Euskonews Gaztea
Gaiak: Gazte Ekoliderrak, protagonistekin berbetan
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
“Gipuzkoan jasangarritasunaren alde gogoz arituko den gazte sare formatu eta aktiboa sortzea helburu” duen Gazte Ekoliderrak proiektuan –Kutxa Fundazioak antolatutako eta Eusko Ikaskuntza eta Cristina Enea Fundazioaren laguntzarekin abiatutako egitasmoa– 30 gaztek dihardute 2010eko martxoa geroztik. Diziplina anitzetako gazteen parte–hartzea ziurtatu asmoz, 18 karrera edo arlo ezberdinetako neska–mutilak hautatu zituzten arduradunek protagonista moduan, hala, emaitza aberasgarriago baten bila zuzenduz abentura.
Fase ezberdinak jasotzen ditu bere baitan proiektuak, Trebatu, Ekin eta Izan. Aurrenekoa amaituta, bigarrenari ekin diote parte hartzaileek; hain zuzen ere, gai ezberdinetako informazioa bereganatu ondoren, 5 talde egin eta proiektu bana burutzen ari dira gazteak. Argazkia: xddorox Autoak murriztuz
Euskonews Gaztean protagonistetako batzuekin hitz egin dugu. Maitane Zubillagak 24 urte ditu eta antiguarra da, Donostiakoa. Proiektuaren berri Kutxaren bitartez eduki zuen gazte honek eta oso interesgarria iruditu zitzaion gaiari dagokionez. “Aurretik ere interesatzen zitzaidan horrelako zerbaitetan sartzea. Aukera paregabea izan da arlo honi dagozkien gauzak ikasteko.” Ezen Maitanek Arkitektura teknikoa ikasi du “eta energia berritzaileen gaineko master bat egin nuen; horixe zen gaiarekin ordura arte edukitako kontaktu bakarra,” azaldu dio Euskonews Gazteari.
“Ez nekien zer aurkituko nuen Gazte Ekoliderrak programan, eta benetan diot, oso baliagarria suertatu zaidala aurreneko fasean (Trebatu) ikasitakoa. Inoiz jorratu gabeko gauzetan ezagutza eskuratu dut, esate baterako, lidergoari dagokionez. Halere, horrelako proiektuetan beti gertatzen den bezala, batzuetan denbora gehixeagoz landu nahiko nituzke zenbait arlo.”
Bigarren fasean buru–belarri sartuta dabiltza dagoeneko ekolider guztiak, eta Maitanek bere taldeak hautatutako gaiari buruz hitz egin digu. “Hasteko, taldekideen perfil anitza azpimarratuko nuke, Ingeniaritza, Ingurugiro Zientziak zein Arkitektura ikasitakoak baikara. Eta nahiz eta arlo ezberdinetatik etorri, komunean gauza ugari ditugu eta horrek lanerako asko lagundu digu. Proiektuari dagokionez berriz, Ibaetan okupazio baxuko garraio pribatua murrizteko plan bat abiatu dugu. TAO ipini behar dutela jakin bagenekien, eta aukera ona da gure iritziz halako ekimen bat burutzeko; badakizu, poltsikoa ukitzen digutenean...”
Orain arteko lanari buruz “bertara joan ginen egoera gertutik ikusteko. Daukagun ideia nagusia, jendeak autoa konpartitu dezala da, eta hala, inguruko enpresak behatu genituen, zenbatek duten parking pribatua begiratu...”. Aurreproiektua garatzen dihardute, baina irailera arte oporrak hartuko dituztela aitortu digu, “indarberrituta etorri eta behin amaituta, aterabidea ematen saiatzeko.” Argazkia: D Sharon Pruitt Saio ekologikoa
Beste gazte batekin ere ipini gara kontaktuan; Jon Martin da bera, 29 urteko oiartzuarra eta Publizitatean lizentziatua, idazlea eta bertsolaria. “Proiektuaren aurreneko urtea izanda, ez neukan inongo erreferentziarik, eta interneten barrena topatu nuen beka deialdi hau. Gogoan daukat elkarrizketa bat egin zigutela bakoitzari hautatu edo ez erabakitzeko, eta nik garbi esan nien, ekologiari buruz gutxi dakit! (barre). Egia esan, nire lana dela eta, maiz eman behar izaten dut ekologiari buruzko informazioa eta esperientzia honen ondoren, lehen baino ezagutza handiagoa daukat, eta hobeto moldatuko naiz.”
Komunikazio arloa ondo ezagutzen du gipuzkoarrak, eta “normala, eremu horrekin lotutako proiektu bat aukeratu izana!,” diosku. “Ekologiaren gaineko telebista programa bat prestatu dugu, eta nahiko garatuta daukagu dagoeneko. Hau da, gure asmoa, finantziazio iturriak bilatzea izango litzateke, behintzat programa pilotua grabatzeko; badakizu mundu honetan, gauzarik txikiena ekoizteko ere, dirutza behar da!”
Baina zer hartuko luke aipatutako saio horrek bere barnean? “Ekologia eta garapen jasangarria ardatz izanik, saio bakoitzean gai nagusi bat izango genuke hizpide. Demagun kontsumo arduratsua hautatzen dugula; modu horretan kontsumitzen duen eta ez duen pertsona biren arteko konparazio bat egingo genuke, produktuen arteko desberdintasunak erakutsi ?nondik garraiatzen den, edo zenbat plastiko erabiltzen den eta abar. Egia da gaur egun audientziek agintzen dutela, eta dauden moduan egonda, ikusiko dugu funtzionatzen duen, espero dezagun baietz!”.
Amaitzeko, Jonek Gazte Ekoliderren gaineko balorazio positiboa egin digu “pilo bat ikasi dut. Gainera, jende askok uste du ez dagoela beraien eskuetan egoera aldatzea, baina norberak ahal duen heinean gauzak eginez lortuko dugu etorkizuna hobea izatea. Eta badakigu, ezagutzak gauzak egitea errazten du, nondik nora jo ikasten baitugu; horregatik animatzen dut jendea hurrengo edizioan parte hartzera.”
Izan ere, dagoeneko antolatzaileek 2011rako Gazte Ekoliderren bigarren edizio bat burutzeko xedea darabilte buruan. Eta poliki–poliki garapen jasangarriaren aldeko apustua egiten duten gazteen sare hau indartzen joango da. Eta zu, animatzen al zara?