Euskonews Gaztea
Gaiak: Garun paralisia
ARANA, Julen BEITIA, Asier GARITANO, Imanol REVILLA, Nahia SAN MIGUEL, Libe SAN TORCUATO, Amaia
Bergarako ARANZADI Ikastolako ikasleak
Askotan pentsatzen jarri ez arren, gure inguruan asko dira garun paralisia duten haur, gazte zein helduak. Garun paralisia garuneko lesio bat da eta honek mugimenduan eta batzuen adimenean eragiten du.
Garun paralisia dutenen bizitza gurearen bestelakoa da. Euren gabeziak direla eta, eguneroko ekintzak, askotan, beraientzat erronka bihurtzen dira.
Garai batean, garun paralisia zuten haur batzuk ez ziren eskoletan ongi etorriak izaten eta askori baliabide publiko guztiak ukatzen zizkieten. Gurasoak egoera horietaz aspertuta eta beraien seme–alaben bizi egoera hobetu nahian, elkarte bat osatu zuten, eta horrela sortu zen Aspace. Made in Aspace proiektuko parte hartzaile bat.
Elkarte honi esker, garun paralisia duten pertsonak gizartean aurrera egiteko gai direla konturatu da jendea. Hala ere, bizi garen gizartean, ikastoletan eta lanbideetan zaila egiten zaie beraien lekua aurkitzea. Aspace, lan gogor eginez
ASPACE duela 25 urte sortu zen. Garun paralisia zuten haurren gurasoak talde txikietan elkartu ziren beraien seme–alaben arazo eta gabeziak konpontzeko asmoz, eta apurka talde hau indarra hartzen joan da. Aspacek berdintasuna bilatzen zuen eta izen horrekin hainbat zentro zabaltzen hasi ziren, ezinduei laguntzeko asmoz. Gaur egun, egoitzak Gipuzkoa guztian zehar banatuta daude (Bergara, Arrasate, Eibar, Azpeitia, Urretxu, Irun, Donostia, Beasain eta Zarautz) eta bertan adin ezberdinetako ezinduei laguntza ematen zaie.
Aspacek argi du bere helburua: garun paralisia duten pertsonei arreta espezializatua eskaini, beraien bizitza hobetzeko eta bereizketari irtenbidea emateko. Haur eta helduen zentroak ez dira batera egoten. Banatuta egotearen arrazoietako bat, adina dela eta, aktibitate ezberdinak burutzen dituztela da.
Haurrak, garai batean ez bezala, zorionez, gaur egun, hezkuntza–zentro arruntetan daude eta ikasle kopuru txikiak osatzen dituzte, eskola–ingurunea beste haur batzuekin partekatzeko. Gainera, hezkuntza berezia ere eskaintzen diete, eta bertan esparru ugari lantzen dituzte: komunikazioa, motrizitatea, autonomia... Belen Ortiz de Zarate Bergarako Oxirondo egoitzako arduraduna da. Berak zera adierazi digu: “Garun paralisia duen haur baten ikasteko eta gauza berriak ezagutzeko gogoa beste edozein haurrena bezalakoa da. Zentro hauetako irakasle eta zaintzaileak profesionalak izaten dira eta beraien lana, haurrari ongi arnasten, hitz egiten eta abar erakustea da.”
Helduei, 18 urtetik gorako ezinduei, arreta berezia eskaintzen diete egoitzetan. Bertako zerbitzuen bidez garun paralisidun pertsonen bizi egoera hobetzen da. Zoritxarrez, garun paralisia sendaezina da, baina elbarriak bere gaitasunak lantzen baditu, egoera hobetu dezake. Kirolaren bidez mugimenduak hobetzen dituzte eta komunikazioa landuz harreman sozialak garatzen dituzte. Hori dela eta, askotarikoak dira zentroan egiten dituzten jarduerak.
Batetik, ezinduak eguneroko bizitzarako prestatzen dituzte, etxean egin beharko dituzten lanak egiten erakutsiz, arropa garbitzen eta abar.
