530 Zenbakia 2010-04-30 / 2010-05-07
Kalera irten gara jendeak literaturari buruz zer dakien aztertzera, eta benetan harritu gaitu entzundakoak. Oso ikuspegi pobrea daukate gehienek, eta literatura ez da askok uste bezain txiroa. Ipuin, nobela eta poesia liburuetara mugatzen dela pentsatzen dute. Guk, ordea, hitzean oinarritzen den sorkuntza multzoa dela uste dugu. Iz. 1. Hitzaren bidezko adierazpenean, ahozkoan nahiz idatzian, oinarritzen den artea. Horixe da hiztegian ageri dena.
Euskal literaturak hasiera zaila izan zuen bere garapena oztopatzen zuten hizkuntza aldaerak eta debekuak zirela eta. Baina, euskara batuaren sorrerak hizkuntza bateratu egin zuen eta literatura indartu. Ehunka liburu idatzi dira ordutik, eta orain oztoporik izan ez arren, ikusten den bezala, jendeak ez dio behar beste garrantzia ematen.
Literaturari buruz informazio zabalagoa edukitzeko, hainbat aditurengana jo dugu, eurek dakitena ezagutzera. Argazkia: Jasone Osorok utzitakoa.
JASONE OSORO idazlea da, kazetaria lanbidez, eta prentsan ez ezik, telebistan ere aritzen da gidoigile moduan. Literaturari dagokionean, Tentazioak eta Korapiloak ipuin liburuak; Isadora Duncanen biografia; Greta eta Bi marra arrosa eleberriak idatzi ditu. Gazte literaturan, berriz, Jara; Jara, bikiak eta bikoteak; Jara Bartzelonan eta Ezekiel liburuak idatzi ditu. Berarekin hizketan egon gara.
Literaturaren muga poesian eta prosan dagoela uste duzu?
Hitzen bitartez azaltzen den oro da literatura: eleberria, ipuinak, poemak, abestiak, zinea, ahozko kontakizunak, bertsolaritza (idatzia zein bat–batekoa)... Literatura zer den mugatzen duena literatura bera egiteko beharrezkoa den tresna da: hitza.
Euskal literatura egoera onean dagoela uste duzu?
Literaturak osasun ona izateko bi gauza behar ditu: liburuak eta irakurleak. Liburuei dagokionean, uste dut merkatua nahiko ase dagoela, nahiz eta agian, egon daitezkeen oraindik ere gehiegi landu ez diren zenbait gai. Baina, azken urteotan idazle gazte asko plazaratu da eta horrek ikuspegi, gai eta estilo anitzak eman dizkio euskal literaturari.
Beste kontu bat da irakurleena. Nik ez ditut datu zehatzak, hori argitaletxeek hobeto jakingo dute, baina sentsazioa daukat Durangoko Azoka kenduta, gainontzean, urtean zehar ez dela hainbeste saltzen. Posible da une honetan eskaintza zabalagoa izatea eskaera baino. Eta gero, beste kontu bat da ea saltzen den guztia irakurtzen ote den.
Gazteek helduek baino gehiago irakurtzen dute euskaraz?
Garai batean gazteek helduek baino gehiago irakurtzen zuten euskaraz ohituagoak zeudelako, hizkuntza menperatzen zutelako eta euskaraz alfabetatuta zeudelako. Gaur egun? Irakur zaletasunak ez dut uste lotura zuzenik duenik adinarekin. Esan nahi dut, irakurtzea gustuko duenak, gaztetan eta gero, berdin irakurriko du. Gaztetan gehiago irakurtzen da batez ere eskolan–eta irakurtzea eskatzen delako.
Nola bultzatuko zenuke irakurtzeko zaletasuna?
Nik ez daukat formula magikorik. Lehen esan bezala, inportantea da eskaintza zabala egotea, mota guztietako liburuak, gai askotakoak, estilo diferenteetakoak. Irakurleak aukeratzeko modukoa izan behar da produkzioa. Halere, gaur egun ikus–entzunekoen garaian gaude eta askok nahiago dute ikusi eta entzun irakurri baino. Dena dela, uste dut garrantzitsuak direla idazleek eskoletan ematen dituzten hitzaldiak, literatur tailerrak etab. Idazlearen eta irakurlearen arteko gertutasuna polita da, ez dakit zaletasuna gehiegi sustatuko ote duen, baina idazleak eta irakurleak elkar ezagutzea esperientzia polita izan ohi da.
