529 Zenbakia 2010-04-23 / 2010-04-30

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (XXXVII): Garrüzetik Donapaleura

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Behe Nafarroan zehar burutuko dugu gaurko txangoa, zehatzago esanda, Garrüze eta Donapaleuraino gerturatzeko aprobetxatuko dugu irteera. Ohi bezala, bisitarentzako jarraibide xume baina baliagarriak eskainiko dizkizugu. Garrüzeko San Felix elizaren ataria.

Nonbaitetik abiatu behar garela eta, ez dugu Garrüze ezagutzeko okasioa galdu nahi izan, eta modu horretan, Erdi Aroan harresiz inguratuta egon zen udalerriak ongietorria egingo digu. Aurreneko aldiz udalerriaren berri XII. mendeko dokumentu batzuei esker daukagu, eta Sanctus Felix de Garris izenez ezagutzen lekua orduan.

Garai oparoak bizi izan zituen Garrüzek eta hori adierazten digute gure bidean aurkituko ditugun jauregi eder eta dorretxeek. Gainera, eraikin erlijiosoren bat bisitatu gura izanez gero, San Felix elizaraino gerturatzera animatzen zaitugu; XII. mendekoa da eta atarira iristearekin bakarrik, gure arreta piztuko da. Erlijioen gerretan erre egin zuten eraikina, berreraiki eta berriz ere suntsitu zuten Frantziako Iraultzan. Gaur eguneko itxura XIX. mendean eskuratu zuen, 1824–1826 urteen artean eginiko berreraikitze lanei esker.

Garrüzetik atera aurretik, Euskal Herriko toki ugaritan lez, jakin udalerriak badaukala inkisizioarekin lotutako pasarte triste bat. Hain zuzen, 1342. mendean herriko bi emakume sutan erre zituzten sorgin izateaz akusaturik. Donapaleura bidean

Kilometro batzuetara Amikuze eskualdeko hiriburuarekin egingo dugu tupust, Donapaleurekin hain zuzen. Halere, X. mendean jaso zuen egungo izendapena, aurretik Iriberri moduan baitzen ezagun. Donapaleuko udaletxea.

Herriaren segurtasuna hobetzeko, sohorna eta ibaiaren artean kanalizazio lanak burutu zituzten XV. mendean. Garai oparoak ziren haiek, ezen foruak eskuratu baitzituen udalerriak, eta horren eraginez, azoka desberdinak burutzeko pribilegioa bereganatu zuen. Dena ez da poza izan, eta garai modernoagoetara etorrita, eta besteak beste II. Mendu Gerlari erreferentzia eginez, herri baxenafarra alemanen eskuetan erori zela aipatu behar dugu.

Gerturatu eta bisitatzea merezi duten leku ugari aurkituko ditugu; XIII. mendeko San Pauloren eliza edota XIX. mendeko Maria Madalenaren Eliza ditugu eraikin erlijiosoei dagokienez. Bestalde, eraikuntza zibilak behatzeko tarte bat hartzea merezi du, mendeen joan–etorriei eutsi dietela harro adieraziko baitigute; aipagarrienen artean, Behotegia etxea –Buruen Etxea moduan ezagunagoa– non XVI. mendean Arnaud Oihenart poeta bizi izan zen.

Donapaleu bisitari askoren joan etorrien testigu izan da, eta gainera, urte guzti hauetan, besteak beste Donejakue bidea bertatik igarotzen delako. Eta horrek bizitasuna ematen dio udalerriari, noski; halere, beste asko bertan dagoen Nafarroa Beherako Museoa ikustera joaten dira, edo eltzegintza tailerren bisitatzera, zein oihal ehundegien lana ezagutzera. Arrazoiak arrazoi, beti edukiko dugu tokia bisitatzeko aitzakiaren bat. Zein da zurea? Orain arteko ibilaldiak: Butroitik Barrikara Bastidatik Lapueblara Bardearen itzalean Lapurdiko mugan Artikutza, uharte bat barnealdean Karrantzan barrena San Adriandik Uxue eta Xabier Baxenabarren zehar Deba–Zumaia Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera Valderejoko altxorra Iratiko oihanean barna Urbasa eta Andia Parke Naturala Gorbeia Parke Naturala Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz Goierri ezagutuz Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz Durangaldea Lizarra inguruetan Txingudiko badian Mungia aldean Uribarri Ganboa urtegia inguratuz Erriberrira bidean Pasaia–Astigarraga Zuia hobeto ezagutuz Arratiako txokoak Baiona Ttipitik aurrera Los Arcos–Viana Mauletik Ospitalepera Ibarrangelu–Elantxobe Gesaltza Añana Balmaseda Zerain eta Segura Aretxabaleta eta LasarteAretxabaletatik Urkulura Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com