524 Zenbakia 2010-03-12 / 2010-03-19

Euskonews Gaztea

Gaiak: Aitor eta itsasoa

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Egunero bezala jaiki da Aitor. Iratzargailua isilarazi eta begiak erdi itxita dituela jantzi, gosaldu, bart prestatutako motxila hartu eta kalera irten da. Hotz egiten du eta dena isil dago; batez ere isil. Bere lagunek esaten dioten bezala, Aizak Axpi, kaleak ere ipini gabe egoten dituk baña hi irteten haizenerako!

Baina 25 urteko mutilak maite du bizimodu hau, betidanik itsasoaren usain gaziak barruak gozotzen dizkio eta kostaldetik aldentzen den bakoitzean faltan izaten ditu olatuak, gesala eta itsasoko brisa xamurra. Horregatik, ez zaio kostatzen gainerakoak lo dauden bitartean egunari hasiera ematea, gustuz egiten du. Argazkia: Koro Muro.

Duela hiru urtetatik erritu bera jarraitzen du: ontzira iritsi, eta sokak askatzeaz bat, egunsentiaren bila abiatzen da patroiarekin eta beste lau lagunekin batera. Aurreneko eguzki izpia baino lehen botatzen dituzte sareak; bigarren errainuarekin gosaltzeari ekiten diote –nolabait deitzearren, gorroto baitu Aitorrek sukaldariaren abilitate–eza; eta hirugarren printzarekin, ababorrera zein istriborrera ipintzen dira guztiak, zer arrantzatuko esperoan.

Ekiak eguneko inar guztiak jaurtiki ditu dagoeneko, eta arrantzaleen sareetan arrain txikiren bat edo beste harrapatuta geratu den arren, sarea uretatik atera duten bakoitzean lelo berdina errepikatu da. Eta Aitorrek zur eta lur begiratzen dio harrapatutakoari: plastikozko botilak, autoren baten gurpil zulatua, plastikozko poltsak... Kaka–zaharra! Baina egun eskasak ere egoten direla sinetsi behar hurrengo eguna ere animoso hasteko, eta Aitorren berezko baikortasunak erraztu egin dio egitekoa. Argazkia: Koro Muro.

Berarentzako horren garrantzitsua da itsasoa, ez duela ulertzen gizarteak nola tratatu dezakeen horrela altxor preziatu hura. Bertako bizitza aberatsa miresten du gazteak, hala nola, baleak edota izurdeak barkuaren uharatik horren gertu ikustea; olatuak nola sortu eta apurtzen diren erreparatzea; itsasoaren harrokeria eguraldi traketsetan, eta horren ostean iristen den baretasuna...

Itsasoa zabortegi bihurtuta; pentsamendu horrek oilo–ipurdia ipini dio eta gizartearekin haserretzeko arrazoia izan daitekeela iritzi. Baina Aitor ez da memeloa, eta jakin badaki hipokrita hutsa izango litzatekeela hala jokatuz gero. Ezen, nor dago bekatutik salbu? Nork bota dezake lehenengo harria? Arrantzaleek urteetan itsasontziko zaborra uretara bota izan dutela jakin badaki mutilak. Ados, egoera aldatu da azken hamarkadetan, Ama Lurra errespetatzearen gaineko kontzientzia handiagoa baitago. Halere, denbora igaro den arren isuritakoa ez da desagertu, eta akaso “arrantzatzen” duten hori, Aitorren aitonak egun batean bota zuen zerbait izan liteke...

Gaur, ez zaie zaborra jaso eta portura eramatea besterik geratu. Akaso egunen batean egoerak buelta emango du. Horrela izanda ere, denbora ugari pasatu beharko da sareetan harrapatuta geratzen dena gizakiaren arrastoa ez izan arte.