559 Zenbakia 2010-12-17 / 2010-12-24
Lehenengo eta behin, zorionak ENE Sariagatik!
Milesker! Ilusio handia egin digula ezin uka. Haize bolada fresko bat izan da elkartearentzat. Guztiok gabiltza gustura eta motibatua elkartean, baina elkartea izaki, beti ibiltzen gara lanez lepo. Horrelako errekonozimentu batek indarrak berritzen dizkigu, estres momentu horiek merezi dutela berresten laguntzen baitu; ikasleek agertzen diguten esker onarekin batera Saria jasotzea benetan da energia emailea!
Oker ez banabil 1981.urtean sortu zen Sustraiak–Erroak elkartea. Zerk bultzatu zintuzten urrats hori ematera?
Aurretik ere euskara kurtsoak ematen ziren Pariseko Euskal Etxean, baina hainbeste handitu zen euskara ikasteko eskaria, non elkarte bat sortu beharra izan zuten. Era berean, euskara kurtsoez gain, euskararen inguruan lan egiteko beharra zegoen, euskararen presentzia ziurtatu eta euskaraz egiten zen oro zabaltzeko lan handia egiteko zegoela oso nabaria baitzen.
Eta zein da zure egitekoa elkartean?
Beste elkartekideak bezala, denetarik egin beharra izaten dugu proiektuak aurrera atera ahal izateko. Ekintzen antolaketa dela, euskararekiko jendearen jakin–mina dela, hizkuntzaren inguruan Parisen dauden beharrak direla... zereginik ez da falta. Baina noski, elkartearen ardatza izaki, euskara irakastea da egiteko garrantzitsuena. Presidente lanetan ere banabil azken urte hauetan... Argazkia: Iñigo Leturiak utzia.
Bertan zabiltzatenok boluntarioak zaretela entzun dut.
Bai, hala da. Elkartearen estatutuetan argi eta garbi ezarri zen hori: bertako partaide guztiak boluntario moduan aritu behar dira, euskara maitatzea izanik elkartean parte hartzeko baldintza bakarra. Orain arte modu honetan jardun gara eta etorkizunean ere horrela aritzeko asmoa dugu.
Ez da beti erreza, kontutan hartu behar baita Pariseko kontextuak jendea asko mugiarazten duela eta irakasle askok urte batetan bakarrik eman ditzaketela kurtsoak. Baina halere, urtero jende berria motibatzen da eskolak ematera eta prest izaten da elkartearen dinamikan sartzeko. Nik uste, gaurko gizartea geroz eta indibidualistagoa dela, eta horretaz kexu garen garai honetan, oso datu garrantzitsua dugula. Aurten, adibidez, bederatzi irakaslerekin ari gara lanean... Ederra da horrelako baldintzetan lan egin ahal izatea!
Motibazio bereziren bat behar al da era horretan jarduteko?
Nik ez nuke esango motibazio berezirik behar denik, aurrez esan bezala euskararekiko maitasuna da funtsezkoena; hori, eta ikasleek ematen duten erantzuna. Kontutan hartu beharra dago Parisen euskara ikastera etortzen den oro hizkuntzarengan interesatua dagoelako etortzen dela, ez daudela beharturik: ez lan bat eskuratzeko, ez gurasoek behartzen dutelako...
Adin guztietako ikasleak ditugu: 16 urte dutenetik hasi eta 75 urte dituzteneraino; euskara ikasteko bakoitzak bere motibazio eta helburuekin, baina benetan interesatuak. Eta hori transmititu egiten diote klaseetan irakasleari eta horixe bera motibazio iturri garrantzitsuena bihurtzen da berarentzat. Ez da ahaztu behar gainera irakasle askok irakaskuntzarekin zerikusirik ez dituzten lanbideak ditugula eta ikasleen motibazioa are garrantzitsuagoa bihurtzen dela ondorioz. Esanguratsua da honako datua: ?Instituto Cervantes?ek gutxieneko eskari bat badu, euskara kurtso akademikoak antolatu ditzake Parisen. Hala ere, urteotan ezin izan dute kurtsorik antolatu; gurean, bestalde, 60tik gora ikasle izaten ditugu urtero eta gustura ageri dira proposatzen diegun elkarte funtziomenduarekin.
