Euskonews Gaztea
Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik XLI: Azkaratetik Arrosara
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Oraingoan Ipar Euskal Herrian zehar burutuko dugun txangoan, bi udalerri bisitatzeko asmoa dugu eta ongietorria zara gurekin bidaiatu nahi izanez gero. Has gaitezen! Azkarateko Jauregia. Argazkia: EuskoSarek utzitakoa.
Azkaraten ekingo dugu gaurko abentura. Behe Nafarroako herrixka honek izenaren aldaera ezberdinak eduki ditu historian zehar; hala, 1513ko eskutitz batean Axcarat moduan azaltzen zen udalerria, eta 1621eko agiri batzuetan, berriz, Axcarate izenez agertzen zen.
Populazio aldetik txikia da Azkarate; ez da hirurehun biztanletara ailegatzen eta horren ondorioz bertan bizi den giro lasaia tokira gerturatzeko arrazoietariko bat bilakatzen da. Pisuzko beste zergati bat, herrian aurkituko ditugun eraikin ederrak dira, asko eta asko historiaz beterikoak. Besteen artean XVI. mendeko baserria den Harizpea, edota XVIII. mende amaierako Uhaldea etxea.
Halere, ezin dugu ahaztu beste eraikuntza zibil dotore bat, Azkarateko Jauregia. Diotenez, 1316ean dagoeneko zutik zegoen, nahiz eta bere egungo hormak garai hartakoak ez izan. Larregoien familiaren eskuetan egon omen zen XVIII. mendera arte eta ondoren, Frantziako Iraultzarekin, estatuaren eskuetara igaro zela diote adituek. XX. mendean berriz, udaletxeak erosi zuen eta XXI. mendean (2006, 2007 eta 2008ko udan) Eusko Ikaskuntzako EuskoSarek, Concordia elkarteak eta herriko etxeak berak deialdi bat luzatu zien euskal diasporako gazteei eta birgaitze lanak burutu zituzten merezi duen dotorezia berriz ere emateko eraikinari. Arrosako eliza. Arantzik gabeko Arrosa
Udalerriz aldatu eta Arrosara egingo dugu. Musikazaleentzako toki ezaguna izango da ziurrenik, Euskal Herria Zuzenean Festibalaren aurreneko zortzi edizioak bertan egin baitzituzten. Gainera, Arrosa Irulegiko Arnoaren ekoizleetariko bat dugu eta horren ondorioz, bere lurretan mahasti ugari begiztatuko ditugu.
Toki ederra, berdez jantzia, eta historiaz bustia. Historiaurreko estazio megalitikoak ditu udalerriak; dolmen ugari deskubritu ziren bertako lurretan, hala nola, Mikelare zein Dondeniakoak.
Orzaizeko auzoa izan zen Arrosa harik eta 1923an independente bilakatu zen arte. Udalerrian sakabanaturik XVII–XVIII. mendeko zenbait etxe aurkituko ditugu, besteen artean, Antxartia (1785), Etxeberria eta Pikarenea (XVII)... Eta eraikin erlijiosoei dagokienez berriz, XIX. mendeko San Martin eliza aipatuko genuke.
Esan bezala, Arrosa mendiz inguratutako udalerria dugu, eta itzuli bat emateko asmoa edukiz gero, Larla mendixkaraino (700 metro) joateko aukera ere edukiko dugu, esaterako. Goraka goazen heinean, paisaiarekin disfrutatuko dugu, eta ur–jauzi, haitzulo eta bestelakoak agertuko zaizkigu begien aurrean. Eta nola ez, tontorretik, bailararen ikuspegi ederraz gozatuko dugu, Arrosa bera, Bidarrai...
Zertzelada hauen bidez, gure lurretako zoko ederrak hobeto ezagutzen laguntzea izan dugu asmo nagusi. Datorren astean, zein txokorekin gozatuko dugu? Orain arteko ibilaldiak: Butroitik Barrikara Bastidatik Lapueblara Bardearen itzalean Lapurdiko mugan Artikutza, uharte bat barnealdean Karrantzan barrena San Adriandik Uxue eta Xabier Baxenabarren zehar Deba–Zumaia Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera Valderejoko altxorra Iratiko oihanean barna Urbasa eta Andia Parke Naturala Gorbeia Parke Naturala Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz Goierri ezagutuz Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz Durangaldea Lizarra inguruetan Txingudiko badian Mungia aldean Uribarri Ganboa urtegia inguratuz Erriberrira bidean Pasaia–Astigarraga Zuia hobeto ezagutuz Arratiako txokoak Baiona Ttipitik aurrera Los Arcos–Viana Mauletik Ospitalepera Ibarrangelu–Elantxobe Gesaltza Añana Balmaseda Zerain eta Segura Aretxabaleta eta LasarteAretxabaletatik UrkuluraGarrüzetik DonapaleuraIruñea zaharreanGasteizko Eraztun BerdeaMendarotik Mutrikuraino Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com