Euskonews Gaztea
Gaiak: Barreterapia
Barreterapia, gure barnean dauzkagun emozioak askatzea, erlaxazio sakon bat lortzea, sentitzeko eta maitatzeko ateak irekitzea eta sortzaile izaten laguntzen gaituen terapia ederra da; baina batez ere, zoriontasunerako biderantz garamatzana. Manu Egaña.
Gelotologoa edo barreterapiako monitorea ez da umorista bat. Risoterapeuta, izenak berak dioen bezala, terapeuta bat da eta barrearen ezagutza eta bere teknikak erabiltzen ditu. Bere esku dituen teknika edo tresnak askotarikoak izan daitezke, eta bere esperientzia pertsonak edo taldeko esperientziaren arabera aldatu daitezke. Teknika guztien artean hauek dira garrantzitsuenak eta erabilgarrienak: erlaxazioa, ikuspegi sortzailea, gorputza bideko hizkuntza edo dantza, jokoak eta talde dinamikak, musika, antzerkia eta arnasketa teknikak. Barreterapiaren jatorri eta eboluzioa
Korronte filosofiko ugarik, duela mende askotatik ezagutzen dute barrearen eta umorearen garrantzia eta modu praktiko baten erabiltzen dute. Duela 4000 urte baino gehiago, txinatar inperio zaharrean, jendea barre egiteko biltzen zeneko tenplu batzuk zeuden osasuna orekatzeko asmoarekin. Indian ere, antzeko tenplu sakratuak aurki ditzakegu.
Beste kultura zahar batzuetan “pailazo doktorea” edo “pailazo sakratuaren” irudia existitzen zen, zeina mozorroturik eta barrearen bidez gaixoak sendatzen zituen gizon bat zen.
Sigmund Freud–ek, gorputzeko energia negatiboak kanpora ateratzeko dohaina eman zien barre algarei. Beranduago zientziak hori egia dela frogatu ahal izan du jakitean kortex zerebralak inpultso negatibo elektrikoak askatzen dituela barre egin eta segundo batera. Azken 30 urteetan asko aurreratu da barrearen aplikazio terapeutikoari dagokionez.
70. hamarkadan, mediku kaliforniar batek, Patch Adamsek, barrea eta umore ona aplikatu zituen gaixotasun batzuen tratamendu gisa, emaitza onak izanik. Geroztik aurrera, barrearen terapiaren teknika AEB, Suitza, Alemania eta Frantziako ospitaleetan erabiltzen hasi zen. Argazkia: apdk Barreterapiaren helburuak
Norberaren hazkuntza, barne ezagutza eta autokontrola lantzeko modu dibertigarri bat da. Gure dohainak ezagutzen laguntzen digu, gure mugapen emozionalak hausten; indarrez, ilusioz eta argiz hornitzen eta batez ere poztasuna gure bizitzako oinarri bihurtzen.
Gure erlazionatzeko gaitasuna ere hobetzen du, modu egoki eta eraginkorrago baten komunikatu ahal izateko. Gorputz eta adimenaren oreka berreskuratzen laguntzen digu tentsioa eta estresa gutxituz.
Irudimena, intuizioa, auto–estimua eta inteligentzia emozionala garatzen ditu. Digestio arazoak, migrainak, arazo kardiobaskularrak, esklerosia, alergiak, katarroak, nekeak, insomnioa... prebenitzen ditu eta sistema inmunologikoa indartu. Pertsonei, barrearen onuraren inguruko ezagutzak eskaintzen dizkie. Benetako barre eta irribarrea berreskuratzeko errekurtsoak eskaintzen ditu. Komunikazioa eta kontaktu fisikoa areagotzen ditu eta berdin gertatzen da pentsamendu positiboa, bizi poztasuna eta umore onarekin. Pertsonen sentimenak, kreatibitatea, benetako barrea... berpizten dituzten jokoak eta ekintzak erabiltzen ditu.
Barreterapiaren bitartez giza garapena sustatzea lortzen dugu, gaitasun komunikatibo berbal eta ez berbalak lantzen ditugu, gure emozio eta beldurrei aurre egiten, pertsonekin eta gure inguruarekin erlazionatzeko modu ezberdinak ikasten ditugu bizi berri batera ateak zabalduz, guztia bihotzetik ere begiratzen ikasiz.