539 Zenbakia 2010-07-02 / 2010-07-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Patriketako zuloen arabera

BEREZIARTUA, Loren



Denbora luzea da edozer egiteko aurrena kontu korronteari erreparatzen diogula, aspalditik gaudela espiral batetan murgilduta, itzulipurdika, bueltaka gabiltzala. Aspaldikoa da krisiaren doinua eta hura atzeman genuenetik, lasaitasun puntua galdu genuela.

Ez da denbora gutxi lagun batekin mintzatu nintzela gai honetaz. Eta hura ezustea, bere aldamenean, neure burua ezkorretan ezkorren gisa ikusi nuenean, nahiz eta jakin badakidan ez dela kasua. Krisia egon badagoela, eragiten digula, eta nahiz eta datozen 45 urteetan etxeko hipoteka ordaindu behar eta bikotea langabezian geratu den arren, izugarrizko oporraldia egingo dutela –pertsonako 1500 eurotik gora. Neuk logikatik at irteten den zerbait moduan ikusten dudala esanda, zomorro bihurtu nintzen, hizkuntza arrotz batetan hitz egin eta ulertuko ez banindute bezala so egiten baitzidaten.

Zalantzarik ez, bakoitzak gura duena egingo du, nahi bezala bizitzeko eskubidea baitaukagu. Eta nor naiz ni hori kritikatzeko? Egia da nik ez nukeela horrela jokatuko, eta patriketan ditudan zuloen arabera gauza bat edo bestea egingo nukeela.

Halere, hizketaldi hark beste gogoeta bat egitera eraman ninduen, hain zuzen ere, bankuei kreditua eskatzen dizkieten pertsonez akordatu nintzen; bai eta Aupa Etxebeste! filmean moduan, bakantzetan doazela esan eta etxean pertsianak jaitsi eta ezkutatuta geratzen direnez ere. Azken honi dagokionez ez daukat erreferentzia askorik, eta espero dut ez direla kasu asko emango.

Baina bankuari laguntza eskatzen diotenen berri bai, badaukat; eta txarrena ez da kreditua eskatzea, okerrena –ene aburuz– horietariko askok eguneroko bizimoduari aurre egiteko zailtasunak eduki eta itxurak egin nahian, harropuzkeria edo dena delakoagatik, oporretara munduko beste puntaraino joatea. Horixe da tristeena.

Horregatik diot zertarako gai garen begiratzea funtsezkoa dela, gure eskuetatik haratago dauden aukerak beste garai oparoago batetan aprobetxatuko ditugula. Ezin baikara plantak egiten ibili; ez baikara ezer izatera iritsiko ez garena islatuz.