535 Zenbakia 2010-06-04 / 2010-06-11

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Edurne Ibañez Huarte. (Moda diseinatzailea): Art&Fashion lehiaketarako, arrain-azalarekin egin nuen lan

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Martinez de Irujoren jarraitzailea da Edurne, eta maiz joaten da frontoira nafarra animatzera. Baina bestelako zaletasunik ere badauka gazte honek, eta esate baterako urpeko arrantza praktikatzen du. Halere, moda diseinatzaile izateak denbora ugari kentzen dio gazte iruindarrari, ezen aisialdia ere horretarako baliatzen baitu. Beyoncé abeslaria jantziko lukeela esan arren, pozik dago eguneroko bezeroekin. Aitortzen du ez dela lanbide erraza, konpetentzia handia dago eta nabarmentzeko originala izatea zaila da batzuetan. Baina berak lortu du baliatzen dituen materialei esker.

Art&Fashion sariketan irabazlea irten zara Teardrop izeneko arropa–bildumari esker. Zorionak!

Eskerrik asko! Niretzako Art&Fashion oso berezia da, ezen sariketara edozein aurkeztu daiteke eta ez da ezer ordaindu behar inskripzioagatik. Gainera, nazioarte mailan oihartzuna daukan lehiaketa da; horren adibidea dugu, aurten 38 herrialde ezberdinetako 600 lagun aurkeztu ginela.

Emailez jakinarazi zidaten irabazlea izan nintzela, eta benetan diot, hogei bider irakurri behar izan nuela testua gutxienez; ez nekien “irabazlea” ipintzen zuen edo “ez–irabazlea”. Ezin nuen sinetsi, asimilatzea kostatu zitzaidan. Halere, izugarrizko poza eman zidan albisteak, eta gainera, epaimahaian diseinatzaile prestigiotsuak egoteak –besteen artean Juana Ruiz eta Garbiñe Urdampilleta, Miriam Ocáriz edota Ion Fiz– are eta motibazio handiagoa ematen du, zalantza barik!

Hala ere, ez da zure aurreneko saria izan, ezta gutxiago ere!

Ez, eta gainera esan dezaket ez naizela oso superstiziosoa, izan ere, Art&Fashion sariketakoa hamahirugarrena izan da! Hamar urte daramatzat diseinuaren arloan lanean, eta lehiaketa ugaritan eman dut izena, ezen baliabide askorik ezta mundu honetan influentzia dutenen kontakturik ez daukazunean, sariketen bitartez eman behar duzu ezagutzera zure lana.

Niretzako azken sari hau izan da orain arteko guztietatik garrantzitsuena, ez bainuen espero horrenbeste parte–hartzaileen artetik, nire diseinuek irabaztea! Argazkia: Edurne Ibañez Huartek utzitakoa.

Ziurrenik jende ugarik pentsatuko du kanpora joatea funtsezkoa dela arropen–diseinu munduan arrakasta eduki nahi izanez gero... Baina zuk Iruñean jarraitzen duzu, eta bidea egiten zabiltza!

Egia errateko, kanpora joateko aukera eduki dut, eta ziur nago bide hori hautatu izan banuela, gauzak errazagoak izango liratekeela. Baina tartaren teoria aurkitzen dut honetan; hau da, kanpora joanez gero, jende askoren artean banatu behar da pastela, eta bertan berriz, konkurrentzia txikia denez gero, inoren artean banatu behar ez den tarta erraldoi bat daukagu! (barre) Bestaldetik, egia da oso erronka handia dela hemen geratzea, baina etxean saiatu nahi nuen, eta behintzat ahalegindu naiz nire nahia lortzen! Beti egongo da kanpora joateko aukera, lehenago edo beranduago.

Arrazoiez hitz egingo bagenu, zerk bultzatuta hasi zinen arropak diseinatzen? Txikitan, ikastetxean–eta marrazten nuen, eta beti esaten zuten oso ongi moldatzen nintzela, eta kreatibitate maila altua neukala. Ondoren, Industria–deliniatzaile ikasketak burutu nituen, baina zerbait falta zitzaidala ohartu nintzen, arlo mugatua zela iruditzen zitzaidan eta ez ninduen asetzen. Ondorioz, uda batetan arropak diseinatzeko ikastaro batetan eman nuen izena, zerbait egitearren. Ezen esan dezaket ez daukadala ohiko perfila; hau da, txikitan ez nituen panpinak janzten, ez naiz sekula oso denda zalea izan... Baina beti deigarria suertatu zait sormen–arloa eta horregatik eman nuen izena ikastaroan. Hala, 1999ko ikastaro haietan hasi eta sei hilabetetara, Bilboko CreaModa lehiaketan parte hartu eta lehenengo saria eskuratu genuen. Horrek aurrera egitera animatu ninduen! Halere, gaineratu nahiko nuke ez dela bide erraza izan; hain zuzen ere, lan pila bat eskatzen duen lanbidea da eta aintzatespenak ez dira beti iristen!

