554 Zenbakia 2010-11-12 / 2010-11-19

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ikastetxeetako bortizkeria, kontrolatua ala kontrolik gabea?

FERNANDEZ, Hansanee

Gasteizko OLABIDE Ikastolako ikaslea



Bortizkeria gure ikastoletan pil–pilean dagoen gaia da. Irakasleek ez ezik, gurasoek ere arazo honi konponbideak jarri arren,egoera hau ez da aldatzen; guk, ikasleok, arazo honi aurre egin behar diogu. Eta horretarako nahikoa da gure buruari galdetzea zein den egoera honen kausa nagusiena eta nola iritsi garen honetara. Argazkia: Zzclef

Arazo honen adibiderik garbiena 2009ko otsailaren 10ean Ermuko herrian (Bizkaia) gertatutakoa da. Anaitasuna ikastolan ikasten zuen 16 urteko neska bat jipoitu zuten 6 gaztek, ospitalera eraman zuten aurpegian eta gorputzean zituen zaurien ondorioz. Egun asko pasatu behar izan ziren, neskak bere senda–agiria eskuratzeko. Hala ere, ez zen neska honek arazoak izan zituen lehenengo aldia, izan ere, duela hilabete batzuk bera zen jipoi hauen protagonista, hau da, bera zen besteei “bullying” egiten zien pertsona.

Baina etikoa al da esatea pertsona batek merezi duela jipoitua izatea? Nire ustez ez. Horren arrazoi argiena honako baieztapen hau da: “biolentziarekin lortzen dugun gauza bakarra biolentzia da.” Gainera arazo honen kausa ez da neska honek “bullying” egiten zuen ala ez, baizik eta neska jipoitu zuten gazteen arazoak edo buruan zer–nolako ideiak halako astakeria bat egiteko. Hori dela eta, arazo hau sustraietatik moztu behar da, eta ez justifikaziorik edota aurkitu ezin diren errudunak bilatu.

Hau guztia esan eta gero, konponbiderik argiena txikitatik jasotzen dugun irakaskuntzan dago. Etxean zein ikastoletan ume txikiei irakatsi behar zaie eguneroko elkarbizitzan nola jokatu behar duten eta horretarako modurik errazena gu beraientzako eredu ona izatea da, izan ere esaera zahar batek esaten duen moduan, “etxean ikusia umeak ikasia.”

Laburbilduz, aipatu dago arazo honi aurre egin ahal izateko guztion laguntza behar dugula, konponbidea bilatzeko eta lehen aipatutako gertaerarik berriz ez gertatzeko. Hori dela eta, indarrak batu eta ekin bideari!