Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Xabier Lizaur. (Ekitermik): Zenbat CO2 isurtzen dugun jakin behar dugu
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Testua eta argazkiak
Ekintzaile gazteak zarete bai Jagoba eta bai zu zeu ere. Erraza egin al zitzaizuen Ekitermiken sorrera?
Hasieratik geunden oso motibatuta. Jagoba beste enpresa batetan bekadun nengoenean ezagutu zuen, eta ordurako bazeukan ideia bat buruan berak, eta horri zenbait buelta eman genizkion, harik eta 2008an Ekitermik sortu zen arte. Esan behar da, hastapenetik laguntza eduki dugula; Debagoienako Mankomunitatearen Enplegu Sailak tokia utzi digu gure enpresa garatzeko, esaterako.
Eta iruditzen zait beti behar dela bultzadatxo bat, eta baita bidea erakutsiko dizun norbait ere. Ideia bat izatea ondo dago, baina bideragarritasunik daukan eta proiektua nola garatu jakitea funtsezkoa da aurrera egin ahal izateko.
Enpresa nahiko berria izan arren, esperientziarik ez zaizue falta. Esan, zer egiten duzue zehazki?
Ekitermik sortu genuen urte hartatik hona, gauzak aldatu egin dira gure baitan. Hasieran, energia berritzaileen esparruan lan egitea genuen xede eta urtebetez aritu ginen horretan. Baina denborarekin beste ezinegon batzuk sortzen hasi zitzaizkigun, eta energia berriztagarrien mundu horretan aspektu asko mugitzen direla ohartu ginen. Jagoba eta Xabier, Ekitermi enpresaren sortzaileak.
Hala, energiaren transformazioa errealitatean zein den hurbildik ezagutzera jo genuen eta kalkuluak egiten hasi ginen, simulazioak burutuz. Ezen ibiliarekin ohartu ginen guztiaren oinarrian efizientzia energetikoa dagoela, eta horri garrantzia ematen hasi ginen.
Eta zer den efiziente izatea? Azken batean behar energetiko batzuk ditugu, eta horiek asetzeko ahalik eta errekurtso gutxien erabiltzea da. Gehien zein sektoretan kontsumitzen den ikusteko ikerketa bat burutu genuen, eta gastu horren %30a industrian ematen dela ohartu ginen, garraioan beste %30a eta etxebizitzan %40a. Azken horretan zentratzea erabaki genuen datuak ezagututa.
Horrez gain, 2007an erret–dekretu bat irten zen, eta urte hartatik aurrera eraikitako etxe guztiek energia kalifikazio bat eduki behar zuten; hau da, jabeak etxea erosten duen momentuan, etxebizitzak daukan kontsumoa –zenbat gastatuko duen eta zenbat CO2 isuriko duen– ezagutu behar du. Eta horretan gabiltza.
Eta orain arte ez al genituen datuak ezagutzen?
Aurretik zegoen eredu energetikoa, energia etxeetara iristean oinarritu da. Eta orain berriz, energia hori nola erabiltzen den eta ze kontsumo maila dagoen ezagutzen dugu. Eta datuak ateratzeko, egin den egiturari erreparatzen diogu alde batetik –baliatu den materiala, isolamendua, kristalak... –, eta eskari hori nola aseko duen eraikinak bestetik –argia eta beroa dira gehien bat inguru hauetan gehien bilatzen dena.
Eta momentuz, erregai fosilen bidez egiten da; hauek itzelezko abiaduran kontsumitzen ditugu eta erregaiek askoz ere denbora gehiago behar dute birsortzeko. Ondorioz, argi dago ez dela eredu jasangarria.
Efiziente energetikoa bilatzeko ahalik eta energia gutxien erabiliz eta eraikuntza batetan material egokia baliatuz gero, erregai fosilen demanda ere txikituko da. Eta gainera, energia berriztagarriak erabilita elektrizitatea sortu edota ura berotzea lortzen badugu, orduan eta jasangarriagoa bilakatuko da eraikina.
Horri dagokionez, geroz eta ohikoagoak dira etxebizitzetako teilatuetan eguzki plakak ikustea, ezta?
Bai. Gainera, badago etxebizitza berrietan ur beroaren portzentaje bat eguzki plaka termikoetatik atera behar dela dioen lege bat. Eta etxebizitza zaharren kasuan, errehabilitazio kasuak ditugu. Ezen gaur egun eraikuntza berrien gaia nahiko geldi dago, eta ondorioz, zaharrak birgaitzen ari dira, eta nahikoa eskari dago horri dagokionez, eta laguntzak ere ematen dituzte administrazioek eta. Eguzki plaka termiko batekin.
