Euskonews Gaztea
Gaiak: The Crackers, punk doinuen sortzaileak
Punk–Rock musika jotzen duen talde gaztea dugu The Crackers gipuzkoarra. Leintz Gatzaga eta Aretxabaletatik datozen lau gaztek osatzen dute: Ibai Agirreurreta baxua eta abeslaria; Eneko Iglesias eta Joxe Ayudarte gitarra jotzaileak; eta, azkenik, Beñat Etxabe, bateriaz arduratzen da.
Noiz hasi zineten elkarrekin jotzen?
Gure elkarketaren data zehaztea zaila da, baina ikastolak antolatutako ikasbidaian finka genezake, hau da, 2007an.
Zein izan zen zuen elkarketa horren arrazoia?
Denok musika mota bera entzuten genuenez, talde bat osatzea erabaki genuen, musika mota hori sortzeko. Gainera, ez gintuen inork bultzatu horretara, baina ezta atzera joateko eskatu ere, izan ere, asko animatu gintuzten.
Zer dela eta The Crackers izena?
Lagun batek proposatu zuen eta guztioi ondo iruditu zitzaigunez halaxe ipini genion izena.
Nondik atera zenuten instrumentuak erosteko dirua?
Familiako kideek lagundu ziguten eta senideek emandakoa aurreztuz lortu dugu beharrezko guztia erostea.
Zeintzuk dira zuen abestien gaiak?
Nahiz eta gai finkoetan zentratzen ez garen, politikaz abestea dugu gustuko. Horren zergatia, egunerokotasunean ikusten duguna da. Nahikoa gauza ez zaizkigu gustatzen eta horiek erasaten gaituzte. Azken finean gizarteak kezkatzen gaitu; hipokresia gehiegi ikusten dugu uneoro edozein tokitan. Faltsukeria ere nagusi da eta ez zaigu bat ere gustatzen.
Musika talderen batean oinarritzen zarete? Eta idolorik ba al duzue?
Orokorrean ez. Gustatzen zaigun gauzetan arreta ipini eta gero, gure erara moldatzen dugu. Bestalde, idolo zehatzik ez dugu. Hala ere, begirunea diegu talde batzuei.
Zaila al da zerbait argitaratzea?
Ekonomikoki oso. Laguntza jasotzea ez da batere erraza. Halaber, gehiago ordaindu behar da estudioaren batean grabatzeagatik.
Eta dirua irabazten al duzue musika egiteagatik?
Momentuz ez dugu ezer irabazi. Oraindik hasiberriak gara eta, ondorioz, ez gara oso ezagunak. Edonola ere, horrek ez gaitu gehiegi kezkatzen, benetan nahi duguna ondo pasatzea baita. Eta horrez gain, musikaren bidez gure pentsamoldea azalera dezakegu, barruan eduki beharrean.
Orduan, nondik ateratzen duzue dirua?
Gazteak gara eta oraindik ikasten ari gara gehienok. Hortaz, gurasoengandik jasotzen dugu dirua, nahiz eta tabernari moduan ere ibili garen.
Kontzertuak emanda famatuak al zarete herrian? Eta gehiago ligatzen al da?
Ez gara oso ezagunak. Hala ere, pixkanaka–pixkanaka ospea irabazten ari gara. Ligatzeko kontuari dagokionez, ez dugu ezberdintasunik nabaritu.
Talde barnean krisirik eduki al duzue?
Hasieran taldea bost kidek osatzen genuen, baina abeslariak alde egin zuen. Haserrealdirik ez zen egon eta lagunak izaten jarraitzen dugu. Abeslaria joan zenez, orain Ibaik abesten du.
Badakizue punk mundu horretatik hurbil bizi ez denak hainbat aurreiritzi dituela giro horrekiko: drogak ugariak direla punk taldeen artean, eta abar. Zer deritzozue?
Punk taldeen artean kalean bezainbeste droga kontsumitzen da. Aurreiritzi horiek okerrak dira.Gainera, bakoitzak nahi duena egiten du: ez baduzu probatu nahi ez duzu probatzen eta kito.
Gertatu izan da, Britney Spears moduko abeslariei playback egiten ari harrapatu izana. Zer iritzi duzue artista famatuek playback egiteari buruz?
Oso–oso penagarria da. Jotzen eta abesten baduzu gustatzen zaizulako izan behar du eta ez soilik dirua irabazi nahi duzulako. Gainera zu ikusten ari direnei gutxieneko errespetu bat zor diezu. Playbacka guztiz gaitzesten dugu.