Lehenengo urte hartatik gainera, material birziklatuek izugarrizko garrantzia edukitzen dute zeure lanetan, ezta?

Hala da. Arrazoi ekonomikoek bultzatuta erabaki nuen material birziklatuen aldeko apustua egitea. Ezen edozein sariketatara aurkezten zarenean, gastu ugariri egin behar diozu aurre, hala nola, izen–ematearen kostua, tokian tokiko egonaldia eta standa, jantzientzako ehunak, ...

Hala, zerbaitetan aurreztu behar nuela eta, ohiko ehunak erabili beharrean, material birziklatuak baliatzea erabaki nuen. Baina esan genezake, gaur egun nire markaren ezaugarria bihurtu dela. Izan ere, beste diseinatzaileengandik bereiziko zaituen zerbait bilatu behar duzu nabarmendu nahi izanez gero behintzat, eta neuk bide hau aurkitu nuen.

Eta askotarikoak dira material horiek, ezta?

Bai, arropa sorta berri bakoitzean, ordura arte baliatu gabeko materialen batekin lan egiten saiatzen naiz; horren adibidea da, Art&Fashion lehiaketarako, arrain–azalarekin egin nuela lan! Auzoko arrandegikoak eskaini zidan azala, eta akaso zerbait egin nezakeela proposatu zidan. Hasieran ez nuen pentsatzen ezer egingo nuenik, usain txarra zeukan! Baina urtebetera edo gogoratu nuen lehortzen zegoela azal hura, eta Teardrop lanerako akaso baliagarria suerta zitekeela pentsatu nuen. Sekula ez da ideiarik baztertu behar proba egin gabe! Argazkia: Edurne Ibañez Huartek utzitakoa.

Bestalde, orain arte gehien landu dudan materiala bizikletaren kautxuzko kamara izan da, eta gainera, emaitzarik onenak eman dizkidan osagaia da. Urte dezente daramatzat honekin lanean, eta neurri hartu diot dagoeneko.

Material horiek non aurkitzen dituzu?

Eguneroko bizitzan, zalantzarik gabe. Maiz, inguratzen gaituzten gauzen aurrean begiak ixten ditugu eta nik berriz, txatar–biltzaile, tailer eta bestelakoetan ipintzen dut arreta, industria–gaiarengatik. Baina materiala edozein tokitan aurki dezakedala iruditzen zait, arrandegia kasu!

Egia aitortu behar badut, beti egoten naiz ehundurei begira, ez dut inoiz atsedenik hartzen! Halere, benetan gustuko dudanez, eta nire parte denez, ez zait axola.

Bestaldetik, diseinatzaile ugari proiektu bati ekitean aurretiazko zirriborroa egiten hasten dira, eta ni ez. Lanetan baliatzen dudan materiala denez gero nire berezitasuna, hori bilatzen hasten naiz. Hala, materiala hautatu arte ez dut ezer egiten, eta behin hori erabakita diseinuan pentsatzen dut; noski, erabiltzen dudan osagaiaren arabera, mugatu egingo dira nire aukerak.

Eta zer bilatzen duzu zure diseinuekin?

Nekatu egiten nau dagoeneko badagoenak. Hala, pentsatzen dut desberdintasuna dela xedea, beste gauzengandik nabarmentzea. Moda munduan beti jende berdina elkartzeak azkenerako “kutsatu” egiten zaitu, hau da, ikusten duguna errepikatzeko joera handiegia dugu, eta huts bat dela iruditzen zait. Gainera, gaur egun moda oso masifikatuta dagoela pentsatzen dut, eta jendeak arropa desberdina bilatzen duenez, hasten ari garenok aukera gehiago ditugu. Eta bestalde, jendea janzten duenarekin ongi sentitzea ere garrantzitsua da niretzako, eroso egotea, eta eder ikustea.

Sariketetan parte hartzeaz gain, Entretrés enpresaren sortzaileetariko bat ere bazaitugu.

Bai, hala, enpresako lana nire kabuz burutzen ditudan diseinuekin uztartu behar izaten dut, eta azken hau denbora librean egitea egokitzen zait! (barre)

Entretrési dagokionez, beste bi kiderekin batera sortu genuen orain bi urte. Esan genezake apur bat komertzialagoa dela, neurrira egiten dugu arropa, enkarguz. Bagoaz aurrera eta geroz eta izen sonatuagoa dugu; esate baterako, Iruñeko Orfeoiarentzako jantziak egin ditugu, baita Bilboko Arriaga Antzokirako baita La Fura dels Bausentzako... Baina horrez gain, ezkontzatarako arropak egiten ditugu, emaztegai eta amabitxientzako soinekoak eta abar!

