534 Zenbakia 2010-05-28 / 2010-06-04

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Jone Mitxelena. (Biokimikaria): Minbiziaren oinarri molekularra hobeto ezagutu guran gabiltza

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: Jone Mitxelenak utzitakoak

Afizio desberdinak ditu bizkaitar gazte honek: gazteagoa zenean boleibola praktikatzen zuen, pianoa jotzen du, beti aurkitzen du lagunekin ateratzeko tartea eta institutuko garaietatik biologiak erakarrita sentitzen da. Azken afizio hau ogibide bihurtu nahian, laborategi batetan dihardu tesia burutzen. Probeta, mikroskopio eta zelulen artean eroso asko sentitzen da, eta berarekin mintzatu gara, Hezkuntza Ministerioak atera dituen nota onengatik saria eman berri baitio.

Eman berri dizuten saria ez da nolanahikoa! Zorionak!

Bai, eskerrik asko! Nahiko ezusteko handia izan zen, ezen banekien nire nota ona zela, baina ez nuen pentsatzen estatu mailako onena izan zitekeenik! Sorpresa ederra izan da, eta pozik nago!

Liburutegiko sagua zaitugula ondorioztatu beharko genuke?

(Barre) Ez dut ezkutatuko asko ikasi dudala urte guzti hauetan, hori ageriko zerbait da! Baina bestaldetik, esan beharra dago jende anitzek ikasten duela asko, eta nik horrez gain zortea eduki dudala pentsatzen dut. Hau da, 18 urte nituenerako argi neukan zer ikasi nahi nuen, eta benetan motibatuta nengoenez gero, erraza egin zait liburu artean murgiltzea.

Ordu mordoa igaro ditut ikasten, baina karrerako hirugarren mailan laborategian hasi nintzen praktikak egiten, eta benetan gustuko dudan arloa beste modu batera ikasteko aukera iritsi zitzaidan. Eta nire ezusterako ohartu nintzen, nahiz eta nota oso onak atera ez nekiela ezertxo ere! Zortea eduki nuen lantalde ederra tokatu zitzaidalako; tesia egiten ari zen bati laguntzea baliagarria izan zait ezagutza berriak eskuratzeko.

Laburbilduz, garrantzitsuena benetan gustuko duzun karrera aukeratzea dela esango nuke; Arte Ederrak ikasi nahi, baina gurasoengatik enpresa ikasketak burutu dituen lagun bat daukat, eta horrela aurrera egitea zaila da. Benetan nahi duzuna egin behar duzu, eta modu horretan motibazioa bilatzea erraza da eta ikastea ez da horren zaila suertatzen.

Biologia egiten hasi zinen eta Biokimikara igarotzea erabaki zenuen. Zer dela eta?

Biokimika bigarren zikloko karrera bat da, eta horregatik lehenengo biologia burutu nuen. Nik hasieratik nekien etorkizunean laborategiko biologoa izan gura nuela, baina ez neukan horren argi Biokimika ikasiko nuenik, hori behin karrera hasita hautatu nuen.

Halere, Biokimika Biologiaren arlo bat dela esango nuke, baina gauza zehatzagoak lantzen dituela. Hau da, Biokimikak izaki bizidunen estruktura eta funtzioen ikerketa kimikoa egiten du, eta Biologia berriz, izaki bizidunen gaineko zientzia orokorra litzateke.

Eta nondik datorkizu zientzia honekiko zaletasuna?

Institutuan izan zela uste dut, biologia irakasle oso ona eduki bainuen. Oroitzen dut gainera, herentzia genetikoaren legeak ikasten ari ginela eta beti galdetzen niola neure buruari ea zergatik pertsona batzuk jaiotzen diren begi urdinekin eta beste batzuk marroiekin... Kuriositatea neukan eta erantzuna bilatzea zirraragarria suertatu zitzaidan.

Beti irteten dira galdera berriak, nire jakin–mina ez da segituan itzaliko! Gainera, orain laborategian ikerketa taldearekin minbiziaren oinarri molekularra zein den hobeto ezagutu guran gabiltza, hau da, zergatik ugaltzen diren zelula kantzerigenoak. Benetan diot, egunero–egunero sortzen zaizkigula galdera berriak! Jone, laborategiko kideekin.

Hori da gainera, zure tesinaren gaia, ezta?

Halaxe da. Baina oinarrizko ikerkuntza burutzen gabiltza laborategian; hau da, jakin badakigu ez dugula minbiziaren sendabidea aurkituko, ez baikabiltza horren atzetik. Gure xedea, egunen batean osabidea aurkitzen duenak bere lana geure ikerketatan oinarritzea da.

