Euskonews Gaztea
Gaiak: Gazteak eta etorkizuna: kezka nagusi
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Gaur egungo errealitatea aski konplikatua dela ezin du inork ukatu, ez da erraza aurrera egitea daukagun panorama medio, ezen oraindik ere ekonomia arloari dagokionez, estutasuna da nagusi, esaterako. Eta zer esanik ez, horrek dakartzan ondorioak ere askotarikoak dira, zoritxarrez: ateak itxi behar izan dituzten enpresak ez dira gutxi; langabeziaren hazkundea; behin independentzia bila gurasoen etxetik alde egin zuten seme–alaben itzulera... Argazkia:Pacopus
Krisia iragartzeko kanpaiek XXI. mende honetan aurrenekoz jo zutenetik denboratxo bat igaro den arren, oraindik ere ezegonkortasun handia bizi du gure inguruneak. Batzuetan badirudi egoerak hobera egiten duela, bestetan atzerapausoak ematen direla ematen du, edota ezer mugitzen ez denaren sentsazioa ere sarritan izaten dugu. Denok sufritzen ditugu ondorioak; nahiz eta maila handiagoan edo txikiagoan izan, jende gutxi libratzen da horretaz. Gazteen egoera zaila
Pertsona ugarik pentsatzen dute gazteek ez dutela ezer egiten, eta alfer fama ere usu ipintzen zaie, nahiz eta askotan erakutsi den gazteak ekintzaileak eta arrakastatsuak ere izan daitezkeela. Ezin dugu ahaztu, bestaldetik, gazteek krisi egoeratan langabezia tasa handia pairatzen dutela –Hego Euskal Herrian, % 32koa izan da 2010eko bigarren hiruhilekoan. Besteak beste, euren esperientzia urria medio, merkatuko ateak askoz errazago ixten zaizkie.
Halere, badago azken urteotako fenomenoa bilakatu den Ni–ni edo Ez–ez belaunaldia ere hortxe daukagu, ez ikasi ezta lan egiteko asmorik ez duten gazteek osatutako taldea alajaina. Gutxiengoa izaten jarraitzen duten arren, ugari dira gurasoen etxea hor eduki bitartean, ikasi edo lan egitea beraien planetan sartzen ez diren gazteak.
Haatik –eta zorionez– 16–24 urte arteko neska–mutil guztiak ez dira horrelakoxeak, ezta pentsatu ere! Lan mundura salto egiteko bide estua aurkitzen duten gazteek zer egin pentsatu behar dute, egoera hobetu arte itxaroten geratu edota bide ezberdinak esploratu eta neska–mutil asko dira kosta ala kosta zerbait egiteko gogo bizia dutenak. Argi eta garbi dute, ezin direla geldirik egon eta aukerak bilatzen saiatzen dira; maiz egoera gazi–gozoa izaten da, postu bat lortzen dute baina kontratuko lan–baldintzak kaxkarrak izaten dira.
Lanposturik aurkitu ezean, ikasten jarraitzeko hautua egiten dute askok: hizkuntzak ikasten hasten dira batzuk; beste batzuk aurrez burutu dituzten ikasketekin zerikusia ez duen beste alor batetan barneratzen dira, ogibide berri bat ikasiz...
Norberaren curriculuma osatzen joatea garrantzitsua da etorkizunerako, eta horretarako mugitu egin behar da. Hobe da norberaren burua janztea, esperientzia eskuratzea, eta urruti dirudien etorkizuna lantzen hastea, gauzek kolore iluna dutela iruditu arren, garai hobeak ere iritsiko baitira.