556 Zenbakia 2010-11-26 / 2010-12-03

Euskonews Gaztea

Gaiak: Kotte Susperregi Aizpurua. Psikologo eta sexologoa

ETXANIZ, Elene GARATE, Maitane GARITANO, Amaia GOMEZ, Iosu OTEIZA, Aritz

Bergarako ARANZADI IKASTOLAko ikasleak

Kotte Susperregi. Argazkia: Aranzadiko ikastolako ikasleak.

Adina: 41 Herria: Hondarribia Ikasketak: Psikologia, Gorputz Terapia, Sexologia eta Gestalterapia Lanbidea: Sexualitate irakaslea Pelikula bat: La vida es bella Kolore bat: Morea Bidaiatzeko toki bat: Momentu honetan ez daukat batere garbi Amets bat: Nire inguruan gauza politak eragitea Zenbaki bat: 7 Bizitzako leloa: “Utzi egiten!” Musika talde bat: Beti Mugan Futbol talde bat: Ez naiz futbol zalea Zer nahiago duzu mendia ala itsasoa? Biak Cola Caoa edo kafesnea? Momentuaren arabera

Nolatan hasi zinen lan honetan?

Psikologia ikasten nengoela, azken urtera arte ez nuen batere garbi izan. Baina, karrerako 5. mailan Psikologia Sexuala ikusi nuen eta asko interesatu zitzaidan, eta neure buruarentzat irteera bat izan zitekeela ikusi nuen.

Zerk bultzatu zintuen lan hau aukeratzera?

Neure burua eremu horretan lantzeko beharrean ikusi nuen, kontziente nintzen nola funtzionatzen zuen eta edozein pertsonari osotasunean lagungarria egingo zitzaion zerbait iruditu zitzaidan. Gainera, gai honen inguruan oztopo eta errepresio asko dagoela pentsatzen dut eta gure lana behar–beharrezkoa da.

Inoiz imajinatu al zenuen lan honetan bukatuko zenuenik?

Esan bezala, ez neukan batere garbi eta oraindik ere ez dakit neure burua 60 urterekin gazteen aurrean ikusten dudan. Ez dakit, momentuz 17 urte daramatzat eta asko da.

Zein da zuen helburua?

Helburua bereziki gizartearen eredua deuseztatzea litzateke. Sexualitatea ez da genitala, ez da koitoa bakarrik, sexualitatearen dimentsioari zabalera handiagoa eman behar zaio. Ikusarazi nahi dugu aukera asko daukagula gure gorputzarekin ondo sentitzeko eta maitasuna egiteko modu diferente asko daudela.

Jendeak zuek esandakoa serio edo bromatzat hartzen du?

Normalean serio hartzen dute, baina iruditzen zait beti ere denbora gutxi izaten dugula nahi dugun guztia komunikatzeko. Nik beti esaten dut: nire lana pareta gris bati kolorea ematea bezala da. Eta kolore guztia ezin diogu eman denon artean, baina tantak bai, eta pareta hori poliki–poliki kolorea hartzen doa. Hori, neurri handi batean, jendeari esker da. Kotte Susperregi. Argazkia: Aranzadiko ikastolako ikasleak.

Zein uste duzu dela momentu honetan gazteen jarrera sexuarekiko?

Nik uste dut interes handia dagoela, kontziente gara gauza inportantea dela, baina, aldi berean, tabu asko daude jaso dugun heziketaren erruz. Nahiz eta guk debekua ez dugun ezagutu, askotan lotsa eta beldur asko sentitzen dugu, komunikatu ezina. Horrek ondorio negatibo asko sortzen ditu.

Ikasleek nolako jarrera izaten dute orokorrean zuen klaseetan?

Orokorrean, primerakoa.

Aurreneko saioetan jendea lotsatuta egoten al da?

Bai, baina aurrera egiten dute. Ni beti naiz lehena gazteak defendatzen, askotan fama txarra duzue, baina jende zoragarria dago.

Klase batean bizitako anekdotaren bat kontatuko diguzu?

Behin, brometan, beti egiten dudan txantxa bat egin nuen: “Kondoia jartzeko zakil bat?”, eta mutil batek esan zidan: “Ni”. Guztiz harrituta gelditu nintzen eta, noski, ez nuen atzera egin, eta aurrera egiteko esan nion. Denok kalera ateratzeko esan zuen eta hala egin genuen. Atera ginen kanpora eta ni oso urduri jartzen hasi nintzen. Atea jo nion eta “Ez dut bukatu! Ez dut bukatu!”. Atea ireki genuen eta hantxe zegoen mutila, kondoia erdi jarrita eta... Beno, hori niretzako flash handia izan zen, ez nuen atzera egin ez nuelako nahi, baina urduritu nintzen bai. Ez nuen espero.

Ikastola asko daude interesatuta zuen proiektuan?

Bai, urtero 25–28 eskola inguru izaten dira.

Animatuko zenuke jendea lan honetara dedikatzera?

Bai, gertatzen dena da norberaren burua ikusi behar dugu egiteko honetan, eta gogoa edukiz gero, benetan behar handia dagoela esango nuke. Ez dakidana da gero gobernuak hori finantzatzeko helburua ote duen, baina beharra, behintzat, badago.

Zerk harritzen zaitu gehien?

Askotan gehien harritzen nauena gauzez konturatzeko dugun falta hori da; gauza bat pentsatzen dugula eta ez dela horrela. Engainatu ez dakit engainatzen garen, baina askotan ez daukagu kontzientziarik eta zaila egiten zaigu... Dena den, normala iruditzen zait.

Zer da zure lanetik gehien eta gutxien gustatzen zaizuna?

Batez ere pertsonekin lana egitea atsegin dut, eta gutxien berriz, gizartearen hipokresia.

Zein da egiten dizuten galdera ohikoena?

Koitoaren inguruan galdera asko egiten dizkidate eta masturbazioa ere interes handia pizten duen gai bat da.

Ze gomendio ematen diezu gaur egungo gazteei?

Norberak bere irudia barneratua izatea, maitatzea, hoberena merezi dugula sinestea, eta horren ardura gurea dela konturaraztea oso garrantzitsua dela. Egia esan, neure burua ez badut garrantzitsutzat hartzen, ezin diot albokoari horrelakorik eskatu. Ni inportantea naiz, eta ni inportantea banaiz, bestea ere bada.

Komentatzeko zerbait?

Ba, berriro diot, nahiz eta askotan lanez aldatzea pentsatu dudan, egunetik egunera kontzienteagoa naiz nire lana polita dela, gustura sentitzen naizela nire lanarekin, eta nahiz eta denbora gutxi egoten garen normalean ikastetxeetan, sinetsi nahi dut zerbaitetarako balioko duela.

Eta bukatzeko, harreman sexualak izateko lekurik arraroena? Eta hoberena? Eta txarrena? Eta politena?

(barre) Ez dakit, ba! Beno, leku batzuk oso deserosoak dira, horregatik batzuetan leku baten beharra egoten da, adin konkretu batzuetan, batez ere! Gero, jadanik, ez... (barre) Beti dago kontatzeko anekdotaren bat!