543 Zenbakia 2010-07-30 / 2010-09-03

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gazteen Nazioarteko Urtea

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



2010–2011 Gazteen Nazioarteko Urtea izendatu du Nazio Batuen Erakundeak. Urte honen aldarrikapenarekin, gazteek gizarteko esparru ezberdinetan modu eraginkor batetan parte hartzea bultzatu nahi da. Gainera, sektore guztiak animatu nahi dituzte gazteriarekin zein gazte elkarteekin elkarlanean aritzeko eta hala beraien behar eta kezkak ezagutu eta gizarteari egin diezaieken ekarpenak aintzat hartzeko.

Eneko Barberena arrasatearrak Arrasateko Txatxilipurdi Gazte Elkartean dihardu lanean. Bere ikuspuntua jaso nahi izan dugu eta orri honetara ekarri:

Zer deritzozu urteari?

Egia esan, nahikoa ezkorra naiz horrelako egitasmoekin (nazioarteko hiri, nazioarteko urte, kultura hiriburu...). Ezer baino hobeto bada, dudarik gabe, baina uste dut ez dela guztiz eraginkorra.

Izan ere, gero zenbateraino hartzen dira kontuan gazteen iritziak proiektu ezberdinetan? Nor arduratzen da bereziki gazteek pairatzen duten etxebizitza arazoaz? Eta kontratu zaborrez? Bekadun gisa 8 ordu lan egin eta 400 ¤ kobratzen dutenez eta antzekoez? Urtea garrantzitsua da, baina garrantzitsuagoa da egunez egunekoa.

Gazteok badaukagu zer esan eta zer egin. Hori guztia aintzat hartzen al da zure inguruan?

Kontuan hartzea zer da? Askotan administrazioak egun bateko parte hartze saioak egiten ditu eta esaten dute hori parte hartzea dela. Beno... Hor definitu egin beharko litzateke zer den aintzat hartzea eta zer ez, baina egia da gaur egun badirudiela badagoela gure sektore ezberdinetan iritzia aintzat hartzeko joera bat.

Dena den, uste dut akatsa egiten jarraitzen dugula: gazteok erakarri nahi gaituzte baina helduen parametro eta moldeetan. Ez dira moldatzen gazteetara, gazteak moldatu nahi dituzte helduen eremura.

Zenbait arlotan gazteek ere nolabaiteko frustrazioa izan dezakete ez zaielako entzuten, eta ondorioz mutu eta geldi geratzeko arriskua dago. Nola animatu hitza eta ekintza har dezaten?

Nik uste, hitza eta ekintza ez direla helburua, bitarteko bat baizik. Gazteek xede ezberdinak izan ahal dituzte, amets ezberdinak gauzatzeko grinak... Baina espazioa utzi behar zaie, denbora eman, konfiantza... Gure gizartea gero eta zurrunagoa da, burokratikoagoa... eta ez dago aukera gehiegi hitza eta ekintza hartzeko.