557 Zenbakia 2010-12-03 / 2010-12-10
Hau izan zen Mikel Laboaren azken diskan entzun genuen harribitxietako bat. Testuaren egilea oso ezaguna da eta baita ere kitarraz betikotu egin duena. Kontzeptua bera ere, zergatik ez, oso ezaguna da niretzat.
Izan ere, nekez irudikatzen dut nire burua gaztelaniaz hitz egiten edo idazten. Badirudi “farrukada” bat dela, harropuzkeria bat, baina inondik inora. Hiru urtetatik hogeita hiru urterarte euskaraz ikasi ahal duen rara avis horietako bat nauzue. Euskara da nire sorterria eta nire aberria eta beste aberrietan arrotz xamar sentitzen naiz. Gustura ez behintzat. Argazkia: 3oheme
Izan ere, artikulu hau idazteko orduan oroitzen aritu naiz zer den euskara niretzat. Euskara da Fermin Muguruza entzutea logelako musika aparailuan “Euskalduna naiz eta harro nago” oihukatzen. Euskara da amonaren “Arre arre mandako” haur kanta, ikastolan goizeko 11etan ematen ziguten esnearen zaporea. Euskara da nekea, udalekuetan egun osoa korrika eta saltoka ari ostekoa. Euskara da lehen aldiz norbaiti “maite zaitut” esatea, nahiz eta kartaz eta era apur bat kutrean izan. Euskara da BECeko usaina, 14.000 lagun daudenean egun oso bat bertan sarturik bertso saio bat ikusten.
Euskara da ausardia Ferixalekuan –ikastolan–, DBHn, errotulagailu bateaz ezabatzen duzun lehen kartel erdalduna. Euskara da aurreko ekintza egin izanak uzten dizun zalantza, “ondo egin dut ala ez, penatu zen akaso kartela jarri zuena...”. Euskara da dezepzioa, ikustean inguruko guztiek nahiago dutela gaztelaniaz egin. Euskara da humiliazioa, barre egiten dizutenean gaztelaniaz ondo ez jakiteagatik edo azentu “baserritarra” edukitzeagatik.
Euskara da musika, euskara da oroitzapena, euskara da zaporea, euskara da usaina, euskara da nekea, euskara da maitasuna, euskara da ausardia eta zalantza, dezepzioa eta humiliazioa... baina batez ere euskara da mundu gero eta berdinago, gero eta pobreago honetan ezberdina izateko dagoen azken itxaropena. Mundu honetako hiritar lez aurkezteko modurik originalenetako bat, politenetako bat. Eta ez daukat zalantzarik, mundua gero eta uniformeagoa den garaiotan herri eta hizkuntza txikiak garela salbazioa.
Amen.