550 Zenbakia 2010-10-15 / 2010-10-22
Teknologiarekin daukazun harremana ez da oraingo kontua, ezta?
Hala da. Beti ere ikuspegi pedagogiko batetik, baina garai batetan IKTak ikastolan sartzen ibili nintzen; helburu nagusia, teknologia mota horiek pedagogiari laguntzea zen. Horrelako gauzak egiteko sartu nintzen Ikastolen Elkartean, baina oso argi edukita garrantzitsuena ez zela teknologia bera, heziketa baizik.
Orain BTEKen nabil eta bertan bilatzen duguna teknologia gizarteratzea da. Gure xedea lortzeko modu ludiko bat baliatzen dugu, baina baita pedagogikoa ere. Ez dugu nahi hona bisitan etortzen direnek ongi pasatzea soilik, zerbait ikas dezaten ere bilatzen dugu; gainera, galdera batzuekin etorri eta erantzunak aurkituta irten daitezela...
Azalduko diguzu BTEK zer den?
BTEK Zamudioko Parke Teknologikoaren iniziatiba bat da, teknologiaren interpretazio zentro bat. Hain zuzen, bertan egiten den lana gizarteratu beharra nabaritu zuten; jendea egunero etortzen da beharrera eta badirudi soilik beraietaz gogoratzen garela bakarrik zerbait ikusgarria egin edo asmatzen dutenean. Xabier, Sarea eta mundu digitala gunean.
Horrez gain, egitasmoaren xedeetariko bat zientzia eta teknologia bokazioa bultzatzea da. Izan ere, Barçarekin gertatzen den moduan, lehenengo harrobia zaindu behar da, eta ondoren kanpoko pertsonak ekarri behar dira. Inguruko jendea da garrantzitsuena; nahiz eta kanpora joan ikastera, ikasitako hori etxean baliatu ahal izatea funtsezkoa da.
Bertoko enpresen lana ere ezagutarazi nahi duzue.
Bai. Oso garbi daukagu ez garela gure zilborrari bakarrik begira egon behar, ezin dugula pentsatu gu garela nanoteknologia esparruan hoberenak, adibidez. Gure lana, teknologia edota bioteknologia zer den azaltzea da esaterako, bitxikeria batzuk kontatu, joko batzuk eskaini... Eta erakutsiko dugu horren inguruan hemen ere egiten dela lan; ez da dibulgazio lan hutsa.
Bestalde, BTEKen diseinua DBHko ikasleetan fokatu da, hain zuzen ere, adin horretan erabakitzen baitute zein karrera egin, zein lanetara bideratu... Baina horretara mugatu gabe, kultura zientifiko teknologikoa ere zabaldu nahi dugu.
Garrantzitsua iruditzen zaigu etorkizun batetan, abokatua edota kazetaria izango denak adibidez, ezagutza hori edukitzea, ezen maiz beste arlo batzuetan oso jantziak egon arren, zoritxarrez zientzia eta teknologiari dagokionez oso gutxi jakiten dugula ikusi dugu. Eta niretzako oso akats handia da.
Gainera teknologia gugandik horren gertu egonda!
Bai, edonon dagoen zerbait da eta gainera, esparru ezberdinetan –artea, literatura eta abarretan– oso sartuta dago teknologia. Ez da soilik ingeniari edo ikertzaile batzuen gauza, denok erabiltzen dugu egunero, eta ondorioz, gure erantzukizuna ere bada maila batean. Halere, teknologiaren gaineko erabakiak hartu ahal izateko, beharrezkoa dugu informazioa eta irizpidea edukitzea.
Horren harira, badaukagu bisitariak gogoetara bultzatzeko gune bat, eta garrantzitsua dela deritzot. Hau da, teknologia zaleak gara, baliabide bat dela argi dugu, eta horri esker lehen baino hobeto eta gehiago bizi garela badakigu. Baina gure erantzukizuna da baita ere, teknologia horrekin zer egiten den, ezen sua itzaltzeko tresna bat sortu daiteke, baina baita bonbak botatzeko zerbait ere. Denon esku dago erabilera bat edo beste bat ematea teknologia horri.
Guneak aipatu dituzu. Gai interesgarria, izan ere bost dira orotara BTEKen bisitariak aurkituko dituenak...
Hori da. Museologia, museografia proiektua eta barruko diseinua Elhuyarrek kudeatu du eta interiorismo lanetan Ainhoa Villamonte aritu zen. Ondoren, zentro teknologiko eta ikerketa zentroekin harremanetan ipini ginen tendentziak kontuan izanik zer hartu eta zertan zentratu erabakitzeko, eta uzta jasota, bost areto sortu genituen.
Aurrenekoak, Berrikuntza kioskoa dauka izena eta teknologia parkean zer dagoen erakusten da. Sarea eta mundu digitala da bigarren gunea eta Internet eta beste sare batzuk ardatz hartutako esparrua da.
