Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Garbiñe Insausti. (Aktorea): Inprobisazioa landu egin behar da
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Zaletasuna ogibide bilakatzeko aukera izan duzu. Baina kontatu, betidanik izan al duzu artista sena?
Nik uste baietz, izan ere, betidanik ibili naiz antzerki talderen batean, dela ikastolan, dela institutuan, edota eskolaz kanpoko ekintzetan. Eta gainera, musikari ere goiz heldu nion, gaztetxotan ikasi bainuen gitarra jotzen eta abestiak konposatzeari ekin nion. Nahiko era naturalean bilakatu da nire ustez, afizioa ofizio; nire bi pasioak dira musika eta antzerkia, eta zortedun sentitzen naiz biak egiteko aukera eduki dudalako.
Serioago aritu nahi zenuela eta, maletak egin eta Madrilera joan zinen. Nola oroitzen duzu garai hura?
Gogoan dut ez zela erabaki erraza izan; halere, lehen esan dudan bezala, oso–oso argi neukan nire bizitzarekin zer egin nahi nuen, eta horrek Madrilera joateko behar nuen bultzadatxoa eman zidan.
Urrats handia izan zen niretzat, eta Hernanitik joatean bazirudien hiri erraldoiak irentsiko ninduela, baina zorionez ez zen halaxe izan eta primeran egokitu nintzen toki berrira. Gainera, eskolan nire egoera bertsuan zegoen jendearekin topo egiteak gustura egotea ekarri zidan.
Bestalde, interpretatzen jakiteaz gain, ahotsa da nire oinarrizko lantresna eta oso baliotsua, gainera. Garrantzitsua iruditu zitzaidan nire ahotsa ongi ezagutzea eta master bat egin nuen gai horrekin lotuta.
Baina entzun dudanez, ez zara geldi egoten diren horietarikoa, eta Madrildik Europako beste zenbait tokitara ere bidaiatu duzu.
Normalean ikastaroak egitera joan izan naiz, eta ez dut zailtasun handirik eduki hizkuntzei dagokienez. Beti gustatu izan zaizkit frantsesa eta ingelesa, esaterako, nahiz eta oraindik asko daukadan hobetzeko! Argazkiaren oina eta egilea
Esango nuke, burutzen ditudan bidaiek jendea, beste konpainia batzuk eta lan mota ezberdinak ezagutzeko aukera ematen didatela, azken finean kontaktuak egin eta agian etorkizunerako ateak irekiko zaizkit, nork daki!
Akaso topiko bat izan da, baina uste al duzu antzezpen munduan karrera egin gura duen jendeak derrigor irten behar duela Euskal Herritik?
Ez dizut ukatuko Madril aldean lan gehiago dagoela. Halere, Euskal Herritik atera nintzenean nire xedea ez zen famatu bilakatzea; hezkuntza kontuengatik etorri nintzen, etxean arte dramatiko arloan oraindik asko baitago egiteko, ez dugu eta eskola ofizialik gaur egun behintzat. Madrilera etorri, proba batzuk egin, gainditu eta momentu hartan neukan aukerarik onenari heldu nion, noski!
Euskadin antzezpen munduan barneratu nahi duen jende asko dago, eta entzun dudanez, badabiltza Bilbon arte dramatiko eskola ofiziala irekitzeko asmoarekin. Funtsezko zerbait da.
Aukera izan duzu antzokietan, telebistan zein pelikuletan aritzeko. Lan egiteko modu ezberdinak, ezta? Desberdintasun handiak daude batetik bestera, bai. Esaterako, 2010eko Zinemaldian estreinatu genuen Izarren Argia izan da luzemetrai batetan eduki dudan aurreneko esperientzia. Ordura arte batez ere antzerkian aritu naiz eta ondorioz, batean ala bestean lan egiteko moduetan antzekotasunak ikusi ditudan arren, bi mundu ezberdin direla esan dezaket. Antzerkiko entseguak, publikoaren aurrean gauero aritzea... Daukan zuzeneko bizipen hori, telebistak edo zinemak ez duten zerbait da; baina denek dauzkate, oro har, euren gauza on eta txarrak.
Teatroaren zuzenekoa aipatzen duzula... testua ahaztuz gero, inprobisatu beharra ere badauka!
