525 Zenbakia 2010-03-19 / 2010-03-26

Euskonews Gaztea

Gaiak: Pilotaz hizketan, Kepa Jorgerekin

LONGO, Jaione ROA, Mikel

Duranako Ikasbidea Ikastola



Kepa Jorge Azkunaga 20 urteko gaztea da. Gasteizen jaio bazen ere, Legution bizi da. Ikasbidea ikastola Institutuko ikaslea da. Esaera zaharrak halaxe dio: “kanpoko artoa etxeko ogia baino hobea”, baina gu ez gara uste horretakoak guretzat Kepa pilotaria ez baita inola ere “artoa” nahiz eta berak halaxe uste. Gure ustez Kepa “gari” hutsa da, urrezko garia. Argazkia: Kepak utzitakoa.

Nola animatu zinen pilotan aritzera?

Txikitatik izan dut gustuko pilotan aritzea; aitortu beharra daukat pilotan egiten nire aitonak erakutsi zidala, eta bera izan da, logikoa den bezala, gehien lagundu eta animatu nauena. Betidanik ibili da pilotan eta geure familian geneukan ohitura gal ez zedin erakutsi zidan jokatzen, lau urtetxo soilik nituenean.

Gaur egungo gazteek ba al daukate pilota euren gustuen artean ala zahar kontu huts bihurtu al da?

Telebistak eragin handia dauka eta etorkizunean ere izan du gai horretan. Neurri handi batean beste kirol batzuekin konparaturik nahiko minoritarioa dela uste dut. Hori dela-eta, haurrek telebistan futbola besterik ez dute ikusten eta horrek pilotan jokatzea oztopatzen du. Hala ere, badira kirol hau praktikatzen duten ume franko, baina egia osoa ere bada aspaldian askoz gehiago zirela.

Jakin badakigu pilotalekuetan ezin dela erre; halere, jendeak erretzen jarraitzen du...

Debekatuta egon arren, jendeak ez du legea betetzen eta pilotalekuetan erre ohi du. Okerrena da badirudiela hori ez dela epe laburrean aldatuko. Nik jokatzen ditudan partiden kasuan oso gutxitan izaten da jende asko niri begira, eta sor litekeen keak ez dit traba handirik egiten. Halere, pilotari profesionalen partiduetan jende gehiagok erretzen duenez, ke hori guztia ezin da izan ez komenigarria, ezta atsegina ere bertan dauden jokalarientzat. Kepa txikitan. Argazkia: Kepak utzitakoa.

Nola konbinatzen dituzu parranda eta kirola? Zaila al zaizu batzuetan parrandan ezin izatea joan?

Egia esan, oso ondo bereizten ditut kirola eta parranda, eta badakit partidak egonez gero, oso garrantzitsua dela ondo lo egitea eta nork bere gorputza zaintzea. Beraz, nire ustez ez da batere zaila bi horiek konbinatzea. Izan ere, bizitza honetan bada astia gustuko duzun guztia egiteko. Hala eta guztiz ere, aitortu egin behar dut Gasteizko jaietan partidak ditudanean oso zaila egiten zaidala parrandan joateari uztea. Inbidia, agian? Ziurrenik!

Maniarik bai frontoira irteterakoan?

Orokorrean esan dezaket ez daukadala maniarik; hala ere, batzuetan “bekatuak” esan ohi ditut, baina ez nire borondatez, ihes egiten zaizkidalako baizik. Dena den, horretan ere, neure burua kontrolatzen saiatzen naiz, eta gero eta gutxiago botatzen ditut.

Denok daukagu gure Akilesen orpazurda, pilotarion kasuan zein izango litzateke ahulgunea?

Ez da batere ona gehiegizko muskulazioa izatea. Ongi diot, ona da muskulazioa izatea, baina ez gehiegizkoa. Izan ere, larregi izateak gero eta traketsago, zarpailago eta motelagoa egiten zaitu.

Noraino iritsi nahiko zenuke pilota munduan?

Nire begiko pilotaria Aimar Olaizola da, eta noski, bera iritsi den mailaraino iristea izango nuke helburu; hala ere, badakit horrek diziplina handia eskatzen duela, baina, besterik ez bada ere, gustatuko litzaidake profesional izatera heltzea.