ENE Saria euskara eta euskal kultura sustatzeagatik eman dizuete. Zuen espedientearen arabera, ekimen ugari dituzue martxan. Euskara eskolak aipatu ditugu, baina noiztik zabiltzate horretan?
Aurrez agertu bezala, Euskal Etxearen sorreratik (1956) gabiltza, baina lehenagotik ere, eman izan dira euskara kurtsoak Parisen. Garai hartako testuinguruak euskaldunak Euskal Etxera bildu arazten zituen, Parisen behartuta bizi baitziren asko eta asko. Hauek ez zuten euskararekiko lotura galdu nahi. Ordutik asko aldatu dira gauzak, baita beharrak ere.
Gure elkartea 1981ean sortu zen, euskararen inguruan egiteko geroz eta gauza gehiago zeudela ikusi baitzen. Elkartearen sorrerak funtsezko eginbeharretan ez zuen aldaketa handirik suposatu, baina euskararekiko lotura berezia zutenek era egokiago batetan lan egitea ahalbidetu zuen, baliabide eta inplikazio handiagoarekin. Argazkia: Iñigo Leturiak utzia.
Ze nolako emaitzak lortu dituzue orain arte?
Lorpen handiena euskararekiko atxikimendua transmititzea dela uste dut nik. Eta urtero izaten ditugu horren erakusgarriak. Hori izan da eta izango da lorpen eta motibaziorik handiena nire ustez. Adibide gisa, euskara ikasten gure elkartean hasi, EGA atera eta orain irakasle gisa Sustraiak–en klaseak ematen ari diren partaideak jarri genitzake. Baina beste hainbat adibide aipa daitezke atxikimendu honen erakusle.
Zein izaten da ikasleen perfila normalean?
Bakoitza bere motibazio bereziarekin etortzen da elkartera. Egia da asko errepikatzen den kasua berreskurapena dela; guraso eta aiton amonek hitz egiten zuten hizkuntzaren berreskuratzea: sentimendu indartsu bat agertzen da horrelako kasuetan, nolabait ere askotan hizkuntza, desagertu diren pertsonekiko lotura gisa ageri baita. Horrek justifika lezake agian agertzen duten motibazio eta inplikazio handia.
Dena den, ez da hau ikasle guztien kasua; hizkuntzalari asko ere izan ditugu elkartean, euskararen jatorriek erakarrita gerturatu zaizkigunak: japoniarrak, ingelesak, frantsesak... jatorri askotakoak! Edota behin Euskal Herrira joan, herriaz maitemindu, eta hizkuntza ikastera gerturatu den egiptiar baten kasua.
Ikasleen maila nolakoa da?
Hori da gure elkartean izaten den arazo handienetariko bat. Oso zaila izaten da maila bereko taldeak definitzea. Bost maila ezberdin ditugu, baina maila bakoitzean jende ezberdinaren artean alde handia dago. Azken finean, gehienek ez dute helburu akademikorik eta ahal duten denbora eskaintzen diote hizkuntzari, bakoitzak bere neurrian.
Batzuek lan ugari egiten dute euren kabuz klaseetan jasotakoa lantzeko eta beste askok ez. Horrek maila ezberdintasun garrantzitsuak sortu eta klaseak emateko zailtasunak areagotzen ditu. Baina beno, aurten lehenengo aldiz Parisen azterketak pasa ahal izan ditugu, 1. eta 2. urratsetakoak, eta benetan hizkuntza lantzeko motibatuta daudenek bere maila frogatzeko aukera izan dute. Eta emaitzak oso positiboak izan dira!
Nola definituko zenuke euskararen erabilera, zure kasuan bezala, Euskal Herritik kanpo? Hots, ba al daude praktikan jartzeko abaguneak?