Bestaldetik, aurten osagarriak egitera animatu gara –badirudi buruko arropen urtea izango dela! Kautxua daramaten arren, horren landuta dago ez dela nabaritzen!

Eta zein kolorek bereizten zaitu?

Beltzak! Asko kostatzen zait estanpatuarekin lan egitea, eta kasu horietan, gorria, zuria eta beltza erabiltzen ditut. Gainera, ibiltokietarako nahiago dut kolore garbiagoetan zentratzea; momentuz bederen, ez nuke ezer turkesa kolorean egingo. Eta neure egunerokoan ere antzera jokatzen dut! Orain ari naiz beltzetik irteten, eta arrazoia, lasaitu egiten nauela da. Argazkia: Edurne Ibañez Huartek utzitakoa.

Ikusi al duzu jendea zure diseinuekin kaletik?

Bai. Entretrés enpresa sortu aurretik, Philippe Laporte diseinatzaile frantsesarentzako egin nuen lan hemen, Nafarroan, eta azken bost lanak neuk egin nituen. Hala, behin baino gehiagotan ikusi dut jendea nik diseinatutako arroparekin, esaterako berokiekin, eta zoriontasunez betetzen nauela aitortzen dut!

Zein garaitan biziko zinateke orduko janzkera soinean ipintzeko?

XX. mendeko 20. hamarkada. Buruko arropa, parpailak, eskularru luzeak... Zein ederra!

Eta zer diozu egungo modaz?

Gustatzen zait. Horrenbeste estilo daude, eta denetarik eramaten da! Horrek ez du esan nahi halere, edozer gauza eramatera ausartzen garenik! Europarekin konparatuta, nahiko “klasikoak” gara. Nahiz eta gutxi izan edozer janztera animatzen direnak, pentsatzen dut txalogarria dela, beren estilo propioa sortzen baitute modu horretan.

Aurrera begira, zein proiektu daukazu buruan?

Alde batetik, nire diseinuekin erakusketa bat muntatu nahi dut –aurretik ere eginda daukat eta arrakasta eduki zuen. Jendeari gustatzen zaio material birziklatuekin sorturiko arropa begiztatzea; diseinatzaileaz gain, artista puntu bat ere badaukat!

Bestaldetik Cibelesera iritsi nahiko nuke. Ez dakit zenbat denbora eramango didan asmo hau egikaritzeak, baina saiatuko naiz!

Cibeles diozula, ibiltokietako jantziak soinean ipintzeko modukoak diren zalantza sortzen zait maiz!

Neure kasuan, erabiltzen dudan materialak balorea ematen dio diseinuari, baina bestaldetik, patroi aldetik ondo zainduta egotea gustatzen zait, ez daitezela arropak oso asimetrikoak edo bitxiak izan.

Halere, ibiltokietan ikusten diren bitxikerien defendatzailea naiz, ezen kasu horietan diseinatzaileek beraien kreatibitatea aireratzen uzten dute, eta azken batean, eskultura bat egingo balute bezala da, magia, fantasia eta abar sartu behar da ikusgarriagoa izateko. Ondoren, beti ere bertsio komertzialagoa burutzen dute erosi gura dutenentzat.

Zer garrantzia duen sormenak! Zuk txikitan bazeneukan eta aterabidea eman diozu. Halere, nola ikusten duzu hezkuntza aldetik–eta kreatibitatearekiko jarrera?

Konplikatua dela iruditzen zait, ezen beti ikusi dira sormenezko karrerak –Arte Ederrak, esaterako– aterabide zaileko ikasketa bezala. Agian gazteagoa zarenean, eta zer ikasi erabaki behar duzunean, egia da maiz bultzatu egiten zaituztela irteera oparoagoa duen karrera hauta dezazun.

Umeen kasuan berriz, sormena gehiago landu beharko litzatekeela pentsatzen dut. Baina bestaldetik, adin konplikatuak izaten dira eta horregatik erakutsi behar zaie konstantzia edukitzen eta lan egiten, eta izan ditzaketen ideiei aterabidea ematen jakin dezatela. Ezen denok izaten ditugu txoriak buruan, baina horiei irteera nola eman ikastea funtsezkoa da. Edurne Ibañez Huarte (Iruñea, 1979) Santo Ángel de la Guarda mojen ikastetxean hasi zen ikasten Edurne. Ondoren, Lanbide Heziketan eman zuen izena, hain zuzen ere, Industria–delineazio arloko ikasketak burutu zituen; Moda Diseinua ere ikasi zuen eta baita Industria–material birziklapena ere. Arropak diseinatu eta sortzen ditu eta lehiaketa ugaritara aurkeztu ditu bere lanak; hamahirutan aintzatetsi diote bere abilezia, esate baterako, 2010ean Bilboko Art&Fashion lehiaketan aurreneko postuan geratu zen. Beste bi lagunekin batera Entretres enpresa sortu zuen Iruñean 2008ko irailean.