Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Pantxoa Etchegoin. (Euskal Kultur Erakundeko zuzendaria): Euskararen salbatzeko bideak hertsi–hertsiak dira
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Erakundearen sorrera gogoraziz has gaitezen. Zergatik eta zertarako ipini zenuten martxan?
Euskal Kultur Erakundea sortu da, iparraldean euskal kulturaren alde ari diren elkarteen laguntzeko, bai eta ere gainbaliozko egitasmo berrien bultzatzeko, hiru alor handietan : ondarea, transmisioa eta sorkuntza artistikoa. Gure egoitza Uztaritzen da, Lapurdin, eta gure diru?laguntzak, oro har, publikoak dira. Hastapenetik, hegoaldearekin baditugu ere harremanak, eta hauek areagotuz joanki dira azken urte hauetan.
Alde batetik, 120 bat elkartekide sostengatzen ditugu kultura egitasmo batzuentzat, nola diruz, hala laguntza praktikoak ekarriz, adibidez sorkuntza edo hedapenarentzat. Horri dagokionez, guhaurrek ere bideratzen ditugu proiektu zenbait, ahozko ondare sailean, edo urte anitzetako egitasmo batzuen bitartez. Halaber programa handi batzuk alhan ezartzen ditugu, hauen artean Kantuketan, Batekmila, eta datorren urteei begira, Hogei?ta izeneko ekintza bat.
Esango al zenuke hasieran zuen buruari ipinitako xedeak betetzea lortu dituzuela?
Xede nagusia zen ahal bezenbat elkarteen laguntzea, bainan baita ere euskal kulturaren egituratzea, proiektu amankomunak alhan ezartzeko, trukaketak bultzatzeko, erakundeekin harremanak errazteko, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo. Oro har, euskal kulturaren zabaltzeko munduan gaindi.
Helburu batzuk neurri batean saiatu gara lortzen, adibidez egituratzearena, bainan anitz gelditzen zaigu oraino egiteko, bereziki transmisioaren eta sorkuntzaren aldeko ahalbideak sendotzeko. Hauek dira euskal kulturaren garapenerako bi giltza nagusiak. ? Argazkia: Brigitte Alter
Euskal kultura sarrarazi behar dugu ere teknologia berrietan. EKE?k azken urte hauetan, helburu nagusitzat dauka ere alor hori, bere euskal kulturaren atariaren bitartez.
Eta nola bizi izan duzue ibilitako bidea?
Gure lana ez da xinplea; hala balitz, ez gintezke hemen! Alde batetik, baditugu elkarteak, artistak (hauek baitezpadakoak dira), bestetik, erakunde publiko ezberdinak. Gu erdian gara. Maiz orekari lana egiten dugu, elkarteetarik hurbil egoiteko, euskal arimaren ez galtzeko, eta ber denboran erakunde horiek dituzten politika publikoetan euskal kulturaren naturalki sarrarazteko. Batzuetan, lortzen dugu. Beste batzuetan ez. Horiek horrela, ene eguneroko lana preziatzen dut, euskal kulturaren alde lan egiteko xantza handia baitugu, eta euskal artistekin memento ederrak partekatzea.
Eta zer nolako egoera bizi du euskal kulturak Ipar Euskal Herrian? Azken hogei urteetan hobera egin duela esango al zenuke?
Euskal kulturaren aldeko atxikimendua bada iparraldean. Kultura elkarte eta artista onak baditugu ere; hau biziki garrantzitsua da, hauek baitute egunero euskal kultura biziarazten, arraberritzen, eskoletan sarrarazten. Bestalde, euskara sartzen ari da erakaskuntzan, komunikabideetan, espazio publiko batzuetan, ekonomia munduan. Hainbeste urtez elkarteetan edo hauetatik kanpo diren gizon emazteek atxiki dute, militantziaz, euskara eta euskal kultura bizirik iparraldean, adibidez ikastoletan, irratietan, liburugintzan, eta abar. Orain ere! Bainan emeki?emeki, politika publikoetan apur bat sartzen ari da euskara, ez baldin badauka ere oraino ofizialtasunik.
Hauek oro urrats ttipi bainan baikorrak dira ene ustez. Badakigu euskararen salbatzeko bideak hertsi?hertsiak direla, bainan bakoitzak bere alorrean luzaroko lana eginez, itxaropenari leihoa ideki diezaiokegu.
Gainera maiz euskal kulturarekin loturiko gauza guztiei ?hizkuntza barne? esanahi politikoa ematen zaie intentzio txarrez. Eta horrek ere, zaildu egingo ditu gauzak, ezta?
Egia da. Bitartekotza lan ikaragarria eraman behar dugu, hain zuzen erakusteko Euskal Herrian gauza baliosak egiten direla, ez bakarrik kultura mailan, baita ere ekonomian, goi?mailako erakaskuntzan, kirolean, besteak beste. Gauza horien guzien mezulariak izan behar dugu, denetan.
Orokorki, kultura egina da jendeekin gurutzatzeko, bakoitzaren aberastasunak partekatzeko, gogoetatzeko. Euskal kulturari esker, gure herriaren itxura ederra erakuts dezakegu mundu guziari. ? Argazkia: Euskal Kultur Erakundea.
