenan aurkeztu genuen 2010eko abenduaren 1ean eta ondoren abenduaren 5ean Durangoko azokan aurkezteko aukera izan genuen. Ahotsenean jo genuen ordu erdi batez, gainontzeko taldeek bezalaxe.
Noraino heldu nahi duzu disko honekin?
Ez dut inora iristeko helbururik. Diskoa bera izan da helmuga. Hilabeteetan zuzenean egiten egon naizena orain disko batean bildu dut eta hori da niretzat lan hau jasota uzteko modurik bikainena. Musika egiten jarraitzeko asmoa dut eta bideak berak eramango nau... auskalo nora. Uste dut, nonbaitera iristea baino askoz garrantzitsuagoa dela bideaz gozatzea eta horretan jada ari naiz....zorionez!
Abesti guztien artean zein da zure gustukoena? Zergatik?
"Eta etorkizunaz", dudarik gabe. Sortutako lehen abestia da. Indarra ematen dit duen mezuak. Uste dut askotan une txarrak, zailak igarotzen ditugunean geuk dugula aurrera segiarazteko indarra ematen digun ondoez hori baino handiagoa den zerbait. Horri jarraitu behar zaio, barne indar horri eta etorkizunaren aurrean biluztu, abestiak dioen bezala. Kanta hau sentimendu horretatik sortua dago. Argazkia: Carlos Gomez.
Nola zaintzen duzu zure ahotsa?
Ba egia esan ez dut ezer berezirik egiten. Erretzailea naiz, gizarteak geroz eta zailagoa jartzen ari zaigu arren; eta irakaskuntzan haurrekin lanean dihardut... Beraz ahotsa da nire eguneroko lan tresna. Ez naiz oso gautxoria eta tabernetako musikaren bolumen ikaragarriaren gainetik hitz egin beharrak txikitzen dit erabat ahotsa; hori saihesten dut gehienbat. Horrez gainera, nire bizitza oso aktiboa da eta kirola egiten ere saiatzen naiz, emozioak eta gorputza askeagoa izateko. Kirolik ez egitean berehala sumatzen dut tentsioa, bai gorputzean eta baita eztarrian ere noski.
Uste duzu gaur egun musikari behar bezalako garrantzia ematen zaiola?
Bai eta ez. Gaur egun musika asko entzuten du jendeak, irratian ez bada, internet bidez, mp3an, telebistaz... Oso zabaldua dago musika eta komertziala bada, zer esanik ez!! Horrek ez du esan nahi ona denik musika hori, zabaldua dagoela besterik ez. Badago musika komertzial ona baita ere, noski!
Baina bestetik, uste dut edozein arte motari moduan, ez zaiola behar haina garrantzia ematen. Gaur egun krisiarekin, esate baterako, nondik murrizten da dirua? Kulturatik. Zergatik? Nik uste dut badagoela beste hainbat gauzatan gastatzen den diru pilo bat beharrezkoa ez dena, baina zoritxarrez kulturak segituan jasaten ditu ondorioak.
Hezkuntzatik zerbait egin daiteke?
Hezkuntzak musikari dagokion esparruan ZALETASUNA sortu behar du ikasleengan. Ezinezkoa da dauzkagun ordutegi eta hezkuntza curriculumekin musikariak sortzea. Ez dut uste gainera hezkuntzaren zeregina denik hori, eta are gutxiago Lehen Hezkuntzarena. Adin horretan eskolaren lana ikasleei gizartean bizitzen eta integratzen irakastea da, eta horretarako tresnak eskaini behar dizkie. Gero beraiek ikusi beharko dute jendarteak zer eskaintzen dien eta beraiek zer eskaini nahi dioten gizarteari eta espezializatzeko denbora izango dute; musikarekin bada, kontserbatorioan, esate baterako. AFIZIOA, ZALETASUNA, MOTIBAZIOA eta GOGOA PIZTU BEHAR DITU HEZKUNTZAK.
Zer iruditzen zaizu ikasleek asteko musika saio bakar bat izatea?
Aperitibo hutsa.Eskasa dela.
Nola lantzen duzu musika arloa zure eskolan?
Ni saiatzen naiz ikasleei gozatzen dudan hori transmititzen. Asko kantatzen dugu, ikaragarri. Txirula jo behar badugu saiatzen naiz motibatuko dituen kantak aukeratzen; eta gainera, pianoaz laguntzen diet uste baitut horrela partaideago sentitzen direla eta gehiago inplikatzen direla jotzen duten horretan. Dantzak ere egiten ditugu. Jokoak, instrumentazioa, interneteko musika programak... Nire helbururik handiena etorkizun batean beraiek musika eskolen oroimen ona izatea da. Ondo pasatuz eta gozatuz ikas dezatela.
Uste duzu beste lurralde batzuetan Hezkuntza Sistemak musika gehiago zaintzen duela?
Egia esan ez dakit beste lurraldeetako hezkuntza sistemari buruz gehiegi.
Musikaria jaio edota sortzen da?
Musikaria sortu egin daiteke... Baina jaiotzaz dohaina izateak asko laguntzen du dudarik gabe.
Musikaria izango ez bazina, zertan ikusiko zenuke zure burua?
Ba musikaria ez banintz kazetaria izango nintzateke ziur. Nire nahi handietako bat izan da beti.
Orain dela gutxi, ETBko Oh Happy Day saioan ikusi zaitugu. Zaila da abesbatzak baloratzea?
Oso zaila da abesbatzak baloratzea, eta are gehiago telebista saio batean. Ni oso pozik egon naiz Oh Happy Dayeko bi edizioetan. Lantalde jatorra tokatu zait inguruan eta giro ezin hobea izan dugu.
Balorapenak eman eta erabakiak hartzeko uneak tentsio handikoak dira, dudarik gabe. Gauza askori begiratu behar izaten diogu arretaz: afinazioa, enpastea, intentzioa, koreografia, muntaia, taldearen soinua... Asko dira kontuan izan beharreko gauzak eta gainera hiru epaimahaien iritziak askotan kontrajarriak izaten dira!!
Noizko bigarren diskoa?
Oraintxe atera berri dut hau, beraz... Honi buelta eman behar zaio, esfortzu handia izan da, bai diskoa bera egikaritzea eta baita ekonomikoa ere. Bigarrena egongo dela badakit, baina ez noiz izango den. Momentua iritsi dela sentitzen dudanean, hori ziur.
‹‹Miren Fernandez, Myspacen›› Miren Fernandez (Azpeitia, 1977) Bere musika Folk estiloan kokatzen du, influentzia klasikoarekin. Horrela definitzen du Miren Fernandezek bere musika estiloa. Telebistako zenbait saiotan ikusteko aukera izan dugu. ?Oh Happy Day? saioko epaimahaikideetako bat izan da baina aspalditik erronka handiagoa zeukan buruan musika irakasle honek: abesti propioz osatutako disko bat ateratzea, eta halaxe egin du. Musikarekiko pasioa ikasleei ere transmititzen saiatzen da bere ustetan Hezkuntzak musikarekiko gogoa piztu behar duelako.