Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Olentzero. (Ikazkina): Euskal kultura eta hizkuntza maite duten ororentzat prest daukat oparia
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Testua eta argazkiak
Eskerrik asko Olentzero, guretzako tartetxo bat izateagatik, sasoi honetan lanpetuta zabiltzala badakigu eta!
Eskerrik asko zuei bisitarengatik!
Zer moduz joan da urtea? Haur eta gazte euskaldunak txintxoak izan dira urte honetan?
(Barre) Ezin dugu orokortu! Beti egoten da bihurri xamarra izan den portzentaje txiki bat! Halere, eta oro har, ez zait iruditzen horren gaizki joan denik 2010a. Txikienek maltzurkeriarik ez dutenez, ez dute ongi dagoenaren eta gaizki dagoenaren artean bereizten; eta gazteek normalean okerkeriak egin arren, laster ikasten dute ez errepikatzen...
Esango nuke, urte honetan helduek eduki dutela horrenbeste ikatz ekoiztu behar izatearen errua!
Dakizun bezala Euskonews Gaztea gazteei zuzenduta dago. Horregatik, 2010ean beraiekin erlazionatutarako zein albiste on eta txar nabarmenduko zenuke?
Nik esango nuke, krisia dela gehien astindu gaituen albistea, bestaldetik albiste ez izatera iritsi dena. Oro har, mutur batetik besteraino zipriztindu ditu deabruzko krisi horrek gure bazterrak eta auskalo zer ekarriko digun etorkizunak. Gainera, gazteentzat gogorra da bereziki, lana aurkitzeko dituzten arazoak direla, etxebizitza garestiegiak izatea ...
Baina, hor bai nik ezin dudala ezertxo ere egin, niri krisia zeuek gizon–emakumeok ekarri baitidazue, zeuen jarrera ulertezinarekin... Eta apeta aseezinak oraingo egoera iluna sortu du. Ez dut nire bizitza osoan oraingoaren moduko nahaspilarik ikusi...
Albiste onik? Nik gazteek duten gaitasuna eta arazo larri honi aurre egiteko gogoa nabarmenduko nituzke. Halere, gogoratzen dut, 2009ko abenduan 2010rako zeuen desioak jaso nituenean denetariko gogo on eta positiboak aurkeztu zenizkidatela... Baina sinetsi behar duzue nik –zeuen egiazko ekarpenetatik landa– ezin dudala gehiagorik egin. Zeuek ahal duzuena da nik buru dezakedana, ez gehiago ezta gutxiagorik ere.
Urte berriari begira, zer opatuko diegu?
Gazteei? Ikusiko dugu zer eskatzen didazuen eta esango dizut ahal den ala ez. Gazteok zeuen esku duzue etorkizuna. Nik historiako aro ugari bizi izan ditut eta denak diferenteak izan direla esan diezazuket. Orain zuek duzue gizartearen martxa gidatzeko aukera... Ez alperrik galdu!!
Halere, etorkizun on bat izan nahi baduzue, krisiaren desagerpena opa nahi dut eta horretarako gehiegikeriak alde batera uztea garrantzitsua dela esango nizueke, eta ez ahaztu, zeuengandik hasi behar direla ematen eskatzen dizkidazuen aldaketa guztiak! Olentzero.
Hitz egin dezagun gure hizkuntzari buruz. Euskal Herria lurralde ezberdinetan banatuta dagoela eta, bizi duen errealitatea ere ezberdina da. Ondorioz, ikatza norbaiti eman beharko bazenio, nork jasoko luke?
Askok jasoko dute tamalez ikatza aurten, eta ez pentsa pozten nauenik! Nahiago nuke opari gehiago banatu, baina horrela dago gizartea...
Batzuk aipatzearren, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, politiko gehienei, sindikatuei, gure gizartea euren esparru pribatutzat hartu duten guztiei... Gizartearen ongizatea begiratu beharrean, beraien interesa besterik ez baitute begiratzen.