Efizienteago izateko eguzkitik energia lortzen baldin badugu esaterako, erregai fosilen kontserbaziotik geroz eta gertuago egongo gara.
Jendea geroz eta kontzientziatuago dagoela esango al zenuke?
Baietz pentsatzen dut, baina beti berdina gertatzen da. Hau da, jendea guztiz kontzientziatuko da egoerak poltsikora eragiten dionean. Etxebizitza bat guztiz elektrikoa baldin bada esaterako, ziur aski aldatzeko edo hobetzeko moduak bilatzen hasiko da, garestiegia baita. Guk ikusi ditugu halako kasu ugari.
Eta gauzak aldatze horretan aritzen zarete lanean.
Ekitermiken esparru ezberdinak jorratzen ditugula esanez hasi beharko ginateke. Lehen adierazi dudan moduan, etxeen kalifikazio energetikoa egiten dugu alde batetik; ariketa bat egin, eta letra bat ematen du, etxebizitza zein baremotan dagoena jakiteko.
Bestalde, etxebizitza eta instalazioen simulazioa burutzen dugu; etxearen kontsumo eta emisioak zeintzuk izango diren ikusiz. Gainera, auditoria energetiko zerbitzua ematen dugu. Autopsia bat egitea moduan da; etxearen egitura aztertzen da –isolamendu ona duen, beroa nondik irteten den...– eta instalazioa begiratzen da –errendimendu ona duen, hobetu daitekeen... Horren ostean, auditoria denetan bezala, bezeroarekin egoten gara eta aholkuak ematen dizkiogu. Hark erabakiko du kasu egin ala ez.
Baina azterketa eta aholkularitza zerbitzuaz gain, instalazioak ere egiten dituzue, ezta?
Fotovoltaikoak gehien bat. Hauek autonomoak edota sarera konektatuta daudenak dira. Aurrenekoak txaboletan eta ipintzen ditugu batez ere, eta bigarrenari dagokionez, saldu egiten da ekoiztutako energia. Instalazio fotovoltaikoaren ondoan sare elektriko bat baldin badago, normalena ekoiztutako hori saltzea da. Margen bat badago instalazioa amortizatzeko, eta gainera, suposatzen da sarera sartzen duzun energia hori ?garbia? dela. Eta lur irradiatzaileak ere ipintzen ditugu, besteen artean.
Bestalde, azken aldian etxe berrien gaia nahiko geldi dagoenez gero, formazio arloan sartu gara. Enplegu tailer bat sortu zen eta hamar pertsonei eskolak eman dizkiegu, bai teorikoak eta baita praktikoak ere, eta zenbait plaken instalazioak egin ditugu haiekin.
(Atea ireki da, eta Jagoba sartu da bilduta gauden gelan, eta hizketaldira gehitu zaigu)
Laburbilduz, zergatik aldatu beharko genituzke geure ohiturak?
Jende ugarik kritikatzen ditu, esate baterako, zentral nuklearrak, baina nire iritziz maiz ez gara jabetzen kontsumitzaile moduan, zentral horrek gure betebeharrak asetzen dituela. Guk erabiltzen dugun energia sortu egin behar dela baldin badakigu, geure erabakia izan liteke iturri berriztagarri bidez lortzea; azken finean, jarrera bat edo bestea hartzea da koska.
Orain, ez badugu iturri berriztagarriaren aldeko apustua egiten, jakin zer dagoen horren atzean. Niretzako behintzat fosilen aurrean, berriztagarriak dira etorkizuneko energia, jakinda fosilak gastatu egingo direla egunen batean.
Eta gainera, energia berriztagarrien aldeko apustua egiteaz batera, kontsumoa jaistea funtsezkoa da. Esate baterako, erradiadore elektrikoak erabiltzea energia xahutzea da, ezen bikoitza gastatzen dugu; gasa bertan erre beharrean, zentral batetan erretzen baita elektrizitatea sortzeko.
Baikorrak izateko arrazoiak badaude?
Guk uste baietz. Aipatu dugun bezala, eraikuntza berrien gaia geldi egon arren ere, etxeak birgaitzeko aukera handia dago. Aurrera goaz. Xabier Lizaur (Arrasate, 1984) Mondragon Unibertsitatean egin zituen Xabier Lizaurrek Goi Mailako ikasketak, Ingeniaritza Elektronikoan aurrena, eta ondoren, Goi Mailako Ingeniaritza, Industria Antolakuntza esparruan. Bekadun moduan zenbait enpresatan ibili ondoren, Jagoba Bergara arrasatearrarekin batera Ekitermik enpresa sortu zuen 2008an eta efizentzia energetikoa ardatz arduta dihardute lanean.