Euskonews Gaztea
Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (LVI): Ondarroara
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Bizkaiko kostaldeko herri honetara egingo dugu bisitaldia gaurkoan eta kresal usainarekin zipriztinduko gara.
Hala, Txomin Agirre, edota Kirmen Uriberen jaioterrira gertuko gara; Ondarroako zertzeladak eskainiko dizkizugu jarraian, koadro bat marrazten ibiliko bagina bezala. Gipuzkoarekin mugan dagoen udalerrian barneratuko gara, kale maldatsuetatik ibiltzeko aukera izango dugu, edota ibaiaren ertzetik itzulitxo bat burutu dezakegu; aukeratzen duguna aukeratuta, historiaz kutsatuko garela zalantzarik ez.
Geuk baina, kotxea Ondarroan utzi barik, Mutrikukoa den Saturraran hondartzako parkingean uztera animatzen zaitugu; bertatik paseatzen gerturatuko gara gure helmugara, itzuli polita eginez eta itsasoaren brisa sentituz, lasaitasunean.
Ondarroa herri moduan XIV. mendean -1327ko irailaren 28an- sortu zen, Maria Diaz Harokoak orduan eman baitzion hiri-gutuna, eta horrek zekartzan pribilegioak eskuratu zituzten herritarrek. Gainera, mende hartantxe Alfonso XIak zerratokia ustiatzeko baimena eman zien baita ere.
Horiez gain, eta gaur egunera arte bestelako jazoera ugari eman dira Kantauri itsasoari begira dagoen udalerri honetan. Besteen artean, Ingalaterraren kontrako ligan esku hartu zuen 1351n; 1794an Konbentzioko gerraren ondorioz, armada frantsesak udalerriari su eman eta ehun eraikinetik gora erre zituen. Azken gertakari horren ondorioz, egun Erdi Aroan altxatutako eraiki gutxi mantentzen dira.
Halere, zer ikusi badaukagu, eta bisitaldiarekin hasiko gara. Antiguako Amaren baseliza aipatuz ekingo dugu. Hiribilduaren gainean dago, estrategikoki talaia batetan kokatuta; XV. mendearen amaieran altxatu zuten, eta orduan herriko parrokia zen. Bisitatzeko moduko beste eraikuntza erlijioso batzuk, Andra Mari Eliza (XV-XVI mendeetan eraikia) zein Pietate edota Aita Eterno baseliza (XIV) dira.
Baina arkitektura zibilak ere garrantzia dauka Ondarroan, batzuk antzinakoak, besteak modernoagoak. Hala, harrizko Zubi Zaharra aipatu beharko genuke, elementu adierazgarriena baita; XIV. mendean egurrezko zubi altxagarri baten tokian ipin zuten, eta garrantzia handia hartu zuen, ezen bertatik animaliekin igarotzen ziren pertsonek eta itsasontziek zergak ordaindu behar izaten zituzten. Beste bi zubi modernoago ere badaude Ondarroan, bata Plaiko zubixe moduan ezagutzen dena (XIX) eta bestea Santiago Calatravak diseinatutako Itsasaurreko zubia (1995).
Baina gainera, Likona Dorrea (XV), Udaletxe Zaharra (XVIII), edota Kofradia zaharra (XX) eraikinak ikusteak ere merezi du. Horretarako, alde zaharrean murgildu besterik ez dugu egin behar.
Gaurko osteratxoaz irakurtzen tokia bertatik bertara ezagutzeko gogoa piztu bazaizu, ez geratu eserita. Xarma handiko lekuak itxaroten zaitu eta! Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com