528 Zenbakia 2010-04-16 / 2010-04-23
Badator film laburrez osatutako jaialdi handia. Ideia eta irudi anitzez betetako jaialdi handia. HUHEZINEMA kolore desberdinetako 66 film laburrez bustia dago eta orain beste guztioi iritsi zaigu unea lehiaketa ofizialean parte hartuko duten aukeratutako 10 film labur onenekin bustitzeko. Huhezinema 2010eko kartela-
HUHEZINEMA Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultatean sortutako proiektu gaztea da, Ikus–entzunezko departamentuko irakasleen eta ikasleen artean antolatutako ekimena, alegia. Euskal ikus–entzunezko produktuen erakusleiho polita izaten da eta aurten 2010eko apirilaren 27tik 29ra egingo da HUHEZIko fakultatean (Eskoriatzan) eta Aretxabaleta Arkupe Kultur Etxean.
HUHEZINEMAren III. edizioa izanik, geroz eta indar handiagoa hartzen ari den lehiaketa du oinarri jaialdi honek. Aurten, inoiz baino film labur gehiago aurkeztu dira, 66 film labur guztira. Horietatik 49 fikziozkoak, 12 dokumental eta 5 animaziozkoak. Hizkuntzaren arabera jasotako lanen artean 13 dira euskarazko film laburrak eta besteak gaztelerazkoak.
Hiru egunetan zehar eskaintza zabala izango da bertaratzen zareten guztiontzat. Euskal Herrian eginiko film laburren selekzio bikaina gerturatzeaz gain, gure fakultateko ikasleek ekoiztutako lan interesgarrienak ere ikusgai izango dituzue. Baina ez da eskaintza bakarra zinemaz gozatzea, ikus–entzunezko munduko bi profesionalen esperientziaz eta jakintzaz gozatu eta ikasteko aukera paregabea ere izango duzue: Batetik, Kote Camacho zuzendari eta komikilariaren storyboard–en erakusketa eta hitzaldia. Eta bestetik, Pendejo eta Gorrotxatepeken txarla interesgarria: “Nola egin laburmetraiak 3 eurorekin”.
Euskal Herrian sortutako ikus–entzunezko produktuen agertoki izan nahi du HUHEZINEMAk; Euskal Herrian sortutakoak euskal herritarrentzat ikusgai. Esperientzia duten zuzendariez gain, hasiberrientzat irekia dagoen erreferentzia izan nahi du HUHEZINEMAk. Eta nola ez, ikus–entzunezkoen zaleen gozagarri. Kolore, amets eta ilusio guztiak barneratzen dituen bilgunea da HUHEZINEMA jaialdia.
...ikasitakoa erakutsi, erakutsitakoa ikusi eta ikusitakoarekin ikasi... belaunaldiz belaunaldi sorkuntza elikatzen duen zirkulua. HUHEZINEMA ezaugarritzen duen hitz jokoa baino zerbait gehiago.
Jaialdi erakargarria zinemazale guztiontzat. Dagoen eskaintzaz gozatzeko aukera paregabea entretenitu edota ikasi nahi duenarentzat. Animatu eta jar zaitezte eroso zuen besaulkietan, utz itzazue estresa eta arazoak ordu pare batez zuen bizitzetatik kanpo eta disfrutatu ilusioz beterik prestatutako edizio honetaz.
Amaitzeko, eskerrak eman babestu eta lagundu gaituzten erakunde eta enpresa guztiei, gure ametsa proiektu erreal batean bihurtzen ezinbesteko laguntza eskaini digutelako.