540 Zenbakia 2010-07-09 / 2010-07-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Alkohola eta gazteak, arduratzeko harremana

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Ez da berria gure gizartean neska–mutil gehienek –salbuespenak salbuespen– alkohola nerabezaroan probatzen dutenaren albistea. Eusko Jaurlaritzak 2010eko ekainean publiko eginiko zifra batzuen arabera, 15 eta 17 urte bitarteko EAEko gazteen % 70ak noiz edo noiz edan du alkoholdun edariren bat edo beste. Ez dira datu apalak, zoritxarrez. Argazkia: Memphix

Diotenez, lehenengoz alkoholarekin kontaktua 10 eta 14 urte artean eduki dugu gutariko askok, eta zenbait adituren esanetan, adina igo den arren kopuruak aldatu dira; lehen gutxi batzuek edaten zuten, eta gaur egun orokortuago dagoen praktika da. Badirudi legeak egon arren –adin txikikoei saltzea debekatuta egotea, eta abar– praktikan alkohola beraien eskutara iristen dela; dela pertsona helduagoek erosten dietelako, dela tabernari zein saltzaileek paso egiten dutelako.

Nola lortu daiteke egoera aldatzea? Ez da erantzun erraza. Urte dezente dira erakunde ugaritatik prebentzio kanpainak burutzen ari direla, besteen artean, Askagintza dugu. Gainera, ikastetxe zein etxe ugaritan ere hitz egiten da gai honetaz, gurasoak kezkatuta, nolabait gazteak kontzientziatzen ahalegintzen dira. Baina balio al du egiten den lanak? Hau da, kontuan izanik alkohola legala dela eta gure gizartean “txikiteoaren” kultura dagoela, guraso horietariko askok mezu bikoitza helarazten diete neska–mutilei. Ezazu edan, ez baita ona –edo zigortu egingo zaitut edo dena delakoa– baina itxaron, lagunekin pote bat hartzeko geratu bainaiz.

Neska–mutilek kalean zein etxean ikusten dutena errepikatuko dute; ezen alkoholarekiko dugun erlazioa gauza sozial bat moduan hartzen baita oraindik ere gehienetan. Beraz, zein da bidea? Lege lehorra aplikatzea? Historian halakoxe neurriak hartu direnean, klandestinitatean kontsumitu izan da, eta jakina da debekuek produktuarekiko inongo kontrolik ez izatea ekartzen dutela, horrek dakartzan arriskuekin.

Gazteengan zer edo zer eragin nahi baldin badugu, orain arteko bidea egiten jarraitu behar dugu, hau da prebentzioa eta kontsumo arduratsua bultzatzea funtsezkoa dira; alkoholak ekar ditzakeen ondorioez hitz egin behar da zalantza barik –alkoholismoa, gibel, garun eta bestelako gaitzak, istripuak... Baina gainera. diogunaren eta egiten dugunaren artean kontsekuente izan eta koherente jokatu beharra azpimarratu behar dugu, gauza bat esan eta beste bat egin gabe. Helduagoen jokaerak markatzen du hein batean etxeko gazteenen bidea.