532 Zenbakia 2010-05-14 / 2010-05-21

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Ekaitz Herrero. (Gaztehgam taldeko kidea): Askatasun sexualaz hitz egiteko errespetuan oinarritu behar da heziketa

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Bizi dugun gizartea tolerantea dela uste izaten dugu maiz, baina zenbait esparrutan ez gara pentsatzen dugun bezain jasanberak. Ondo dakite hori zenbait gay, lesbiana eta transexualek, esate baterako; ezen nahiz eta 2010. urtea izan, jendartearen aurreiritziei aurre egin behar izaten diete sarritan. Guk Gaztehgamera jo dugu egoerari buruz beraien ikuspuntua jakin eta irakurleok gogoeta egitera gonbidatzeko.

EHGAMetik sortutako taldea dugu Gaztehgam.

Esan beharra dago, sexu askapen mugimenduaren alde Euskal Herrian lehenengo erakundea dela EHGAM, orain dela hogeita hamar urte sortua, eta bigarrena estatu osoan.

Hogeita hamar luze horien ibilbidearen ostean sortzen da EHGAMen baitan Gaztehgam, Gay–Les ikuspenaren aldeko triki–poteo batekin Bilbon, gazteontzako eremu propio baten beharraren inguruko hausnartze baten ondorioz. Bi urteetan zehar maribollotrans gazteok elkartzeko, lan egiteko, ondo pasatzeko eta abarrerako tresna izan da Gaztehegam, baina egitura zehatzik gabe.

Bi urteren buruan, aurrera pausu bat ematearen hautua egin eta horretan ari gara; lekuan lekuko iraultza sexualaren haziak landatzeko premia dugun gazteontzat erreferentzia izan nahi du Gaztehgamek, eta prozesu horretan parte hartu nahi duten gazteei zuzentzen gara.

Homosexualitatea XXI. mendean. Askatasun sexualaz hitz egin al dezakegu?

Sexu hutsaz hitz egiteko zailtasunak ditugu gaur egun ere, horietako asko gu geuk geure buruari jarritakoak. Oraindik ere, jendartean deserosoa suertatzen da sexuaz gurasoekin edota lagunekin hitz egitea.

Ez dugu ahaztu behar bi mila urte hauetan zehar Eliza Kristauak izan duen jarrera –eta egun duena ere– edo adibide zehatz bat jartzearren: maiatza bukaeran Bilboko udalak onartu nahi duen ordenantza. Ordenantza horretako hamaseigarren artikuluak espresuki debekatzen ditu publikoan egiten diren zirri, laztan eta muxuak.

Egia da aurrerapauso garrantzitsuak eman direla azken urteotan, baina ez da kontraesana esatea oraindik asko dagoela egiteko. Berebiziko garrantzia du haurrei benetako informazioa helaraztea euren bizitzan zehar presente egongo den sexuaren inguruan, eta heziketa hori errespetuan oinarritua izan behar da, baldin eta benetako askatasun sexualaz hitz egitera bagoaz. Jendarteak ere gaiaren inguruko horma eta tabu guztiak behera bota behar ditu, egungo errealitateari uko egin barik eta pertsona guztien sexualitate erabakia errespetatuz.

Zeintzuk dira oraindik gainditu beharreko oztopoak?

Ezarritako sistema bera. Ez dugu ahaztu behar sexualitatearekiko dugun jarrera guztiz kulturala dela. Urteetan zehar sistemak gizabanakoak parametro zehatz batzuen artean katalogatu ditu: mutilak neskekin eta neskak mutilekin. Hori horrela izateko makinaria politiko, erlijioso, errepresibo, judizial eta psikiatrikoa jarri izan dute martxan. Guzti horri heteronorma deritzogu, eta pertsonen askatasunaren kontrako jarrera dakar. Horrek ez du esan nahi arazoa heterosexualitatea denik, baina bai horretatik irteten den araua.

Jarri dezagun sexu organo anbiguo edo oraindik hasi gabeak dituen jaioberria. Egungo sistemak errealitate hori katalogatu behar du edonola, bere binarismoaren kontra doalako, eta bere araua kolokan jartzen duelako. Horretarako ebakuntza egingo diote, pilulak janarazi eta gero psikiatrara bidaliko dute.