Aipatu diguzun bezala, proiektu anitz ipini dituzue abian urte hauetan, eta 2010ean, esaterako, Iparraldea XXI dokumentala aurkeztu duzue.
Dokumental hau egin dugu bereziki hegoaldeko gazteentzat, erakusteko gaurko iparraldean, euskal kultura bizirik dagoela, sorkuntza ekimenak badirela. Hots, Iparralde bat erakutsi nahi ukan dugu, Iparralde baikor bat, non lehentasuna eman diogun estetikari, didaktikari baino. Erabaki dugu ere gazteek erabiltzen dituzten sareetan hedatzea, oroz gainetik, sare sozialetan.
Oro har, ikusiz lortu ditugun emaitzak, bai ikusleen kopuru aldetik, bai bidali dituzten iritziengatik, arras ongi hartua izan da lan hau, oroz gainetik gazteengan. Parada eman digu aurkezpen bereziak egiteko, solasaldiak antolatzeko. Lan oso profesionala da ene ustez. Arras bozik naiz ekimen honekin.
Dokumentalean estereotipo anitz azaltzen dira. Ezjakintasunak edo interes faltak eragingo dute halako ikuspegia izatea?
Ez da dudarik. Ez dugu aski elgar ezagutzen, eta horrek balio du, bi aldeentzat, bai iparraldekoentzat, bai hegoaldekoentzat. Maiz, erabiltzen diren hitzak, behar direla bi aldeetako harremanak indartu, hitz antzuak dira. Eta gelditzen diren gauza bakarrak jendeen baitan, estereotipo hutsak.
Topiko hauen apurtzeko, ez da hamar mila erremedio : proiektu amankomunak eraman behar ditugu, sorkuntza eta hedapen artistikoetan, besteak beste ; gazteekin ere topaketak, adibidez bi eskola edo unibertsitateen artean. Horrelako gauza zehatzak, non ere elgar hobeki ezagutuko dugun.
Bestalde, sona izan zuen Batekmila proiektua ere gauzatu zenuten eta aurten webgunea estreinatu du.
Hala da. Batekmila programa zabala izan da, bi helburu nagusirekin: euskal kulturaren baloratzea, bereziki belaunaldi berrientzat, eta euskal kulturaren inguruan, publiko anizdun baten biltzea, hauen artean euskaldunak eta ez euskaldunak. Ekimen horren harroina, izen bereko multimedia erakusketa izan da. Honek arrakasta ederra lortu du, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo. Lan luzea izan da, besteak beste erakusketa horretan diren bideo euskarri guziak bost hizkuntzatan ezarri baititugu, hain zuzen, publiko zabalarengana joaiteko.
Hamasei aldiz ezarri dugu hiri nagusietan, hainbat eta hainbat animazio ezberdin antolatu aldi bakoitzeko (kontzertuak, mintzaldiak, bisita gidatuak, karrika gertakizunak,...), eta orain, nahi dugu mundu guzira hedatua izan dadin, Internet?en bitartez. Gune horretan sartuko denak ikusiko du zer nolako altxorrak badiren bideo horietan, oroz gainetik, jendeen lekukotasun hunkigarriak baitira, hemen bilduak, edo diasporan.
Etorkizunera begira, proiekturik finkatu al duzue?
Euskal Kultur Erakundeak hogei urte ospatzen ditu aurten. Guti da, bainan ber denboran anitz, irautea nonahi baino gehiago zerbait baita euskal munduan! Etorkizuna, gure gurasoek eman diguten hartarik hazi eta, urrunago joaitea baita, bereziki gazteentzat zuzendua izanen den ekintza labela berri bat bideratuko dugu 2011ko urtean : Hogei?ta izenekoa. Nahi genituzke gazteak lagundu, kultura egitasmoen aktore izan daitezen, ekintza berritzaileak bidean ezarriz. Ezinbestekoa da kultura esperimentazioen egitea, irudimena lehenestea, emaitza artistikoak ondoriotzat utziz.
Geroari begira, Euskal Kultur Erakundeak nahi luke beste hogei urtez euskal kulturaren berritzaileen urratsetarik joan, iragana beti biharkoa izaiteko gisan. Pantxoa Etchegoin (Jatsu, 1960) Baxe Nabarreko Jatsu herrian sortu da. Gazte gazterik euskararen eta euskal kulturaren munduetan murgildu da. Lehenik, zazpi urtez, Iparraldeko gau eskoletan (AEK), helduei euskara erakatsi die. Kantu, musika eta antzerkian ere aritu da, bereziki Xirrixti Mirrixti antzerki taldean. Euskararen ikasteko Euskaraz bizi metodoarentzat, antzerkilari izan da ere. Lehenik, Baionako inportazio–esportazio lantegi batean lan egin du, gero Baionako Merkataritza ganbaran, komunikazio arduradun bezala. Euskal ikasketako diplomak lortu ditu Baionako Fakultatean. Euskal Kultur Erakundearen sortzaileetariko bat izan da, eta 1997az geroztik, egitura honen zuzendaria da.
