541 Zenbakia 2010-07-16 / 2010-07-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gaztemundu 2010

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA

Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal Etxabe



Uztailaren lehenengo hamabostaldia berezia izan da munduan zehar bizi diren eta euskal jatorria duten 30 neska–mutilentzako. Beste behin ere, Eusko Jaurlaritzaren ekimenez, 18 eta 30 urte bitarteko gazte hauek beren sustraien jatorria ezagutu dute bertatik bertara –nahiz eta askok euskaldun asabarik ez izan nolabaiteko erlazioa dute herrialdearekin–, egungo errealitatea bereganatu, eta esperientzia berezi baten protagonista bihurtu dira.

Aste betez Gasteizen eta ondoren Bilbon izan dute egoitza Argentina (24 lagun), Chile (2), Kolonbia (2) eta Amerikako Estatu Batuetatik (2) Gaztemundu programan parte hartzera iritsitako lagunek. Ez dira geldirik egon, eta ondorioz, ez dute aspertzeko betarik eduki, handik hona ibili baitira udalerri ezberdinak bisitatuz (Gasteiz, Donibane Lohitzune, Getxo, Hondarribia, Bilbo...), jaietan parte hartuz, museoak bisitatuz eta abar.

Hala, besteen artean, Iruñera joan eta nazioarteko festa bihurtu diren sanferminetan egon dira, edota oinak Gesaltza Añanako ur gazietan bustitzeko aukera izan dute, San Mames edota Guggenheim bisitatu dituzte, baita Eduardo Chillida euskal eskultorearen Chillida–Leku museoa ere.

Azken horretara bertaratu gara Euskonews Gazteatik eta bi astetan zehar egonaldi honetaz disfrutatu dutenen sentsazioak jaso ditugu. Oro har, esperientzia ederra izan dela adierazi digute irribarre batekin. Batzuek aurretik ezagutzen zuten Euskal Herria –familia bisitatzera etorri direlako, esaterako– baina beste askorentzako aurreneko aldia izan da, eta biziki pozik daudela adierazi digute.

Beraien artean ez ziren ezagutzen, “baina argi geratu da nahiz eta ezezagunak izan, borondate apur batekin, familia sortu dezakezula edonon,” esan digu Catalina Fern?ndez kolonbiar gazteak. “Eta nahiz eta gure artean desberdinak izan, komunean daukaguna, Euskal Herriarekiko nolabaiteko sentimendu berezi batek lotzen gaituela,” gaineratu digu.

Gaztemundu programan soilik behin hartu dezakete parte gazte hauek, eta zuku guztia atera diote egonaldiari. “Hemengo giroa ezagutu dugu, lagun berriak egin, gure dagokigun historia zati bat jaso... Ederto ibili gara!” Ziur ez dutela segituan ahaztuko esperientzia. Hurrengora arte!



Chillida–Leku, 2010eko uztailaren 3a Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal Etxabe