Zenbait herrialdetan, hirugarren generoa edo genero neutroa kontenplatzen dute, azken kasua Australian emandakoa. Horrek erakusten du neska–mutil binomio hori ez dela naturala, ez dela esaten den moduan “espeziaren biziraupenerako”, zerbait kulturala baizik. Hori da gainditu beharreko oztopo nagusienetarikoa.

Gainera, sexua gozamenerako dago egina. Pertsona bakoitza bakarra den heinean, askotariko gustuak izan ditzake, eta inork ez du hori epaitzeko zilegitasunik.

Guzti horrez gain, maribollotrans kolektiboarekiko eliza kristauaren oldartzeak salatu beharrean gaude. Bere jarrera atzerakoiak errealitateari uko egiten dio eta bere gain hartzen ditu pertsonen erabakitzeko eskubidea. Pederastiarekin lotu dute azken egunetan homosexualitatea eta horrek erakusten du oraindik badaudela gainditu beharreko oztopoak.

Jendarteak naturalki onartu beharko lituzke pertsonen arteko desberdintasunak, horien gainetik denok garelako pertsonak.

Oztopo guzti horiek dauden arren, gure gurasoen garaian baino “askatasun” gehiago daukagula pentsatu nahiko nuke!

Askatasun gehiago egon badago, dudarik gabe; baina norainoko kontrolpean dagoen beste kontu bat da. Dena dela, jendarteak badu legeetatik haratago joateko gaitasuna, baina era berean, lortutako askatasunek ez dute praktikan eraginik jendarteak berak naturaltasunez hartzen ez baditu.

Esan dezakegu heterosexualak ez diren bikoteak epaitegietan edo udaletxeetan harremanak erregistratu ditzaketela, epaileak ere izan gaitezke, armadaren parte, telebista aurkezleak... legeak horrela onartzen duelako. Baina zenbat pertsona daude heterosexualitatetik at eta armairuan jarraitzen dutenak? Egoera hori jendartearen bazterketa pairatzearen beldurra da. Beraz, gure gurasoen garaian baino askatasun gehiago egon arren, orduko pentsamoldeen aztarna sakonak gordetzen ditu gaur egungo jendeak.

Libertate handiagoa eduki arren, gizarteari errepaso bat eman eta ez dakit nik emakume batek beste bat maitatzea, gizonezko batek beste bat maitatzea moduko onartua dagoen...

Eredu patriarkal eta matxista batean bizi gara buru belarri: alde batetik, kasu honetan ere, beste hainbatetan bezala, emakumeen bisibilitatea estalita geratzen da. Baina beste alde batetik, heterosexuala den gizonarentzat erakarpen handiko ekintza da bi emakumeen arteko sexu jarduketa. Jarrera kontraesankorra suertatzen da oso, baina bizi garen errealitatearen isla bat gehiago da.

Emakumeek lan handiagoa daukate euren eskubideen defentsan, baina azken urteotan indarra eta gaitasuna badutenaren erakusle izan dira. Ez dago zalantzarik, lortuko dugu eskubide horiek eskuratzea, baina jendarte osoaren lana izan behar da.

Ezin duguna ukatu, geroz eta ohituagoak gaudela bikote gayak ikustera (ez dakit horrenbeste lesbianak). eta eragingo zuen...batzuetan txarrerako bada ere!

Geroz eta ohituagoak gaude hori ikusten, egia da. Esan beharra dago ordea, telebistan agertzen diren bikote gay horiek beti betetzen dituztela estereotipo berdina; luma handikoak izaten dira, eta hori ez da maritxu guztien ezaugarria. Oso ondo dago lumadun mutila den bezala agertzea, egon badaudelako eta errespetagarria dudarik gabe, baina hori baino askoz gehiago da maribollotrans kolektiboa.

Egungo jendarteak gay erreformisten antolakundeak dituzte gogoan. Sexu askatasunaren aldeko mugimendua ordea, hori baino askoz gehiago da. Ezarritako sistema heterosexista onartzen ez dugun heinean disidente sexualak gara. Gu ez gara erakunde publikoak, alderdi politikoen zerrendak edo ekaineko harrotasunaren kabalgatak apaintzen duen kolektiboa. Gu ez gara homofobia, lesbofobia edo transfobia eraso larrien aurrean hunkitu baina isilik geratzen garen horietakoak. Guk erantzuteko gaitasuna dugu. Erasotzen gaituen sistemari aurre egiten diogu, merkantilismo arrosaren aurka gaude, gure egoerez aprobetxatzen diren enpresari azkarren kontra eta edozein disidente sexual edozein lanpostuan lan egiteko duen eskubidea defendatzen dugu...