Bestetik, Made in Aspace proiektua dute esku artean. Proiektu honen bidez, hainbat erabilerarako zumezko saskiak egiten dituzte: arropendako, bainugelarako ontziak, ogiak edukitzeko saskiak... Proiektu honen helburu nagusia garun paralisidun pertsonek egindako produktuak ez direla kalitate txikiagokoak adieraztea da. Honen asmoa ez da da aberastea, baizik eta pertsona horiek proiektu honen eta beste batzuen bitartez gure gizarteari eman diezaioketena baloratzen jakitea. Bergarako Aspaceko ikasle den Haritz Bikuñak azaldu digunez, “proiektu honek Kutxaren babesa dauka eta egindako saskiak azoka desberdinetan saltzen ditugu”.
Made in Aspace proiektuaz gain, ezinduen mugimenduak lantzeko, kirola egiten dute. Dordoka taldea da Aspaceko ikasleei kirola egiteko aukera ematen diena.
DORDOKA TALDEAREN bidez Aspaceko ikasleek elbarrituendako egokitutako kirolak egiten dituzte. Agustin Toledo Dordoka taldeko presidentea da. Berak dioenez, Dordoka taldean inor ez da kanpo sentitzen, bakoitzari bere aukeren arabera moldatzen baitzaio kirola. Boccia praktikatzen.
Kirol hauen artean boccia dago. Boccia ezinduei egokitutako petanka antzekoa da. Kirol honetan erruberadun aulkian dauden kirolariek bakarrik parte har dezakete. Pilotak eskuarekin edo oinekin jaurtitzen dituzte, ez bata ez bestea erabili ezin dutenek kanaleta edo aldapa bat erabiltzen dute, beraiek norabidea aukeratu eta pilota buruaren laguntzaz bultzatzen dute. Kirol honen xedeetako bat berdintasuna da eta horregatik ez dute sexu desberdintasunik egiten; hala, bai emakume zein gizonezkok kategoria berdinean parte hartzen dute.
Kirol honez gain, pisu jaurtiketa eta slaloma (gurpildun aulkietan) praktikatzen dute. Beti ere, beraien gaitasunetara egokituta, noski. Slalomean, gurpildun aulkian, ahal den eta denbora gutxienean hainbat oztopo saihestu behar dira. Pisu jaurtiketan, 3 edo 5 kiloko bola bat jaurtitzen da ahal den eta urrutien.
Garun paralisia jasaten duten pertsonek laguntza behar izaten dute beraien kirola egiteko (pilotak jasotzeko, distantziak neurtzeko...). Oihane Arazkonaga Dordoka taldeko laguntzailea da. Bere esanetan, garun paralisia dutenekin lan egitea ez da batere gogorra. Zer egin edo nola lagundu ez dakizunean, onena beraiei zuzenean galdetzea da. Beraiek esaten baitute nola nahi duten lagunduak izan.
Dordoka taldeari buruz zerbait gehiago jakiteko bertako lehendakaria den Agustin Toledorekin izan gara. Honako galdera hauek egin dizkiogu:
Zer dela eta izen hori?
Azken batean, izen horrek gu definitzen gaitu. Guk, dortokak bezala, mugimendu motelak egiten baititugu.
Nola sortu zen talde hau?
Hasieran, entretenitzeko sortu zen, baina urteekin txapelketa munduan sartu ginen. Geroztik, ez dugu atsedenik izan eta hainbat txapelketatan parte hartu dugu, zenbait domina irabaziz.
Zertarako sortu zen?
Azken finean, gure bizi egoera hobetu nahi dugu eta horretarako kirola egitea garrantzitsua dela pentsatzen dugu. Dena den, gainontzekoen kirol berdinak ezin ditugu egin, eta horregatik talde hau sortzea erabaki genuen.
Garun paralisia dutenen eguneroko bizitza ezberdina izan arren, beraiek ere, edozein herritarrek bezala, ikasteko, lana egiteko eta dibertitzeko gogoa eta eskubidea dute.