Inprobisazioa ere, landu egin behar den zerbait da. Yllana e Imprebís konpainiarekin MusiCall izeneko ikuskizunean aritzeko aukera eduki nuen eta hau inprobisazioan oinarrituta zegoen. Publikoa emanaldira sartu eta telefono mugikorraren bitartez ideia edo esaldi bat bidaltzen ziguten mezu batetan; eta, bost aktore eta bi musikarien artean istorio ezberdinak sortzen genituen, inprobisatuz. Beraz... nahiko eskarmentua daukat horretan! (barre)
Horren harira, egia da hasieran ezinezkoa iruditzen zitzaidala gauero eszenatokira igo eta inprobisatuz ikuskizuna aurrera eramatea eta gainera, jendeak gustuko izatea. Baina ohartu nintzen ikusleak harrituta geratzen zirela emanaldi bakoitzak ematen zuen fruituaz. Azken finean, lana, entrenamendua eta esperientzia funtsezkoak dira egoerei aurre egiteko. Argazkiaren oina eta egilea
Makina bat obratan aritu zara, estilo anitzetan. Zein erregistrotan mugitzen zara gusturen?
Gauza asko eta ezberdinak interesatzen zaizkidan momentu batean bizi naiz orain, eta ondorioz, ezingo nuke bakarra hautatu. Teatro klasikoa egin dut, garaikidea... Eta horrenbeste gauza ditut ezagutzeko oraindik, ez naizela definitu batengatik.
Eta esperimentatzen jarraituz, Kulunka Teatro ere sortu duzu.
Duela bi urte (2008) jaio zen Kulunka. Izan ere, konpainia ezberdinekin egin izan dut lan , baina beti eduki ditut proiektu pertsonalak buruan bueltaka, eta ezin geldi egon diren horietarikoa naizenez gero... (barre)
Eguzkilore artean dantzari lana egin genuen aurrena; ikuskizun musikal bat zen, txotxongiloekin, eta maskarekin... Eta bigarren proiekturako aldiz, Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso dugu besteen artean, eta Memoria de una carta ikusgarria jaio da. Kolonbiara eta Nepalera joango gara, festibal batzuetan esku hartzen; testurik gabeko emanaldia denez, ateak ireki zaizkigu! Alzheimerraren inguruan kokatutako istorioa da eta barne–barnetik sortutako obra. Oso pozik nago, azken finean proiektu pertsonala izan baita.
Aurre egin diozun beste erronka, Izarren Argia filmean parte hartzea izan da.
Oso polita izan da Saturrarango kartzelaren gaineko filmean lekua izatea. Pelikularen mamia oso hunkigarria da eta nahiz eta jorratu duguna gai serio bat izan, giro bikaina eduki dugu errodajean, eta erraza izan da alde horretatik lan egitea.
Gainera, Izarren Argia Donostiako Zinemaldian estreinatu genuen eguna benetan zirraragarria izan zen, kartzela hartan egondako emakume bat –egun 94 urte ditu– etorri eta Kursaaleko aretoan bertaratutakoentzako hitz egin zuen. Emozioz betetako momentua bizi izan genuen guztiok.
Zer ematen dizu antzezteak?
Bizirik sentitzen naiz antzezten dudanean. Azken finean ez da ogibide hutsa, bizimodu bat ere bada, eta benetan asetzen nauen zerbait. Publikoaren aurrean aritzeak gainera, zentzua ematen dio nire ogibideari, eta zortedun sentitzen naiz haien aurrean aritzen naizen bakoitzean.
Daukazun esperientzian oinarrituta, emango al zenioke gomendioren bat antzezle moduan hasi gura duenari?
Eusteko gogoari, hain zuzen ere, interpretazioaren mundua zaila da –ez dut gezurrik esango–, baina benetako ametsa izanez gero, oztopoei aurre egin eta tinko mantentzeko esango nioke. Garbiñe Insausti (Hernani, 1981) Ikastola eta institutuko ikasketak amaituta, Madril aldera abiatu zen Garbiñe Insausti, Arte Dramatikoko ikasketak burutzeko asmoz, eta 2003an lizentziatu zen; Alcalako unibertsitatean Ahotsaren Patologian Espezialista titulua atera zuen 2005ean; Musikoterapiako graduondokoa egin zuen UNEDen 2005ean. Frantzia edo Italian ere ikastaro anitz egin ditu. Donostiako Musika Eskolan gitarra ikasi zuen gaztetan eta Garbiñe Ibilian (2006) da bere bakarkako lana publikatu zuen; 2007an Lantz taldearekin Igaran garaiaklana; Kepa Junkeraren musikari ahotsa ipini dio. Antzerki obrei dagokienez, besteen artean, Calígula (2009), MusiCall (2007–2009), Clara S. (2007), Ojalá estuvierais muertos (2006), Entremeses de Carvantes (2005), Alicia en el País de las Maravillas (2004). Telebistan Al Salir de Clase (2001) eta El Comisario (2001) telesailetan agertu zen. Zineari dagokionez, Los sueños perdidos (2000), La noche de las muñecas (2002) eta Izarren Argia luzemetraia (2010). Kulunka Teatro konpainia sortu zuen 2008an.