537 Zenbakia 2010-06-18 / 2010-06-25

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Enrike Solinis. (Musikaria): Musikari komertziala ez izatea ohorea da batzuetan

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Mendizalea da Enrike eta Durangaldeako Mugarra tontorrera igotzea da gehien gustuko duen txangoa. Eta ziurrenik bere ibilaldietan, gitarra edo lautearen doinuek beteko dute bere burua. Ezen bizkaitarra musika zaharraren zale amorratua denez gero, esparru hori landu eta profesional moduan aritzen da trobalari moderno hau, bere emanaldiak berritasunez josiz, gitarra elektrikoarekin ere ausartzen baita.

Musikari trebatua zaitugu, baina akordatzen zara zein izan zen musikarekin eduki zenuen aurreneko kontaktua?

Txikitatik egon naiz musikarekin kontaktuan, nire etxean egunero entzuten baitzen musika; pentsa, geure aita abesbatza bateko zuzendaria zen, eta besteak beste gitarra eta organoa ere jotzen zituen. Arrazoi horrexegatik, nire etxean guztiok heldu diogu hein batean musikari.

Gero, Derioko seminarioan ikasten nuenean gitarra jotzen hasi nintzen elizkizunetan –ikasleok ia meza guztietan jotzen genuen Juanjo Elezkano misiolariarekin. Hori izan zen nire lehen kontaktua gitarrarekin. Noski, gitarra klasikoa jotzen hasi nintzen, izan ere, nire garaian ezin baitzen gitarra elektrikoa ikasi kontserbatorioetan. Baina zorionez, egun ez da hori gertatzen eta nahiko normalizatua dago.

Lautea ere ondo maneiatzen duzula entzun dut. Erdi Aroko trobalariekin zein garai modernoagoetako tunako kideekin lotuko genuke; nola erlazionatu Euskal Herriarekin?

Imajina ezazu, garai batean Europa osoan lautea instrumenturik garrantzitsuena zen, eta nola ez Euskal Herria ez zen salbuespena. Gainera, Nafarroako Erreinuko dokumentuetan ?musika kontuei dagokionez– lauteko sokak galdeginez eskaera pilo bat agertzen dira, beraz argi dago lautea Euskal Herrian ere jotzen zela.

Bestetik, eta Euskal Herrian gitarraren garrantzia nabarmentzeko datu bat, Gernikako Batzar Etxean Iparragirreren – euskal kulturaren ikur garrantzitsuenetarikoa– gitarra dago ikusgai, eta hori ez da edonon gertatzen.

Antzinako musika egiten duzu. Zer da estilo horretatik gehien atsegin duzuna?

Alde batetik, antzinako musikaren freskotasuna, eta beste musika mota batzuk baino ulergarriagoa izan daitekeela, eta bere hizkuntza entzuleengandik hurbilago kokatu dezakegula, biziago senti dezakegula. Nahiz eta zoritxarrez antzinako musikaren mundua musika klasikoko munduaren aurreiritziengana gerturatzen doan zenbait kasutan, oraindik ez dago horren mugatua edo bere buruarengan itxia.

Beste aldetik badago lekua inprobisazioarentzat eta horrek entzuteko erraztasun handia dakar. Musika arlo honetan dihardugunok, gaur egungo pertsonak gara, eta antzinako arau eta forma batzuetan oinarrituta inprobisatu arren, gaur egungo musika eta bizitzaren eragina dugunez gero, egindako musikan islatzen da. Hala, modernoa da hein batean, eta horrek musika ulergarriagoa bilakatzen du entzulearentzat.

Euskalbarrokensemblek aterabidea ematen dio zure pasio horri, ezta?

Bai eta hasiera–hasieratik taldearen helburuetariko bat izan da musika pasioz jorratzea; zenbat eta aurreiritzi gutxiago orduan eta hobeto. Zentzu horretan zorte ona izan dut Euskalbarrokoensemblen jotzen duten musikariekin, nire pentsamenduarekin bat egiten baitute. Bakoitza bere esparruan onenetarikoa da eta beren sormena nirea baino handiagoa denez gero, esan dezakegu haietaz aprobetxatzen naizela! (barre)

Eta non jotzen duzu erosoen? Hau da, beti diote elizek akustika bikaina izaten dutela...

Egia esan, musika jotzeko maiz nahiko txarrak izaten dira elizak erreberberazioagatik – soinuaren islapenaren ondorioa den fenomenoa, jatorrizko soinua isildu denetik, uhinen islapenagatik, soinuaren luzapenean datza. Halere, salbuespenak egoten dira, oso akustika ona duten gutxi batzuk hain zuzen ere. Zergatik? Mezetarako konposatutako musika elizetako berezitasunak kontuan hartuta egina egon da, (elizaren neurriak, eta abar) eta kamarako musika, aldiz, ez da elizetan interpretatua izateko konposatua izan. Beraz, kamarako musika elizetan interpretatzea kasu batzuetan nahiko zaila eta kaltegarria gerta daiteke.