Oso zaila da gure elkarteak antolatzen dituen ekintzetatik kanpo Paris bezalako hiri batetan euskara erabili ahal izatea. Hori da hain zuzen ere gure ikasleen arazo handienetariko bat, aukera gutxi dituztela praktikatu ahal izateko. Horregatik ematen diogu garrantzi handia euskararen inguruan hainbat ekintza antolatzeari; zinema jaialdiak direla, poesia irakurketak direla, hitzaldiak direla... Ikasleak hizkuntzarekin kontaktuan jarriko dituzten ekintzak antolatzeari hain zuzen ere. Argazkia: Iñigo Leturiak utzia.
Eta hitzordu horien gainean zer nabarmenduko zenuke?
Film jaialdi, kontzertu, erakusketa, antzerki eta beste hainbat ekintza kulturalez gain, euskara ezagutzen ez dutenengana hurbiltzen saiatzen gara. Aurten, adibidez, Parisen antolatzen diren bi erakustazokatan parte hartu dugu: Expolangues, munduko hizkuntzen erakustazoka, eta Frantziako Postak antolatzen duena. Lehenengoan, 5 egunetan zehar, euskara ahalik eta gehien ezagutarazten saiatu gara eta bigarrenean, euskararen inongo ezagupenik ez zuten haurrei gure hizkuntza zer den agertarazten ahalegindu gara. Harritzekoa da askotan jendeak zein interes handia agertzen duen, existitzen zenik ere ez zekiten hizkuntzaren aurrean!
Baina egia esan gure elkartea, hein handi batetan, Parisen euskararen erreferentzia bihurtu denez, gauza ezberdin askotan parte hartzeko eskatu digutela. Anekdota gisa, GPS nabigatzaile bat euskaratzeko jaso genuen eskaria!
Azken finean euskal kulturaren hedapenean laguntzen duzue.
Hori gure elkartearen estatutuen puntu garrantzitsu bat da. Eta horretan saiatzen gara. Ez da erreza eskaintza kultural hain handia duen Paris bezalako hiri batetan, baina erantzun positibo asko izaten ditugu eta horrek ematen digu indarra aurrera egin ahal izateko.
Nola ikusten duzu elkartearen etorkizuna? Proiekturik bai?
Elkartearen etorkizuna? Nahiko egunerokotasunean egiten dugu guk lan eta gure elkartearen ardatz nagusia euskara klaseak izaten jarraituko dute hurrengo urteetan behintzat. Gustatuko litzaiguke jende gehiagorengana iristeko aukera edukitzea, baina gure ahalbideak mugatuak dira eta kontextu horretan jokatu beharrean gaude. Urtero batez beste ditugun 60 ikasleak beren kabuz etortzen dira euskara ikastera; beraiek bilatu dute gure elkartea. Ziur aski publizitate pixka bat eginez gero kopuru hau handituko genuke, baina ez genuke klaseak behar bezala emateko ahalbiderik izango...
Horrela, gure hurrengo urteetarako erronka nagusia euskal kultura Pariseko bizitza kulturalean sartzea izango da, euskal folkloreaz at, gaur egun Euskal Herrian dauden mugimendu kultural ezberdinak ezagutaraziz. Pixkana leihotxo bat zabaltzen hasi gara, baina lan izugarria dugu oraindik ere egiteko. Iñigo Leturia (Urretxu) Iñigo 2000. urtean ikasketak bukatzera abiatu zen Parisera; urte batetarako joan eta oraindik ere Frantziako hiriburuan dabil. Telekomunikazio ingeniari gisa ari da ordutik. Hala ere, betidanik ziur eduki du Pariseko etapa bizi osorako ez dela izango, baina oraindik ere gustura bizi da frantziar hiriburuan hiri horrek ematen dituen aukera guztiak aprobetxatzen. Bertan, Sustraiak–Erroak elkarteko presidente karguan dago eta Eusko Ikaskuntzaren ENE Saria eskuratu dute 2010ean.