Euskonews Gaztea
Gaiak: Gazteen Nazioarteko Urtea. Ibai Iriarte
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
2010–2011 Gazteen Nazioarteko Urtea izendatu du Nazio Batuen Erakundeak. Urte honen aldarrikapenarekin, gazteek gizarteko esparru ezberdinetan modu eraginkor batetan parte hartzea bultzatu nahi da. Gainera, sektore guztiak animatu nahi dituzte gazteriarekin zein gazte elkarteekin elkarlanean aritzeko eta hala beraien behar eta kezkak ezagutu eta gizarteari egin diezaieken ekarpenak aintzat hartzeko. Ibai Iriarte.
Ibai Iriarte Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko (EGK) Gipuzkoako Koordinatzailea da eta berarekin mintzatu gara.
Zer deritzozu Urteari?
Gaztediaren inguruan interesa egotea garrantzitsua da, hori izaten baita bigarren mailako hiritar izatetik eskubide osodun hiritar izateko lehen pausoa: Egoera diskriminatzaileak (etxebizitza eskubide falta, lan prekarietatea, heldu-zentrismoa) agerian jartzea. Urte horiek beraz, gazteen bizi-baldintzak agerian jarri eta hobetzeko erabili beharko lirateke.
Gazteok badaukagu zer esan eta zer egin. Hori guztia aintzat hartzen al da zure inguruan?
Ez da erraza galdera horri erantzutea. Egun, inguruan, lagunartean, topatzen duzuna langabe pila da, baita LEEan (ERE) daudenak ere. Bestalde, lana duenak prekarioa izan arren zoriontsu da, zer egina behintzat baduelako. Zer esana beraz, izan badute, nork entzuna berriz... ez dakit.
Zenbait arlotan gazteek ere nolabaiteko frustrazioa izan dezakete ez zaielako entzuten, eta ondorioz mutu eta geldi geratzeko arriskua dago. Nola animatu hitza eta ekintza har dezaten?
Gazteen artean egia da frustrazio, etsipen eta baliogabetze mailak handiak direla, hala ere helduen artean ere berdina gertatzen da. Nola eragin etsipen hau sugar bilakatzea? Aurrena, has gaitezen egunkari, telebista eta besteetan gazteen inguruan desberdin hitz egiten. Joko bat egingo dugu: hartu egunkari bat, edozein eta jaso gazteen inguruko berriak. Zenbat dira positiboak eta zenbat negatiboak? Seguru bigarren hauek askozaz ugariagoak direla. Gazteok asko dugu eskaintzeko.