Euskonews Gaztea
Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (LIX): Santa Grazi eta Larraine
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Asteko proposamena Zuberoa aldean kokatu dugu, toki eder hau sarri ezezaguna egiten baitzaigu eta gertutasun handiagoaren bila ekingo dugu gure txangoa. Larraineko etxe bat eta atzean, Mendibeltza mendialdea. Argazkia: Gaizka Garamendi (3digitala)
Larraine izango dugu abiapuntu. Inguru hauek monumentu megalitikoz josita daude; askoren artean aipagarriak dira Organbideskako harrespilak edota Lapati?ega?eko tumuluak.
Askorentzako toki ospetsua da udalerria, batez ere, Holtzarteko arroilak bertan daudelako eta bisitari ugari erakartzen ditu Olhado erreka gaineko egurrezko zubi esekiak. Hirurogeita hamar metro luze ditu, eta bertigorik ez baduzu, abentura polita izan liteke alderik alde igarotzea.
Toki menditsu batetan aurkitzen garenez gero, aukera anitzez goza dezakegu gailurren batetara igotzeko gogoz abiatzen baldin bagara. Hala, besteen artean, Salhagaina (1053 m), Belozkarre (1173 m), Barazea (1893 m) edota Orhi (2022 m) zain izango ditugu. Bata zein bestea aukeratzen dugula, gozagarri izango da gure begientzako, goraino joan eta paisaiaren edertasuna zain izango baitugu. Santa Grazi helmuga
Guk aurrera egingo dugu bidean eta Santa Grazi aldera joko dugu, Larrainetik 20 kilometro ingurura. Mendeetan jende andana gerturatu izan da urtero Urdatx moduan ere ezagun den udalerrira; preseski, Done Jakue bideko atsedenleku ospetsuetariko bat zen, Maria Magdalena eliza zaharraren ondoan ospitalea altxatu baitzuten erromesak artatzeko. Santa Graziko Kolejiata Leireko monasterioari emanak izan zen 1085eko agiri batzuen arabera. Halere, urteekin gainbehera sufritu zuen lekuak, XVI. mendea horren puntu gorena izan zelarik, garai hartan estatuan eman ziren erlijio gerrak zirela eta. Kakuetako haizpitarteak, Urdatxen. Argazkia: Gaizka Garamendi (3digitala)
Beste zenbait guduren testigu ere izan da udalerria historian zehar. Hala, esaterako, 1793an Konbentzio Gerraren eraginez Erronkariko herritarrak bertaraino iritsi ziren armada frantsesaren atzetik eta udalerria ia–ia txikitu egin zuten.
Urdatxen Santa Grazi Abadia bisitatzera joan gaitezke, 1862. urtetik gizateriaren monumentu bezala kalifikatuta dagoena. Eraikina XII. mendekoa da eta gertu dagoen hilerria ere ikusteak merezi du.
Bestalde, naturagatik da aberatsa Santa Grazi eta hori dela eta, Kakuetako arroilak ezagunak ongietorria egiten dio izadia maite duenari. Bertara joanez gero, ez dugu galtzerik izango, informazio panel ugari aurkituko baititugu bidean, baita heldulekuak edota sareak ere, besteen artean, segurtasunez ibili ahal izateko.
Paraje ikusgarriak gure zain daudela eta, bizitzan behin bederen bisitatu beharreko tokia dugu Zuberoa alde hau. Jakin baitakigu gizakiak nola eralda dezakeen natura, eta hori gertatu aurretik, toki xarmangarria ezagutzera animatzen zaitugu. Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com