531 Zenbakia 2010-05-07 / 2010-05-14

Euskonews Gaztea

Gaiak: Umorea: denataz irri egiten ahal ote da?

ETXEBERRI, Argitxu BIDART, Ihintza BISCAY, Xantiana

Baionako Bernat Etxepare Lizeoa



Gaur egun, Internet fenomenoari esker, umorearen garapen garrantzitsu bat ezagutzen dugu: txisteek munduaren itzulia egiten dute denbora gutti barne, umoreari buruzko web guneak biderkatzen ari dira... Bainan, arazo bat agertzen da: denataz irri egiten ahal ote da?

Galdera honi erantzuteko, lehen parte batean, ikusiko dugu zer den umorea eta bere garrantzia gaur egun. Ondotik, denataz irri egiteko eskubidea aipatuko dugu eta azkenik, hala ere, hertsapenak badirela ohartuko gira. Argazkia: Michelle Schantz (Schantzilla)

Lehenik, saiatuko gira umorea definitzen. Umorea kontzeptu filosofiko konplexu bat denez, definizio anitz ukan ditzake. Hona guk emaiten dioguna: umorea izpiritu forma bat da, errealitatearen aspektu irringarri eta atseginak azpimarratzen dituenak. Horretarako, ironia eta urruntasuna erabiltzen dira. Gaur egun, irriak leku garrantzitsu bat du gure gizartean. Aski da ikustea karriketan ageri diren publizitateetako txisteak, telebistan edo irratian entzuten eta ikusten diren umorista anitzen esketxak,... Umorista horiek fama berezi bat dute, gaurko gizartean ongi ikusia delako irringarria izatea: umorea inteligentzia mota bat bezala estimatua da.

Horrez gain, adituek segurtatzen dute osasunarentzat eta moralarentzat beharrezkoa dela irri egitea: bihotzaren erritmoa eta tentsioa apaltzen dituelako, liseriketa errazten duelako eta eragiten duelako larruan, muskuluetan, baita arnasketan ere.

Mundu osoan gai batzuentzat denek irri egiten dugu. Adibidez, pertsona bat erortzen delarik, batek kremazko bixkotxa bat biltzen duelarik aurpegian edo beste bat berina bati kaskatzen delarik. Baina, orokorki, umorea lotua da konbentzio sozialei, eta hauek desberdinak dira herri, garai eta jendarteen arabera. Har ditzagun bi familia, bat frantsesa eta biziki aberatsa, bestea Etiopiakoa eta xumea: argi da bi familia horiek ez dutela gauza berdinez irri eginen. Beraz, erran dezakegu gai batzuk unibertsalak baldin badira ere, orokorki umorea desberdina dela mundu osoan. Hala ere, herrialde batzuetan umore espezifiko bat bada. Adibidez, ingelesek haien umore propioa dute, beste jendeek ez dutena bortxaz ulertzen edo irringarria atzematen. Umore absurdo eta beltza erabiltzen ditu umore ingelesak. Hona hemen txiste ingeles bat: “Zer da sare bat? Zilo anitz elgarren artean lotuak” Argazkia: Seth Lemmons

Umore honen ilustratzeko, beste adibide bat dugu: bere garaian, Monty Pythons taldea zen umore honen “bozeramaile”. 1960ko Ingalaterrako sei gizon horiek astero telebista saio bat zuten BBC saioan: Monthy Python Flying Circus. Ironia eta satira erabiltzen zituzten, gai guziei buruz mintzatzeko: gizartea, erlijioa, familia, politika, etab... Haientzat argi zen, denez irri egiten ahal da!

Baina, gerta daiteke gatazkak sortzea umorearen inguruan. Atal honetan bi afera istilutsu aztertuko ditugu:

– 2001ko irailaren 13an, Guezmer marrazkilariak bere marrazki bat argitaratzen du Ekaitza astekarian, bi egun lehenago AEBn gertatutakoari buruz. Honetan agertzen dira Dorre Bikiak hegazkinarekin erortzeko prest, eta azpian idatzia da: “Denek amestu dugu...Hamasek egin du”. Prefetak Guezmer eta Ekaitzaren zuzendaria, Allande Sokarros, auziperatzen ditu, beretzat “terrorismoaren apologia” egiten dutelako marrazki honen bidez. Allande Sokarrosentzat 5 urte presondegi eta 46.000 ¤ galdeginak dira.

– Beste afera istilutxoa Mahomet–ren karikaturena da. 2005ko urrian, Danimarkako Jyllands–Posten egunkariak argitaratzen ditu islamaren profetaren karikaturak. Laster hartuak dira mundu osoan Internet sareari esker. Baina musulmanak kexu dira, haien erlijioak debekatzen duelako profetaren marraztea, eta probokazio bat bezala interpretatzen dute. Laster danimarkar egunkariak barkamenak galdetzen ditu musulman guziei. Baina afera ez da horretan geldituko: urte bat geroago, Charlie Hebdo astekariak karikaturak berriz argitaratzen ditu. Hemen ere afera auzitan bukatuko da: musulman elkarte zonbait astekariaren aurka.

Bi kasuetan, gatazka bat sortzen da egilea (edo argitaratzen duena) eta hunkituak diren pertsonen artean. Bi aldeetan argumentuak badituzte: alde batetik adierazpen eta prentsa askatasuna, bestaldetik errespetua. Beraz muga bat atzeman behar da “erraiten ahal dena” eta “erraiten ahal ez dena”–ren artean. Muga hori landuko dugu orain. Argazkia: Foxtongue

Trufatzea, izaki batetaz gaixtoki irri egitea da, hunkitua dena barregarri izateko gisan. Adibidez, pertsona bat erortzen baldin bada lurrera, bere inguruan diren pertsonak irriz hasten dira zikina delako. Kasu honetan, lurrean den pertsona ridikulua sentitzen da eta gaitzi daiteke. Inguruan diren pertsonak berriz, ez dira ohartzen haien irriak zein ondorio izan dezaken biktimarengan. Gaur egun, ez dakigu gehiago irri egiten trufatu gabe, beraz gaitzitu gabe. Ondorioz trufatzea, elgarrekin pertsona batetaz ala multzo batetaz irri egitea da.

Baina irri egiteko bortxaz biktima bat behar da?

Aitzin ikusi bezala, umorea gizartearen arabera moldatzen da. Hala nola, azken urte hauetan ekintza antisemiten eta arrazisten kopurua biderkatu da. Beraz, irri egitea trufara lerratu gabe biziki zaila bilakatu da: beti biktima bat bada.

Ondorioz erran dezakegu, umorea eta trufaren arteko muga biziki mehea eta hauskorra dela. Beraz, denetaz irri egin dezakegu ?? Ikusi dugun bezala, denataz irri egiteko eskubidea dugu, bederen teorian. Gerta daiteke umoreari lotuak diren aferak auzitegiraino eramanak izatea, batzutan egilea kondenatua izatea ere (Guezmer–ren marrazkiaren kasua edo Mahomet–ren karikaturena adibidez).

Hala, eskubide honek hertsapenak dituela erran dezakegu...