526 Zenbakia 2010-03-26 / 2010-04-09

Euskonews Gaztea

Gaiak: Etxebizitza eskuratu nahian

BEREZIARTUA, Loren



Gure gizartean oraindik ere lehengo mentalitatea daukate zenbaitek. Helduarora iritsita, etxe bat jabetzan edukitzeko asmoa izaten dute, nahiz eta jakin bizitza erdia eta kasu askotan guztia, hipotekatzen dutela. Badaude 35 urterekin mailegua eskatu eta etxebizitza ordaintzen 45 urte igarotzen dituztenak ere... 80 urte betetzera arte? Hau zoramena! Eta nahiz eta krisialdiaren eraginez prezioek behera egin duten, oraindik ere oso salneurri altua ordaindu behar da “kabia” propioa eduki nahi izanez gero. Argazkia: Francisco Javier Mart?n

Eta zer gertatzen da zurrunbilo horretan sartu nahi ez dugunokin? Aukerak ez dira ugari, egia esan. Akaso, babes ofizialeko etxeetarako izena eman eta zerbait egokitzen zaizu... Zortea baldin badaukazu, noski! Eta hiri handi batekoa izanik, gehiagotan egingo dira zozketak, baina hamar urtetik behin burutzen diren lekuak ere badaude; pentsa, beraz, zenbat generaziok galtzen duten aukera!

Eta mota honetako etxebizitzen inguruan ere hausnarketa egin beharko genuke; batzuk alokairuan diren arren –eta nire ustez guztiek beharko lukete izan– besteak erosteko izaten dira. Egia da etxebizitza libreek baino salneurri moderatuago bat daukatela, baina hala eta guztiz ere, horrek ez du gazteontzako etorkizun oparoena adierazten, hogeita hamar bat urtez ordaintzen ibiliko beharko baikara.

Beste herrialdeetan alokairurako ohitura handiagoa dago, eta aldi berean, aukerak ere ugariagoak dira hemen baino. Pentsa, gurean mila euro irabazten dituen pertsona batek 600–800 euro ordaintzen baditu errentan hartutako etxean. Horri etxeko gastuak gehitzen baldin badizkiogu –hala nola, gasa, elektrizitatea, ur eta zaborra–, elikadurari eskainitako diru kopurua, autoa erabiltzen badu beharrezkoa duen gasolinan gastatzen duena... Bizitzeko modurik badago? Aurrera egiterik bai?

Eta gero galdetuko dute zergatik askok 30 urteak pasatxo dituztela oraindik ere gurasoekin bizitzen segitzen duten. Arraroa iruditzen al zaie bada? Nik gizarteak bizi duen egoerari erreparatuta, ez dut horren arin ikusten gaia. Halere, eta etxebizitza eskuratzeko nahian nabilenez gero, hiru lagunekin pisu bat alokatzeko geratu naiz ordubete barru. Bada nolabaiteko independentzia eskuratzeko modua...Nahiz eta egia erran, sumatzen dudan hilabete gutxirako plana izango dela; izan ere, lantegian gauzak ez doaz nahi bezain ongi. Denborak esango du!