527 Zenbakia 2010-04-09 / 2010-04-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (XXXV): Aretxabaleta eta Lasarte

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Aste honetako proposamena bitxikeria gisa eskaini nahi dizuegu. Hain zuzen ere, Euskal Herrian birritan gutxienez errepikatzen diren toki–izenak ditugu Aretxabaleta eta Lasarte. Aretxabaletaren ikuspegia. Argazkia: Asier Sarasua Garmendia

Biak ala biak Gipuzkoa eta Araban kokatuta egon arren, guk azken lurralde horretara egin eta Gasteiztik oso gertu dauden udalerriak bisitatzera gonbidatzen zaitugu. Aretxabaleta izango dugu abiapuntua oraingoan, hain zuzen ere, Arabako hiriburutik 2 kilometro eskasera.

Herria 1258. urteaz geroztik da Gasteizen parte eta bertara iritsitakoan konturatu ahalko gara leku benetan lasaia dela eraikuntza aldetik bederen. Ez ditugu etxebizitza ugari aurkituko udalerri xarmangarri honetan, biztanle kopurua 330 lagunetakoa baita gutxi gorabehera.

Halere, gelditu eta bueltatxo bat emanez, Juan Bataiatzailearen Parrokiaraino gerturatzera animatzen zaitugu. Berau, XVI. mendekoa da, eta barnealdean XVII eta XVIII. mendeetako erretaula gordetzen du. Bestalde, eraikuntza honetatik atera zuten XVI. mendeko zilarrezko Prozesio–Gurutzea, baina gaur egun Eliza–arte Museoan ikus daiteke. Lasarterantz

Autoz lau kilometrotara dago Lasarte Aretxabaletatik, oinez berriz, hirura; hala, osteratxorako aukera paregabea izan daiteke bi tokien gertutasunagatik. XI. mendean (1025) dagoeneko herriaren aipamena egiten zen San Millango kodexean, baina kasu hartan, Lassarte moduan ezagutzen zen tokia. Ondoren, Lasart deitu zioten 1258ko agiri batzuetan, eta gaurko izendapenaren 1352an agertu zen aurrenekoz. Lasarteko elizaren xehetasuna. Argazkia: Jesús Tellería Armendáriz (3digitala)

Lasarte hainbat jabetzaren menpean egon ostean, 1286an Santxo IV.ak Gasteizko hiriari eman zion eta ordutik da hiriburuaren parte. Horren harira, neska eta mutil ugari gerturatzen dira udalerriraino ikastera, hain zuzen ere Arabako ikastolarik handiena aurkitzen baita bertan, Olabide.

Ezbairik gabe Batan erreka aldameneko herriaren inguruneak harrapatuko gaitu, mendi eta soroen kolore aniztasunak momentu batez bada ere, arnasa sakon hartu eta lasai asko disfrutatzera gonbidatzen baitu. Baina gure bisita guztietan moduan, arkitekturari erreparatuko diogu oraingo honetan ere, eta hala, Jasokundeko Andra Mariren elizara gerturatuko gara.

Estilo gotiko berantiarreko eraikina dugu, zehatzago esanda, XVI. mendekoa. Estilo nahasketak jasotzen digu: kanpoaldean, ataria eta bi leiho erromanikoak dira; barruan berriz, bi erretaula barroko ditu eta pontea aldiz, erromanikoa. Konbinazio horrek, Euskadiko Monumentu Nazional izendapena lortzea ekarri zion elizari.

Espero dugu gustukoa izatea gaurko txangoa. Oraindik ere lekuak bisitatzeko gogoz geratu bazara, gogoratu Gasteiz bertan dagoela, edo bestela, inguruko herrixkek ere zer ikusi eskaintzen diotela bisitariari. Orain arteko ibilaldiak: Butroitik Barrikara Bastidatik Lapueblara Bardearen itzalean Lapurdiko mugan Artikutza, uharte bat barnealdean Karrantzan barrena San Adriandik Uxue eta Xabier Baxenabarren zehar Deba–Zumaia Busturialdea: Gernikatik Gaztelugatxera Valderejoko altxorra Iratiko oihanean barna Urbasa eta Andia Parke Naturala Gorbeia Parke Naturala Lekeitio–Ondarroa, Mendexatik igaroaz Goierri ezagutuz Korresetik Maeztura, paisaiaz gozatuz Durangaldea Lizarra inguruetan Txingudiko badian Mungia aldean Uribarri Ganboa urtegia inguratuz Erriberrira bidean Pasaia–Astigarraga Zuia hobeto ezagutuz Arratiako txokoak Baiona Ttipitik aurrera Los Arcos–Viana Mauletik Ospitalepera Ibarrangelu–Elantxobe Gesaltza Añana Balmaseda Zerain eta Segura Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com