Euskonews Gaztea
Gaiak: Tatuajeen historia
Tatuajeak gaur egungo moda direla pentsatzen duten pertsonak daude, baina XX. mendean moda bezala nagusitu badira ere, duela milaka urte existitzen dira.
Tatuajeak azalean egindako orbanak dira, koloreztaturiko substantziez eginak eta, azalean gelditzen direnak betiko. Modu asko daude larruazaleko orbain horiek interpretatzeko: psikologoentzat, adibidez, emozioen heldutasun ezaren erakusle dira; beste batzuentzat, ordea, hori baino askoz gehiago dira, espresatu ahal izateko artea, alegia. Argazkia: tibchris
Kontuak kontu, hurrengo lerroetan ikusiko dugunez, historian zehar arte hori aldatuz joan da kultura ezberdinen ezaugarriei egokituz.
Hasteko, zibilizazioen arabera tatuajeek helburu desberdinak izan dituzte. Tatuajeen jatorria Polinesiako eskualdean izan zela pentsatzen da. Han, apaindura gisa erabiltzen ziren haien erkidego zentzua galdu gabe. Tatuatuen zeudenek errespetu gehiago merezi zuten eta gainera tatuajeak gerretan aurkariak beldurtzeko erabiltzen zituzten. Antzinako Egipton erritual edo sinbolo gisa egiten zituzten, gehienbat emakumeek, funtzio babeslea eta magikoa zutela sinesten zutelako. Amerikako indigenak, Egipton bezala, erritual moduan apaintzen ziren, baina horiek haurtzarotik heldutasunerako trantsizio bidea zehazteko jartzen zituzten. Grezian eta Erroman kriminalak markatzeko eta begi–bistaz nortzuk ziren jakiteko erabiltzen ziren. Ekialdeko kulturan, gaur egun bezala, gorputza edertzeko soilik. Argazkia: Kr.B.
Esan dugun bezala, XXI. mendean tatuajeak gehienbat egiten dira estetikoki hobetzeko, baina batzuetan balio sinbolikoa ere badute: bizitzan gertatutako zerbait gogoratzeko, norbait maite duzula adierazteko, zure pertsonalitatearen ezaugarriren bat nabarmentzeko... Halaber, talde jakin bateko kideek beste taldeetatik bereizteko tatuajea egiten dute; horiek horrela, armadakoek haien espezializazioa adierazteko edo rangoa nabarmentzeko erabiltzen dituzte, kartzelan indartsuago emateko...
Era berean, kulturen arabera tatuajeak egiteko teknika ezberdinak erabili izan dira. Kultura tribal batzuek azala moztean errautsez, tintaz edo beste material batez zauria igurtziz egiten zituzten tatuajeak. Beste batzuek, animalien hezurrekin larruazala ziztatuz sortzen zituzten. Geroago, tintan orratzak bustiz marrazten zituzten, orain dela denbora gutxi arte erabili izan den teknika.
Gaur egun, leku espezializatuak daude gorputza apaindu ahal izateko; bertan material esterilizatuaz baliatu beharra daukate, infektatzeko arriskua txikitzeko. 1891. urtean Samuel O’Reillyk tatuatzeko lehen makina asmatu zuenetik, metodo horren bidez egin izan dira tatuajeak. Makina horrek ez du ezberdintasun handirik ekarri arte honetara; horren bidez tinta azal barruan sartarazten da beti bezala, baina askoz erosoago eta zehatzagoa da, horregatik, marrazkiak askoz definituagoak geratzen dira. Hala ere, antzina erabiltzen zen metodoak erabilgarria izaten jarraitzen du leku batzuetan; kartzeletan, adibidez, sardexkez, jostorratzez eta abarrez pigmentatzen jarraitzen da.
Antzina, gorputzean egindako marrazkiek esanahi garrantzitsua zuten eta kolore bakarrez egiten zituzten: beltzez. Polinesian tatuajeak irudi geometrikoz eginak zeuden eta ez ziren batere sinpleak; jainkoak irudikatzen zituzten. Egiptoko kulturan emakumeek egiten zituzten tatuajeetan naturaz gaindiko figurak erabiltzen ziren, jainkoak, adibidez, baita hieroglifiko eran idatzitako hainbat hitz ere. Afrikako tribuen kultura gehienetan tatuajeak oso sinpleak ziren eta ez zituzten jainkoak irudikatzen; marrak, puntuak eta halakoak egiten zituzten gudari sinbolo gisa. Indian, ordea, bekokiaren erdian egiten zuten puntu bat arimaren begia irudikatzeko. Argazkia: Meanest Indian.
Indiako ohitura horrek oraindik irauten badu ere, gaurko kulturetan tatuajeetan gustuko edozein irudi egiten da, kontuan eduki gabe bere esanahi, zailtasun edo kolorea. Orain kolore beltzaz gain, beste kolore asko erabil daitezke: gorria, urdina, berdea... kolore askoren artean hautatzeko aukera baitago.
Kontuak kontu, azken urteetan tatuajea gure gizartean estetika gisa onartzen hasia da, eta ez maila sozialen arteko desberdintasunen erakusle gisa soilik. Gainera, nahiz eta oraindik ere gizarteko sektore guztiek tatuajea onartu ez, pausoz pauso aurreiritziak atzean uzten ari dira, eta gorputzetan irudiak marrazten dituzten pertsonak mundu osoan zehar zabaldu dira. Bestalde, antzinako tatuajeak gaur egungoarekin zerikusi handia du, eta kontsidera dezakegu jatorri sakona eta unibertsala duen arte honek eboluzio jarraitua izan duela, nahiaz eta gauza guztiek bezala, berrikuntza onuragarriak jasan izan.
‹‹Eshter Rojo tatuatzailea, Euskonews Gaztean››