561 Zenbakia 2011-01-07 / 2011-01-14

Euskonews Gaztea

Gaiak: Mikel Laskurain, aktorea

Bergarako ARANZADI IKASTOLAko lantaldea

Leire Sahuillo, Mireia Manso, Aitor Lazkano, Iñaki Usabiaga, Leire Balanzategi, Amaia Begiristain



Izena: Mikel Laskurain. Jaiotze data: 1965–04–27 Zodiakoa: Tauro. Jaioterria: Bergara. Bizilekua: Hernani. Lanbidea: Aktorea. Momentu honetako lanak: Telebistan Wazemank, eta antzerkian, Trapu Zaharrakin bi kaleantzerki eta Gorringorekin Xabinaitor antzezlana. Gustura bizi zara? Bai

Bergarako Irish tabernan elkartu gara Mikel Laskurainekin, eta sei adiskidek galdera sorta bat egin diogu:

Zer ikasi zenuen telebistan azaltzeko? Eusko Jaurlaritzak antolatzen zuen antzerki eskola batean egon nintzen lau urtez. Ez zen eskola ofiziala, baina bertan ikasteaz gain, antzeztu ere egiten genuen.

Hamabost urtez egon nintzen HIKA antzerki taldean; bertan 16 ikuskizun egin genituen. Trapu Zahrrak taldearekin egon nintzen kale antzerkia egiten. Goenkalen ere aritu nintzen denboraldi batean, baina orokorrean antzerkian gehiago ibili naiz telebistan baino.

Gaur egun zaila da telebistan sartzea? Zaila da telebista munduan sartzea, antzerki munduan sartzea baino zailagoa egia esan. Telebistan aukera gutxi dago eta bertan lan egiteko prest dagoen jende asko.

Nola sartu zinen telebistako munduan? Casting batean parte hartu nuen Goenkale telesaiorako. Bertan aritzeko kontratatu ninduten, hasiera batean hilabeterako, baina azkenean, laur urte eta erdira luzatu zidaten. Horren ondoren, denboraldi bat telebistan ezer egin gabe egon eta gero, Wazemanken hasi nintzen.

Wazemank aipatu duzula, har dezagun hizpide. Ordu asko sartzen dituzu lanean? Astean lau egun egiten dugu lan. Bi egunetan zehar kalean grabatzen ditugu esketxak eta beste bietan, platoan; gainera astean zehar bilera ezberdinak egiten ditugu gidoia egiteko. Aste osoko lanetik 45 minutuko programa bat ateratzen da, gutxi gorabehera.

Umorezko programa bat da. Barre egin gabe grabatzea zaila da? Bai, hanka sartzen dugun bakoitzean barre egiten dugu. Baina gure artean giro ona dago, beraz, ez dute gaizki hartzen. Honen ondorioz, emaitza onak lortzen ditugu.

Nolakoa da lantaldea? Zortzi aktore eta 3 gidoilari gara, eta horretaz aparte kamara eta teknikariak daude. Lanik garrantzitsuena eta zailena gidoilariena da, hauek aktoreek baino lan gehiago egin behar izaten dute.

Eta audientzia garrantzitsua da zuentzako? Bai, oso garrantzitsua. Wazemank asteazkenetan emititzen bada, eta askotan futbol partiduak egoten direnez, ez dute ematen. Horrek jendea nahasten du, eta ondorioz, audientzia gutxitu egiten da. Lehenengo urtea izan zen audientzia gehien eduki zuena.

Telebistan hasi zinenean, nola ikusi zenuen zeure burua? Neure burua telebistan ikustea arraroa iruditu zitzaidan, norberak bere ahotsa entzuten duenean bezala, baina inpresioa positiboa izan zen. Lehenengo aldiz Txirri, Mirri eta Txiribitonekin azaldu nintzen. Behi mozorro baten barruan sartuta, lagun batekin batera, eta beste batean, piano–jole moduan.

Lehia handia dago gaur telebistan? Beste tokietan bezala, denoi gustatzen zaigu noizean behin gure lanean nabarmentzea. Batzuetan, ondokoak ondo egiten duenean eta zuk gaizki egiten duzunean, izorratu egiten dizu.

Txikitatik nahi izan duzu aktore izatea? Ez. Ez nuen ezer pentsaturik, baina institutuan nengoenean antzerki ikastaro bat egin eta gustuko izan nuen. Hortik aurrera, ikastaro gehiagotan eman nuen izena, poliki–poliki nire etorkizuna hortik bideratuz.

Imitatzeko orduan, nor antzeratzea gustatuko litzaizuke? Ez naiz oso trebea horretan, baina nire lankideak imitatuko nituzke. Gehienetan, Wazemank telesaioan ez didate imitatzeko pertsonaiak jartzen.

Beste telesaioren batean parte hartzea gustatuko litzaizuke? Egingo nuke bai, baina momentu honetan beste eginkizun batzuk ditut, horien artean urte osoan zehar kale–antzerki batean parte hartzen dut, eta hortaz gainera, Xabinaitor super heroi euskaldun baten abenturak kontatzen dituen antzerki batean ere banabil.

Jendeak kaletik geratzen al zaitu? Normalean ibiltzen naizen lekuetan, ez. Gainontzean, herria zenbat eta euskaldunagoa izan (euskararen erabilpenaren arabera), orduan eta kasu gehiago egiten didate.

Gustatuko litzaizuke zure seme–alabek lan berdina edukitzea, zure pausoak jarraitzea? Beraiek gustukoa baldin badute, zergatik ez, probatu dezatela.