Eta zer gertatzen da transexualen gaiarekin?

Argitu beharra dago genero eraikuntza kulturala dela. Sistema osoa dago horren zaindari, gizabanakoen menpekotasuna bermatzen duelako. Transexualak dira hain justu sistema hori ezbaian jartzen dutenak. Baina berriro ere sistemak ondo garatu ditu bere makinaria guztiak. Ebakuntzak, medikamenduak eta psikologoak. Zergatik ez gara kapazak onartzeko, naturaltasunez, jaiotzen diren pertsona horiek diren moduan direla? Sexu organo maskulinoak izanda emakumea sentitzen denik egon daitekeela? Edo hamabi urte bete artean sexu organoak garatu gabeak dituen pertsonak badaudela?

Jarrera ezkor horiek guztiak badute aldatuak izateko aukera: heziketa. Emakume–gizonezko binomio hori gainditu beharra dago, eta horretan hezten gaituzten moduan, hezi gaitzatela pertsonenganako errespetuan, pertsonak helburua izanda, eta ez bere genero edo sexualitatea.

Argitu beharra dago psikiatriako katalogoetan gaixotasuntzat hartzen den zerbait dela, patologia bat. Munduko psikiatra garrantzitsuenak bilduz erabakitzen dute zer den eta zer ez den normala; gero, gainontzeko psikiatrak mundu zabalean liburu edo katalogo horiek dute hizpide. 2012. urtean horren berrikuntza egingo dute eta Gaztehgametik ozen eskatzen dugu transexualitatearen des–patologizazioa.

Ez litzateke zaila izan beharko gaur egun norberaren sexualitatea onartzea... Zeren beldur gara?

Gaztehgamen lehenengo kanpaina izan zen hori: “Dena lortua badago, zergatik ezkutatzen zara?” Erantzuna erraza bezain kaxkarra da: dena ez dagoelako lortuta. Jendarteari beldurra diogu. Baztertuak izateari, lagunengatik edota familiagatik... Azken finean, jarrera homofoboen beldur gara, baina argi izan behar dugu jarrera homofobo horiek salatuko ditugula.

Naturaltasunez onartzeari ekin behar diogu, pertsona banakoen sexu autua errespetatuz. Jendarte osoaren arazoa da hau, eta ez maritxu, bollera edo transexualen arazoa. Jendarteak ezin ditu onartu jarrera homofoboak beste biolentziazko jarrerak onartzen ez dituen moduan.

Horretarako dago sexu askatasunaren aldeko mugimendua. Horretarako hasi du Gaztehgamek bere ibilbidea. Benetako jendarte askea nahi badugu, gizabanakoak izan behar gara askeak. Eta hori oinarrizko eskubidea da, negoziaezina. Hortaz gure gorputza, gure nahiak eta gure sentimenduak, nor maitatu eta nor gorrotatu, gu geuk erabaki behar ditugu inongo trabarik gabe eta ez inoren, ez ezeren beldur izan gabe.

Gazteei zuzentzen gara bide horretan bat egin nahi baldin badute, lan asko baitago egiteko, baina baita gozatzeko eta ikasteko ere. Gure inguruan dauden horma zuri eta beltz guztiak bi mila kolorez pintatzera goaz!

Amaia, 15 urte. “Mari Errauskinek printzea zuen gustuko; nik aldiz printzesa maite dut... zomorroa al naiz?”

Ez zara zomorroa, beste pertsona bat maitatzeko gai zarelako. Pertsonok beste pertsonak ditugu maite. Bere jarrera gustuko dugu, bere begiak edo bere ezpainak. Bere hitz egiteko modua edo zu tratatzeko era goxoa. Hori guztia gustatzen zaigu pertsonoi.

Aitor, 8. “Nire aitak mutil–laguna dauka, klasean barre egiten didate” Barre egiten dizute, ez dutelako ulertzen. Eraman lagunak aita eta bere mutil–lagunarekin buelta bat ematera. Erakutsiezu beste guztiok bezalakoak direla. Ekaitz Herrero (Algorta, 1985eko abenduak 26) aaa