Bestalde, esan duzun bezala, oso ezberdinak dira errealitateak lurralde batetik bestera. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabaren kasuan, ez dago bermatuta euskara administrazioan, ezta hezkuntzan... Baina ezta pertsona askoren eguneroko erabileran ere! Normalizazioa eskatzen duzue, eta maiz zuen esku dagoenari ere ez diozue heltzen... Bestaldetik, Ipar Euskal Herriko egoera hortxe dago.. Ez da erraza egoera, jendeak badaki, erabiltzen du, baina ez guztiek. Ondorioz, aurreneko elea euskaraz egiten ez duen orori ere, ikatza, abisu bezala bada ere!
Nafarroan bestalde, euskal kultura bere osotasunean zapaltzen da, eta horixe da arazorik nabarmenena. Pentsa, Gabonetan ezin naiz herri askotan kalera atera, eta herritar ugarirentzat tristezia momentuak izaten dira eta batez ere etxeko txikienek sufritzen dute. Nafarrek euren eskubideak defendatzen dituzte eta hori dela eta, aurten ere kalejiran ibiliko naiz, herriz herri, bertako haurrei ahalik eta irribarre zoragarriena erakutsiz. Mari Domingi Olentzerorekin menditik jaisten.
Oparia jasoko duenik ere egongo dela pentsatu nahi dut!
Zalantzarik ez! Euskal kultura eta hizkuntza maite duten pertsona orori eta oztopoei muzin egin eta aurrera egiten duten guztientzako prest daukat oparia. Euskara elkarteak sartuko nituzke bertan, baita euskal kultur eragileak, euren komertzioetan euskara baliatzen duten saltzaileak, kanpotik etorri eta euskaltegietan izena eman duten etorkinak, baita euskal diasporako euskaltzale guztiei, ez pentsa zuetaz ahaztu naizenik!
Bestaldetik, eta Nafarroatik bidaltzen dizkidaten eskutitzen eskaera ugariri erantzunez, Euskalerria Irratiak opari handia merezi du, hor jarraitzen duelako, lizentzien traben aurrean indartsu
Orokorrean elkarbizitza erosoagoa egiten ahalegintzen diren pertsona guztiei opariren bat eramango diet, txintxoak izan baitira. Horren harira, Gobernuz Kanpoko Erakunde batzuei, eta – benetan– gazteen ibilbidea erosoago bilakatzen saiatzen diren guztiei...
Eskatu desio bat 2011rako Euskal Herriarentzat.
Niri gustatuko litzaidake bakea, baina benetakoa. Badira urte mordoa halako eskakizuna egiten didatela Euskal Herritik... Baina, lehen niotsuen bezala, nik ezin dut ezertxo ere egin, zeuek ez badidazue laguntzen. Eta horretan ez zarete kontsekuente! Gauza bat da esaten duzuena eta beste bat, diferente guztiz, praktikara eramaten duzuena.
Beste desira bat, jende askok eskatu didana, Nafarroan ETB ikusi ahal izatea da. Nire laguntzaileek aipatu didate 2010ean Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia eta Kontseiluak Acció Cultural del Pa?s Valenci? izeneko erakundearekin batera, Mugarik Gabeko Telebista kanpaina burutu zutela, justu ETB Nafarroan ikustea posible izan zedin eta atxikimendu asko izan omen zituen ekimenak. Egia da baita ere, ez zuela funtzionatu, Nafarroako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza, biak ala biak, gormutu ageri baitira, atzerakoiak euren jarreretan. Baina ezin dugu amore eman eta halako jardunak funtsezkoak dira, urratsez urrats zilegi den hori lortzeko.
Azken gauza bat. Zer eramango zenuke zurekin itzuli gabeko erresumara?
Lehenik eta behin, mota guztietako bortizkeria opariak utzi ostean hutsik dagoen zakuan sartu eta etxe alboko txondorrean erreko nuke, baita elkarrekiko ezinikusi antzuak. Eta bestalde euskal kultura maite eta errespetatzen ez duten guztiak. Olentzero (Euskal Herria) Kristautasunaren aurretik existitzen da pertsonaia maitatu hau eta tokian tokiko izen ezberdinez ezagutu izan zaio: Xiularo, Kalerre, Xubilaro, Olentzaro... Euskal mendietan bizi da, Mari Domingi emaztearekin batera. Urtero Euskal Herriko eta baita diasporako umeen eskutitz mordoa jasotzen ditu, eta abenduaren 24ro, menditik jaitsi eta oztopoei aurre eginez ilusioz idatzitako horri erantzuten saiatzen da.