Zure etxea gaur eta bihar da hirugarrena eta, etorkizuneko etxe batetan zer nolako berritasunak izango ditugun erakusten da, energia gutxiago kontsumitzeko–eta, beti ere, errealak diren teknologiak erabiliz. Izan ere, gure beste abiapuntu bat horixe izan da, guztiz edota ia guztiz garatuta dagoen teknologiaren berri ematea, ez baikabiltza balizko etorkizun batetaz hitz egiten.
Ziztu bizian! Bestelako munduak gure inguruan deituriko laugarren gunean nanoteknologia, bioteknologia, robotika... dira protagonistak. Eta baita zientzia, teknologia eta gizartea, hau da, zeinek inportatzen duen eta nork esportatu, fluxuak, trafikoa, eta horren ondorioak. Honekin adierazi nahi dugu, gizartean hartzen direla erabakiak eta erantzukizuna guztiona dela.
Azkenik L@btek, laborategi tailerrak ditugu, bisitaldian ikusitako gaiekin zerikusia duten gaiak tratatzeko.
Izan ere BTEKen begiratze hutsak ez du balio, ukipenak ere tokia baitu.
Hori da. Lekua diseinatzerakoan, akats bat egiteko arriskua izan genuen, hain zuzen ere, BTEKen horrenbeste pantaila egoterakoan badirudi leku birtual batetan gaudela. Ondorioz, eta itxura horretatik ihes egiteko ipini ditugu ukitzeko horrenbeste gauza, benetakoak direla ikusteko. Azken finean, praktikatzen duguna da hoberen ikasten duguna.
Teknologia gizarteratzeko nahikoa lan egin dela esan zenezake?
Azken urteotan teknologia asko aldatu da, eta aitortu behar dugu aldaketek denoi ematen digutela beldurra. Baina nahiz eta ohitu egin garen, gure gurasoentzako problematikoagoa izan da bilakaera hori, irratia traste miragarri bat moduan ikustetik, gaur egun etxean Internet edukitzera igaro dira, eta 50 urte pasatu dira bakarrik!
Gizarteko esparru guztietan gertatu den eboluzioa da –hezkuntza, gobernu eta abarretan– eta parke teknologikoak berak izugarrizko apustua egin du horrelako gauza batetan inbertitzeko. Poliki–poliki hasi gara teknologia ezagutarazteko urratsak ematen, ohartu baikara etorkizuna hortik datorrela eta oso pozik gaude jasotako babesarekin. Halere, gehiago egin behar dela, zalantzarik ez.
Lanik ez zaizue faltako behintzat!
Bai, erronka handia da aurrean daukaguna! Biharko egunak esango digu zer datorren eta abiada honetan etorkizuna ez dago horren urruti! Adibidez, orain bi urteko telefono mugikorrak dagoeneko zaharrak dira, edota duela ehun urte teknologiarekin lotutako museo bat egitea traste zaharrak hartzea zen. Orain aldiz, tresna bat merkaturatzen den momentuan dagoeneko zaharkituta geratzen da.
Gazteek nahiko barneratuta dute teknologiak jarraitzen duen martxa eta denon aurretik doazela esango nuke, eta hezkuntza sistema eta gizartea aldiz, atzetik. Gai izan behar gara esprint apur bat egin eta gazteen parean ipini edo behintzat gerturatzeko.
Eta noski, kontziente izan behar gara teknologia horren zer nolako erabilera egiten dugun. Hiru aldiz aldatu dudala mugikorrez? Ados, baina erabaki zuzena al da? Nora doa telefonoa botatzen dudanean? Jokabide horrek zein eragin dauka ingurugiroan? Ongi edo gaizki egiten dugun, beste maila bateko gogoeta da.
Eta hezkuntzak ere eragina du horretan. Kontuan hartu behar dugu gizarte moduan erronka bat daukagula aurretik, eta ikusita egun oraindik dauden politikari gehienen adina zein den, ohartzen gara ez dutela honekin lotutako heziketarik eduki helduenek behintzat. Nolabait hezkuntza dutenak gazteak dira, eta zein punturaino? Izan ere, oraindik sistema politikari horien eskutan dagoela ezin dugu ahaztu. Lehen aldaketak motelago ematen ziren eta sistema egokitu egiten zen, baina egun aldiz bestelakoa da daramagun abiadura. Horrexegatik diot, sprintatu beharra daukagula hezkuntza sistema eta teknologia parean ipintzeko. Xabier Diaz Silvestre (Barakaldo) Nahiz eta Barakaldon jaio zen, bizitzak ematen dituen buelta guzien ondorioz, egun Busturian dauka bizitokia. Fisikaria da eta hamar urtez aritu zen Oñatiko Txantxiku ikastolan lanean; fisika irakaslea izan zen, tutorea, eta baita IKT (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak) dinamizatzailea ere, besteen artean. Ikastolen Elkartean ere aritu zen beharrean eta handik, 2007an iritsi zen Zamudiora BTEK –teknologiaren interpretazio zentroa– proiektua gauzatzeko asmoz, eta martxan ipini dute dagoeneko ekimena. Xabier zuzendari karguan dago egun.