Lehen aipatu duzu neurri batean nahiko modernoa dela egungo musika zaharra. Zeuk gitarra elektrikoei heldu eta estilo hau jotzea posible dela erakutsi duzu. Tradizionalisten aldetik kritikaren bat jasoko zenuen akaso...

Ba bai eta egia esan ilusioa ere egiten didate batzuen kritikek... Orain dela gutxi nire kontzertu baten kritika txarra egin zidaten egunkari batetan eta irakurritakoan argi neukan kritikoa ezjakin hutsa zela, bere aurreiritzi eta klixeek ez zioten entzuten ari zena ulertzen edo onartzen uzten.

Argi dago musika guztiz subjektiboa dela, eta edonork eman dezake bere iritzia gustatzen edo gustatzen ez zaionari buruz. Baina kontzertu batean antzinako zein XXI. mendeko instrumentuak erabiltzeagatik, beste instrumentuentzat idatzitako piezen transkripzioak egiteagatik edo besterik gabe musika zure erara egin nahi izateagatik eta “arauak” ez errespetatzeagatik, pena ematen dit horrelako kritika jaso beharrak. Baina horrelako kritika bat aberasgarria ere izan liteke aldi berean!

Kontua da txikitatik asko ikasi dugula eta demostratu dugu profesionalak garela munduko toki eta publiko mota desberdinen aurrean. Niretzako behintzat, musika, musika besterik ez da eta hori da kontzertuetan geure jarrerarekin islatu nahi duguna, baina entzulea zein den arabera, batzuetan ez da ulertzen...

Bestaldetik, uste al duzu musikaz nahikoa irakasten zaigula, edo daukagun musika–hezkuntza pobrea da?

Nire uste apalean oso pobrea da eta are gehiago hezkuntza publikoan. Esaterako bai musika bai kirola guztiz ahaztuta daude, izan ere momentuko politikoek ez dakite propio zeintzuk diren artearen onurak eta ekarpenak pertsona eta, oro har, gizartearentzat. Argi dago musika kultura dela eta ezagutzak pentsatzen laguntzen duela iruditzen zait.

Nik bederen, gazte gutxi imajinatzen ditut egun lautea heldu eta talde batean praktikatzen. Gehiago irudikatzen ditut pantaila aurrean rock bandak irudikatzen dituzten bideojokoekin...

Noski eta nik ere bai. Biak musika izan arren bata negozio barruan dago eta bestea oraindik ez horrenbeste. Dena dela, Euskal Herrian hainbat taldetan entzun dezakegu antzinako musika –bai erdi aroko musika zein barrokokoa eta abar–, nahiz eta askotan agian musika herrikoia bezala hartua izaten den. Baina kontuan hartu behar da segur aski gaur egun musika herrikoitzat hartzen ditugun hainbat eta hainbat abestiren oinarria antzinakoa dela, eta orduko musika guztiz lotuta dagoela musika herrikoiarekin eta dantzekin. Nondik uste duzu etortzen dela, adibidez, besteak beste “Oi Pello Pello” abestia zein “Haika Mutil”?

“Musika zaharra ez da modan dagoen zerbait, eta gainera, aspertu egingo naiz”...

Lehen esan dizudan moduan, batzuetan ez dakigu entzuten dugun kanta antzinakoa dela eta horretaz aparte, musika mota bat modan ez egoteak ez du esan nahi txarra denik; are gehiago: batzuetan komertziala ez izatea ohorea da. Bestalde, antzinako musika entzuteko oso atsegina eta lasaigarria da, hori da musikan aditua ez den jende askok lehenengoz musika estilo hau entzutean izaten duen iritzia, umeek besteak beste. Eta ia gauza guztietan bezala, “aspertu egingo naiz” pentsatzen duenak ezjakintasunetik dio hau, inork ezin baitu halakorik esan probatu aurretik. Iruditzen zait irekiak egon behar dugula ezagutzen ez duguna ezagutzeko! Enrike Solinis (Bilbo) Enrike Solinis Azpiazu Bilbon, La Peña auzoan jaio zen nahiz eta aurki joan ziren Galdakaora bizitzera. Maximo Moreno Musika eskolan zortzi urterekin ekin zion musika ikasteari eta arreba guztiekin joaten zen berak bakarrik jarraitu zuen esparru horretara. Ondoren, Bilboko kontserbatorioan gitarra ikasketak egin zituen eta Bartzelonan ere gradu–ondoko bat burutu zuen. Zenbait urteren buruan hara itzuli eta antzinako musikaren barruan “cuerda pulsada”–ko instrumentuak ikasteko xedearekin (tiorba, lautea, gitarra barrokoa, bihuela ...). Gitarra elektrikoa zuen landu nuen bertan. Euskalbarrokensemble taldea sortu zuen 2005ean, eta Euskal Herrian ez ezik, kanpoan ere aritu izan dira antzinako musika landuz.