547 Zenbakia 2010-09-24 / 2010-10-01
Nafarroako bi aldeetan kokatuko dugu gaurko txangoa, eta proposatzen dizugun ibilbidea Orreagan ekingo dugu. Historiaz beterik dagoen tokiak harrera egingo digu, eta bertako zenbait zertzelada jasoko ditugu bisitaldian. Luzaideko Santiago eliza, eta Jorge Oteizaren eskultura. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)
Mendeetan zehar Orreaga Frantzia aldetik Iruñera bidaiatzen duten erromesen igarobidea izan da, eta aski preziatua gainera, bertan harrera beroa egiten baitzieten bisitariei. Herri txikia da, XII. mendean fundatua; halere, data horren aurretik dagoeneko historian idatzi zuen bere izena herriak, hain zuzen, VIII. mendean –778ko abuztuaren 15– tokia ezagun bihurtu zuen guda jazo baitzen Ibañetako mendatean.
Orreagan XIII. mendeko Andra Mariren Kolegiata ikustera gerturatu gaitezke; berton hartu izan dute aterpe aurretik aipatu ditugun eta Santiago Compostelakora iristea helburu duten milaka pelegrinek. Behe Nafarroara bidean
Ibañeta alderantz egingo dugu jarraian, Orreaga eta Luzaide lotzen dituen mendaterantz. Bertan, San Salvador baseliza aurkituko dugu, eta datuen arabera, XI. mendean dagoeneko existitzen zen eraikina.
Bidean hamabost bat kilometro aurrera egin eta gaurko bigarren geldialdia burutuko dugu Luzaiden. Herri xarmangarri honetan, Donejakue bidea egiten dutenetariko askok bisitatzen duten eraikin erlijiosoa nabarmentzen da etxeen artean: Santiago Apostoluaren eliza.
Historian zehar, birgaitze lanak egin behar izan dituzte maiz, eliza kaltetua suertatu baita, Konbentzio Gerran gertatu moduan, esaterako. Kolorez ere aldatu zuten eta zuriz margotutako eraikina topatuko dugu. Haren parean kokatu zuten erromesen omenez Jorge Oteiza eskultore handiak buruturiko lana.
Bestalde, herriak eskaintzen dizkigun beste zenbait altxor dira, esaterako, Juan Echamendi Bordel bertsolariaren omenez 1985ean altxatutako monumentua, Lehertza harrespila edota Lauriña trikuharria. Donibane Garaziko Frantzia Atearen xehetasuna. Argazkia: Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)
Baina gure helmugara gerturatzen joateko ordua ere bada, eta ondorioz, Baxenafarroa bisitatzeko txanda iritsi zaigu; hala, 11.5 kilometro aurretik ditugula jakinda, Donibane Garazira abiatuko gara. Bertara iristen garenean, 1625. urtean eraikitako zitadela batek zaindutako leku lasai bat aurkituko dugu.
Erdi Aroko udalerria da, XII. mendean sortua eta noski, Frantziatik iritsitako erromesen pasabidea. Halere, mende bat beranduago, hots, 1329. urtean forua eskuratu zuen hiriak eta hala, biztanleen gain geratu zen azoka, feria zein harresien kontrola. Egon zen garai bat non Donibane Garazi Gaztelaren parte izan zela, XVI. mendean gertatu zen armadak Pirinioak gurutzatu eta hiria konkistatu zuenean.
Baina hiria ezagutzera igaroko gara, eta horretarako, hiriko kaleetan barrena galtzea da aukerarik onena eta ez dugu denbora asko beharko karrika eta etxeen edertasunaz jabetzeko. Hirigunera sartzeko garai batean altxatutako ate ezberdinak –Donejakue, Frantzia, Andre Maria...–, Andre Mariaren zubia eta bestelakoei kasu eginez, xarmaz blai amaituko dugu gaurko ibilaldia. Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com