AMETS ARZALLUS bertsolari, kazetaria eta bertso irakaslea da. Etxeko giroak bultzatu zuen bat–batekoa praktikatzera, eta txikitatik jardun du horretan. Txapelketa ugaritan hartu du parte, eta emaitza bikainak lortzen ari da azkenaldian, txapelketetako batzuk ondorengoak: 2005eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian finalera heldu zen eta 2009koan bigarren geratu zen, Maialen Lujanbioren ostean. Hala ere, orain arteko bere emaitzarik onena 2008ko Iparraldeko Bertsolari Txapelketan lortutako txapela da. Amets, Lekeition.
Literaturaren muga poesian eta prosan dagoela uste duzu?
Pentsatzen dut literaturaren muga ez dagoela ez hor eta ez inon. Segur aski, literatura hemen edo han, kalean, tabernan, tertulian... aurkituko duzu, literatura prentsan agertuko zaizu era batzuetan nobeletan baino distira handiagoarekin. Gerta liteke bertsoa ere literaturaren lurretan sartzea, izan ere, joan etorriko bide asko daude hiru alor horietatik kanpo. Nik pentsatzen dut mugarik ez dagoela. Egia da hiru eremu horietan kontzentratuko dela gehien edo horri deitzen zaiola bederen, literatura. Eguneroko bizitzan eta ahozko jardunean, edozein momentutan sortu liteke literatura, eta orduan, hiru horietan kontzentratu arren, beste edozein lekutan pasa litekeela.
Bertsolaritza ere literaturaren barruan sartuko zenuke?
Beno, ez dakit literaturaren barruan sartuko ote nukeen, baina argi dago, literatura batzuetan, bertsoaren barrura sartzen dela. Xalbadorren bertsotan eta pentsamenduetan, literatura existituko zen edo Maialenen bertso batzuetan ere horrelako ukitu poetiko bat badago, literaturatik oso gertu egongo dena, edo literaturan bertan. Beraz, bertsoa ez nuke sartuko literaturaren barruan, jardun arinagoa, xeheagoa eta normalxeagoa delako, eguneroko hitzekin bat datorrena. Baina, eguneroko hitza literaturara gerturatzen da eta baita bertsoa ere.
Nola definituko zenuke bertsolaritza?
Nola definituko nukeen? Nik uste bertsolaritza, norberak barrutik bizi duen definiziotik, hitzen jolasa eta hitzak bizitzarekin daukan urraduran sortzen den olgeta dela. Nik aitagandik jaso nuen etxean, aita ibiltzen zen bertsotan, eta bera izan zen bertso mundua pixka bat gerturatu ziguna.
Jolasean sortzen da bertsoa, eta gero jolas hori nolabait menperatzen duzunean, kezka politiko, linguistiko, sozialetarako bide ere ematen du bertsoak. Baina, definizioz, jolasetik sortzen da.
Euskal literatura egoera onean dagoela uste duzu?
Ez dut, egia esan, nahikoa ezagutzen horrelako balorazio bat egiteko, baina iristen zaidanetik edo ni gerturatzen naizen apurretik sariek baietz erakusten dute. Ez dut sarien sistemetan gehiegi sinesten eta ez daukat fede gehiegi sariak banatzeko moduetan, batez ere, irabazle izan diren lan batzuk irakurri eta maiz harritu egin naizelako zein obra ez diren sarituak izan eta zeintzuk bai. Kirmenen saria hor dago, Unai Elorriagak orain dela ez hainbeste irabazi zuen espainiar estatuko literaturako saria, Atxaga eta horiek... Benito Lertxundi, Laboa, Xabier Lete..., horiek dira oraindik ere euskal kantagintzako irudi eta sortzaile onenetakoak, eta idazle edo literaturan berdintsu gertatzen da. Sortzaile onenetakoak 50–60 urte dauzkatenak direla pentsatzen dut: Atxaga, Eizagirre, Saizarbitoria, Sarrionaindia...
Gaur liburu gehiago ateratzen da, baina nik ez dut ikusten egungo gazte belaunaldi berrietan idazle tropa fuerte oso ugaria. Beharbada urte batzuk barru Kirmen Uribe, Unai Elorriaga edo Eider Rodriguez beste indar batekin azalduko dira, ez dakit.
Adierazpen hauek ondorio batzuk ateratzera eraman gaituzte. Argi dago bakoitzak bere iritzia daukala. Batzuek zenbakietan eta sarietan sinesten dute, beste batzuek, ostera, ez horrenbeste. Eta euskal literaturaren (literatura guztien) egoera hobetzeko, ez dago irakurri beste irtenbiderik. Beraz, norberak bere interesak ase ditzake liburuetan. Animatu eta irakurriz gozatu!