Orokorrean, zelulen bikoizketa nola erregulatzen den begiratu eta zergatik gehiago ugaltzen ez diren puntu bat iristen den ikertzen dugu, beste gauzen artean. Konturatu naizenez, edozein ikerketatan –bai gurean, baita bestelakoetan ere– ematen diren urratsak oso–oso txikiak izaten dira, –eta noizbehinka atzera egiten da!– baina hori bai, ezinbestekoak.

Orduan, zure lanari esker beste batzuek ikerketak burutu ditzaketela da garrantzitsuena!

Ezin gara hasi gizakiekin zuzenean ikerkuntzak egiten, oinarrizko ikerlanak funtsezkoak dira oso! Behin aurreneko lana eginda, horretatik tira egin daiteke eta urrats handiak eman. Gainera, a ze poza sentituko nukeen egunen batean berebiziko garrantzia duen aurkikuntza egin eta nire lanean oinarritutakoa izango balitz! Guztion saiakerak inportantzia handia du etorkizuneko emaitzan, eta nik eginiko lanak zerbaitetarako balioko duela pentsatzea gustatzen zait.

Eta zer da tesia burutzetik gehien motibatzen zaituena?

Proiektu bat eduki arren, hainbat artikulu irakurri behar izaten ditut eta ondoren erabaki behar dut nondik nora jo ikerketan, bide hori egitearen zergatia eta garrantzia... Azken batean, esango nuke ikasten jarraitzeko beste modu bat dela. Laborategira natorren bakoitzean sortzen zaizkidan galdera berriei erantzuna ematen saiatzeak motibatzen nau gehien.

Noski, horretarako, interesgarria da zure proiektuari buruz jendeak dakien guztia ezagutu behar dut. Hala, egiten dudana ez da soilik laborategiko lana eta nire gaiaren inguruko azken albisteen jakitun izan behar dudanez gero, Internet asko erabiltzen dudala aitortzen dut.

Teknologia berrien abantailak!

Zalantzarik gabe! Nik ez nuen bizi izan, eta agian horrexegatik izango da, baina oso zaila egiten zait irudikatzea Internetik ez zegoen garaian nola egon zitezkeen ikertzaileak berritasunen jakinaren gainean.

Munduko beste puntan dagoen batek egindako ikerkuntza ezagutzeak zure lanean aurrera egiten lagundu zaitzake. Eta gainera, Txinan eginiko ikerketaren gaineko zalantzaren bat edukiz gero adibidez, email bat bidali eta galdetzea besterik ez dut egin behar!

Hitz egin dezagun Euskal Herria eta ikerkuntzaren gainean. Nola ikusten duzu egoera?

Zientzia, teknologia eta ikerkuntzari garrantzia ematen saiatzen ari dira Euskal Herrian, eta aurrerapausoak eman direla iruditzen zait. Besteak beste, diru–laguntzak eskuratu daitezke Eusko Jaurlaritzaren bidez –nire kasua da eta oso pozik nago. Baina oraindik gehiago egin behar dela deritzot, eta horretarako inbertitzea funtsezkoa da.

Bestaldetik, gaztea, ikerlaria eta emakumea zara. Zer moduz?

Ederto! Egia esateko, inoiz ez dut diskriminaziorik antzeman eta gainera, laborategian gehienak emakumezkoak gara! Ez dakit izango den gehiago gustatzen zaigulako, baina maiz ikusi dudan egoera da.

Gainera, arraroa suertatuko litzaidake norbaiti entzutea, arlo honetan gaur egun generoagatik diskriminatuta dagoela. Lehen agian bai, baina egun nahiko berdintasun daukagula iruditzen zait. Egia da emakume ikertzaile oso onak egon direla, eta nahiz eta merezi, Nobel saria eskuratu gabe hil zirela asko. Egun aldiz, Estatu mailan esaterako, berain lana aintzatetsi zaien emakume garrantzitsu ugari ezagutzen ditut nire esparruan, eta pozgarria da! Jone Mitxelena (Barakaldo, 1985) Barakaldon jaio zen baina bizitza erdi baino gehiago Berangon eman du. Lehen hezkuntza egitera Sestaora joaten zen; Getxora berriz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eskolak hartzera. Unibertsitatera joateko unea iritsi zitzaionean, Leioako EHUko Zientzia eta Teknologia fakultatean eman zuen izena, Biologia karreran hain zuzen. Aurreneko hiru urteen ostean, Biokimika egitera igaro eta karrera amaituta, Biologia Molekularra eta Biomedikuntza masterra burutu zuen. 2010eko maiatzaren 25ean Unibertsitateko Errendimendu Akademikoko Bikaintasunaren lehenengo sari nazionala eman zioten Madrilen. Egun, minbizia ardatz duen tesia egiten dihardu laborategi batetan.