546 Zenbakia 2010-09-17 / 2010-09-24

Euskonews Gaztea

Gaiak: Klasera itzultzeko ordua da... eta klasetik kanpo hezteko garaia ere!

BARRIO DIEZ, Ivan ESTARRONA ELIZONDO, Itsaso

Euskadiko Gazteria Kontseiluko Hezkuntza teknikaria eta Komunikazio arduraduna



:: Astialdi–hezitzaileko eskolek begirale eta zuzendari izateko 30 ikastaro baino gehiago antolatu dituzte

:: Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko atariak heziketa eskaintza osoa jasotzen du Argazkia: Zuriñe Velez de Mendizabal.

Berriz klasera... eta berriz astialdiaren bidez ikastera ere. Ikasgeletatik eta maisu maistrez, haratago, amantala eta ikasmahaik gabe, beste ehunka hezitzaile ikasturteari ekiteko prest daude. Beste eskola mota batean irakasten dute: Astialdi Hezitzailearen esparruko eskolan; alegia, irakaskuntza arautu eta formalaren ezberdina eta osagarria den beste heziketa–eremu batean. Bere curriculumak balore–heziketa du ardatz, eta ardura, parte–hartzea, kultur artekotasuna, gatazken ebazpena, hezkidetza eta gizarte–konpromisoa bezalako irakasgaiak eskaintzen ditu. Klase horiek udalekuetan, astialdi–taldeetan, eskolaz–kanpoko jardueratan, gaztelekuetan edo jantokietan ematen dira, besteak beste. Orain, udaran 150 kanpaldi eta ekintza burutu ondoren, astialdi– hezitzaileko maisuak entrenatzeko garaia heldu da. Horretarako, astialdi–eskolek 30 ikastaro baino gehiago prestatu dituzte.

Zehazki, Arabako hiru eskolek, Bizkaiko bostek eta Gipuzkoako seik begirale, zuzendari eta jendarte dinamizatzaile ikastaroak antolatu dituzte. Modalitate ezberdinetan emango dituzte: modu intentsiboan edo estentsiboan, astean zehar edo asteburuetan, edo euskaraz ala gaztelaniaz. Prezioei dagokionez, 100 eurotik hasi eta 600 eurotara arte doaz, tituluaren arabera eta segun eta alojamendua eta mantenua barne dagoen edo ez.

Eskaintza, beraz, oso zabala da. Aukeraketa errazteko, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak bere baitako ‘Astialdi Foroa’ izeneko koordinakundea osatzen duten eskolen ikastaroen gida osatu du.

Dokumentua gazte–erakundearen webgunean eskuratu daiteke: Matrikulazio epeak zabalik daude dagoeneko. Beste ikastaro batzuk

Begirale eta zuzendari ikastaroez gain, astialdi eskolek beste ikastaro batzuk antolatu dituzte ere: pertsona nagusiekin lan egiteko begirale ikastaroa, talde–dinamikak, kultur artekotasunean aditua, hizkuntzaren erabilera ez–sexista, feminismoak historian zehar, edo nola murgildu euskaraz heldu berriak. EGKren atariak ikastaroak dituzten eskola guztien loturak biltzen ditu.